INFO

Araba Bizirik plataformak Lakuak 'Tapia Legea' «maltzurki» ezarriko duela salatu du

Arantxa Tapia eta Ramiro Gonzalez Agurainen izango zirela probestuz, Araba Bizirik plataformak ekintza egin du Legebiltzarrean hartu den erabakiaren aurrean protesta egiteko. Izan ere, ez dute onartzen udalerriek erabakitzeko autonomia galtzea.

Agurainen egindako protesta. (ARABA BIZIRIK)

Araba Bizirik plataformak EAJk, Ingurumen Administrazioaren lege proiektuan Goi Mailako Interes Publikoko Proiektuen figura sartuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legea «maltzurki» aldatuko duela salatu du.

Aldaketa hori Gasteizko Parlamentuan «izan beharreko eztabaida saihestuz» lortu dela argitu du plataformak. Izan ere, atzoko saioan PNV, PSE eta Voxen bozkei esker, ‘Tapia legea’ bezala ezagutzen dena gelditzeari ezezkoa eman zion Legebiltzarrak. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP+Cs taldeek uste dute lege horrek herrien autonomia urratzen duela, eta horregatik jarri zuten ezbaian.

Araba Biziriken ustez, Lakuak ahalbidetzen du «bere irizpide bakarrarekin eta toki-erakundeen balorazioak kontuan hartu gabe, onartzen dituen proiektuak EAEko edozein lekutan kokatzea». Horregatik, gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusia eta Aldundiko Ingurumen zuzendaria Agurainen izango zirela probestuz, protesta egin dute bertan. «Ekintza honen bidez, Goi-mailako Interes Publikoko Proiektuen figura inposatzearen aurka agertzen jarraitu nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak figura hori erabiltzeak lurraldearen antolamenduari buruzko legea eta toki-erakundeek beren lurraldeari buruz hartzen dituzten funtsezko erabakiak deuseztatuko ditu», azaldu dute ekintzaileek.

Plataformaren ustez, «EAJk, PSEren laguntzarekin, bidea irekiko die lurraldetik kanpoko enpresei, natura-ondarea eta landa-eremua suntsitzen dituzten megaproiektuekin». Hala, Natura-ondarearen kontserbazioarekin sentsibilizatuta dauden pertsona guztiei dei egiten diete inposizio horien aurka egiten jarrai dezaten.

Justifikazioa egotea

Legearen harira, Gasteizko alkatea eta EUDELeko lehendakaria den Gorka Urtaranek euskal herrietan martxan jarriko diren proiektuak «ondo justifikatzea» eta udalen parte hartzea bermatzea eskatu du. Hala ere, uste du ez dela gauza berri bat, honelako planak beste gai eta arloetan aplikatzen direlako; «Auzitegi Konstituzionalak ez du herrien tokiko autonomia deuseztatzen», aipatu du.

Era berean, esan du EUDELetik herrien autonomia defendatzean ari direla lanean, baina Udalek «mahai gainean ondo justifikatuta dagoen interes publikoko proiektu bat jartzen denean» hura babestu behar dutela hain justu, interes publikokoa delako, Udalen parte hartzea kontutan hartzen den bitartean, beti ere.

Justifikazioa eskatzearekin zorrotzak izatea eskatu du Urtaranek, «trikimailuetan ez erortzeko», eta gogoratu du «batzuetan interes publikoa eremu lokalaren gainetik» dagoela.