Jokin Altunak erabaki du Eibarren dizdirarik izan ez duen San Andres eguneko neurketa
Paper gainean partida handia izateko osagai denak zituen arren, huts asko izan ditu Astelenako norgehiagokak. Gutxienez, emozioa izan da 17-17ra arte, baina orduan aurrelari amezketarra azaldu da eta di-da batean joan dira gorriak 22ra.
Altuna III.ak eta Martijak Binakako Txapelketako lehen puntua eskuratu dute Eibarren San Andres egunez Ezkurdia eta Martijari 22-17 gailenduta. Paper gainean partida handia izateko osagai denak zituen arren, dizdirarik gabeko neurketa izan da, huts asko izan dituena, eta Jokin Altunaren azken orduko inspirazioak erabaki duena.
Hasieratik ikusi da laukoteak ez zuela bere egunik onena. Gorriak 3-0 aurreratu dira Tolosak goiko koltxoira bota dituen bi pilota eta Ezkurdiak gaur galdu dituen zortzi pilotetan lehenari esker. Eta partidako lehen tanto aipagarria urdinen 3-3koan iritsi da, Ezkurdiak ezkerrez bikain ireki duen pilota batekin.
Bazirudien hor norgehiagoka berotzen hasiko zela, Jokin Altunaren hurrengo bi tantoak ere apartak izan direlako: 4-3koa horma-biko eder batekin egina eta 5-3koa sake-bueltan gantxo bikaina gurutzatuz. Baina berriz ere hutsak iritsi dira, asko nabarmenak, eta bi bikoteak oso deseroso aritu dira, kantxan jarri ezinik eta elkar ongi ulertu ezinik.
Zorionez, akatsak bi aldeen artean banatzen joan dira, eta horrek gutxienez markagailuan emozioari eutsi dio. Abantaila aipagarrienak urdinen aldeko 7-10ekoa (Ezkurdiak boleaz txokoan egin duen tanto ikusgarri baten ondoren) eta gorrien aldeko 15-11koa (Martijak bikain atzeratutako pilotakada batekin lortua) izan dira. Baina urdinek partidan izan duten boladarik onenari esker –tartean Ezkurdiaren tanto onenekin– markagailua 17-17 berdintzea lortu dute.
Besterik ezean, Astelena pilotalekura hurbildu diren zaleak amaiera borrokatu bat ikusteko prestatu dira, baina juxtu une horretan Jokin Altuna izan da ordura arte izan ez duen inspirazio guztia atera eta di-da batean dema erabaki duena.
Jarraian egin dituen hiru erremate bikanekin 20-17 aurreratu dira gorriak, eta urdinek atsedena eskatu eta partida gelditzea erabaki dute, gainera zetorkiena ikusiz. Baina alferrik izan da: 21-17koa atzean egin dute gorriek eta partidako azkena, 22-17koa, Altunak berak horma-biko batekin.
Dizdira handirik gabe jokatu arren, Altunak eta Martijak pozik amaitu dute lehen puntua poltsikoratu dutelako. Ezkurdiari eta Tolosari, aldiz, luzea egingo zaie esperoa, ez baitute datorren asteazkenera arte jokatzen, Bergaran Irribarria-Rezustaren aurka.