INFO

Parekidetasunetik urrun: Merkel gabe, 25 herrialdek soilik dute emakumezko bat agintean

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak kargua uzteak emakumeek berriro ere politikan lekua galtzea ekarriko du, bai behintzat sinbolikoki. Nazio Batuen Erakundeak oroitu duenez, emakumeek bizitza publikoan parte hartzea giza eskubide bat da.

Magdalena Andersson Suediako lehen ministroa izan da emakume buruen zerrendara batzen azkena. Irudian, Antony Blinken AEBetako estatu idazkariarekin, ostegun honetan Stockholmen. (Jonathan NACKSTRAND / POOL / AFP)

16 urtez politikan paper garrantzitsua jokatu ondotik, Angela Merkelek Alemaniako kantziler izateari utzi dio. Munduko boterearen gailurrean kokatuz, hesiak hautsi ditu, eta ardurak dituen emakume sendoaren irudia indartu du gure imajinario kolektiboan. Horrek politika gizonen kontua dela dioen mitoa deusezten lagundu du. Orain, Merkel badoa eta 25 emakume gelditzen dira mundu osoan estatu edo gobernuen buru.

25 emakume agintari horien zerrendara batzen azkena Magdalena Andersson Suediako lehen ministroa izan da. Baliteke Xiomara Castrok ere Honduraseko lidergotza hartzea, bera baitoa aurrena hauteskundeetako emaitzen kontaketan. Gaur egun, emakumezkoak munduko 152 estatuburuen %5,9 baino ez dira. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) datuen arabera, gobernuburuen ehunekoa handixeagoa da, baina ez da hala ere %10era ailegatzen: munduko liderren %8,8 dira.

Parlamentuetan, %26 dira soilik

2021 honetan parekidetasunetik urrun gaude politikan, baita emakumeek munduko parlamentuetan duten tokiari dagokionez ere. Gorteen %26 bakarrik ordezkatzen dute, nahiz eta azken 25 urteetan ehunekoa bikoiztu den.

Bost herrialdek soilik lortu dute oreka. Ruanda dago buru, bere parlamentuan %61,3 dira emakumeak. Ondotik datoz Kuba, Nikaragua, Mexiko eta Arabiar Emirerri Batuak. Azkeneko lekuetan ageri dira Yemen, Vanuatu, Papua Ginea Berria, Mikronesiako Estatu Federatuak eta Kuwait. Hauek ez dute emakume bakar bat ere ganberan. Kuwaitek bakarra du.

Erritmo honetan, beste 50 urte beharko dira parlamentuetan parekidetasuna lortzeko. Estatu eta gobernuburuen kasuan, are denbora gehiago beharko da, 130 urte.

«Aldaketa martxan dago»

Baina bada pozteko arrazoirik ere. NBE Emakumeak erakundean parte-hartze eta lidergoan aditua den Julie Ballingtonek azpimarratu duenez, «emakumeak inoiz baino gehiago dira politikan» eta horrek «aldaketa martxan dagoela» frogatzen du.

Aldaketa honetan zerikusi handia izan du Merkelek. Bere lorpenik handienetako bat munduko botere zirkulu itxienetan emakume bat egotea naturala dela ikusaraztea izan da. Ballingtonen arabera, badira motibo ezberdinak, ongi definituak, politikan emakumeak falta izatea azaltzen dutenak. Horietako bat jokaera ereduen gabezia da. Horrek karrera politikoak ikasteko grina zapuzten die neska gazteei.

NBEko kideak Europa Pressi emandako elkarrizketa batean adierazi duenez, emakume agintariek ez dute kontu publikoetan gizonezkoek bezala parte hartzen egiturazko harresiak daudelako. «Kanpainak aurrera eramateko baliabideak lortzeko aukera gutxiago dituzte emakumeek. Gainera, alderdietako buruen aldetik erresistentzia handiagoa izaten dute. Hauek ez dira prest agertzen irabazteko aukerak dituzten hautagai eta lider bezala dituzten abileziak onartzeko».

Traba ugari

Bada oztopo gehiagorik: emakumeen lidergotza babesteko borondate politiko faltak beren parte-hartzea eta segurtasuna trabatzen ditu. «Horrek genero estereotipoak indartzen laguntzen du eta, aldi berean, aldaketa mingarriki motela izatea egiten du», erran du Julie Ballingtonek. Ondorioz, «mundu guztiak sufritzen du: instituzioak ez dira benetan inklusiboak eta ez dute jendartea ordezkatzen, eta garapena mantsotu egiten da».

Indarkeria matxista ere traba da politikan parte hartzeko. Nazio Batuen agentzia, antolakunde sozial eta ikerlari batzuen arabera, politikan parte hartzen duten emakumeak generoagatiko eraso gehiago jasateko arriskuan daude. Halaber, ahotsa altxatzeagatik eta iritzi politiko bat izateagatik seinalatzen dituzte. «Kasurik muturrekoenetan bere bizitzarekin ordaindu dute», agertu du NBEko adituak.

«Giza eskubide bat da»

«Emakumeek mundu publikoan parte hartzea nazioarteko marko sendo batek bermatutako giza eskubide bat da», esplikatu du. Dioenez, gobernuek paper garrantzitsua jokatzen dute, baina jendarteak ere «ardura kolektibo bat» du genero arauak eraldatzeko eta emakumeak lider politiko legitimo gisa hartzeko, gizonak bezala.

Kuotak eta antzeko estrategiak lagungarri izan daitezkeela uste du. «Ongi diseinatuak badaude eta zuzen aplikatzen badira, emakume kopurua handitzeko eragingarriak direla frogatu da, ez soilik politikan».

NBEko datuek diotenez, legezko kuotak ezarri dituzten 84 herrialdeetatik (%44) batez beste %26ko emakume kopurua dute parlamentuetan. Kuotarik ez duten herrialdeetan, berriz, %21koa da zenbakia.

Lidergo «eragingarri eta erabakigarria» pandemian

Covid-19aren izurritea aukera ona da emakumeen lidergotza baloratzeko. Zeelanda Berriko lehen ministroa, Jacinda Ardern, bere kudeaketagatik nabarmendu da, adibidez. Ballingtonek azaldu du izurria «azterketa bat» izan dela munduko buru guztientzat «konfiantza eraikitzeko eta enpatia erakusteko bizitza mehatxatzen zuen testuinguru batean erabakiak hartzen zituzten bitartean».

NBEren ikerketa batek frogatzen du emakume agintariek «maila guztietan» erantzun ziotela pandemiari «modu eragingarrian». Behatutako joeren artean, herritarrekin «modu zuzen eta erregularrean» komunikatzen zirela aipa daiteke, baita «lasaitasuna» eta «enpatia» transmititzen zituztela ere.

«Komunikatzerakoan inklusiboak izan ziren, haurrei zuzendu zitzaizkien, adibidez, eta beldurraz hitz egin zuten», azpimarratzen du lanak. «Presidente eta lehen ministro gizonekin konparatuta, gerrari buruzko metafora agresibo gutxiago erabili zituzten, gehiago heldu zieten herritarren ongizateari lotutako kezkei, etxe barruko indarkeria matxistari kasu, eta modu enpatikoagoan eman zuten pandemiaren ondorioen berri».

Gainera, eritasunaren zabalkundea gelditzeko «azkarrago» hartu zituzten neurriak, eta «erabakitasun handiagoz». Errate baterako, lehenago eta maizago jarri zituzten martxan proba masiboen programak.

Sozialki inklusiboagoak ziren politikak lehenetsi zituzten. NBE Emakumeak erakundearen arabera, covid-19aren eragin ekonomiko eta sozialei aurre egin zieten politiken alde egin zuten, inpaktu horiek bereziki talde sozial zaurgarrienak kolpatu zituztela kontuan hartuz.

Ekimenen artean, etxerako elikagaiak eta bertze oinarrizko gai batzuk banatu zituzten, eta emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko finantziazio gehigarri bat eman zuten.

Ballingtonek argi du zenbat eta emakume gehiagok bete erabakiak hartzeko postuak, erabaki horiek «inklusiboagoak» direla, «ahots ezberdinak aditzen direla» eta «soluzio desberdinak sortzen direla».