INFO

Emakumezkoen futbolaren «jaialdia» antolatu du Alavesek aste osoko egitarau zabalarekin

Hurrengo larunbatean, hilak 19, Alavesek Levanteren aurka jokatuko duen partida Mendizorrotzan izango dela probestuz, aste osoko egitaraua ateratu du klub babazorroak, aste guztian zehar emakumezkoen futbolari garrantzia emanaz. 

Alaveseko jokalariak gol bat ospatzen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Alavesek ekitaldiz beteriko astea iragarri du. Lehen Mailan estreinakoz ari den emakumezkoen taldea egiten ari den denboraldi ikusgarria probestuz, emakumezkoen futbola sustatu asmoz, egitarau aberatsa antolatu du klub babazorroak. Astelehenean hasi eta igandean Mendizorrotzan (17.00etan) jokatuko den Alaves-Levante partida interesgarriarekin bukatuko da "Gloriosas astea". 

Partida interesgarria diogu sailkapenean nahiko gertu dauden taldeen arteko lehia izango delako. Ezustekoa ematen ari da Alaves baina jada 12 jardunaldi jokatu diren honetan laugarren sailkatua izatea ez da kasualitate hutsa. Levante, pasa den urtean hirugarren geratu zena, zazpigarrena da, 18 punturekin, babazorroek baino 3 puntu gutxiago –RFEF logoa elastikoan ez eramateagatik, Federazioak hiru punturekin zigortu zuela ohartarazi behar da–. 

Dena dela, hori igandean izango da eta motorrak berotzen astelehenean hasiko da Alaves. Egun horretan, 11.00etatik aurrera, jarriko da denen ikusgai iazko denboraldian taldeak irabazitako Bigarren Mailako garaikurra. Baskonia-Alaves Store gunean egongo da ikusgai eta horrekin batera, denboraldi historiko horretako argazki galeria bat ere ikusi ahal izango dute zaleek. 

Gainera, egunarekin bukatzeko 19.30etatik 20.30etara bitartean "Egun bat babazorroekin" ("Un día con las Gloriosas", gazteleraz) mahai-ingurua jasoko du Europa Biltzar Etxeak. Bertaratzeko, aurretiaz izen eman beharko da edukiera mugatua dela-eta. 

Astearteari dagokionez, Europa Biltzar Etxean emakumezkoen futbolaren inguruko jardunaldiak egongo dira. Arratsaldez izango dira, 18.30etatik aurrera; lehendabizi "Emakumezkoen futbolari buruzko jardunaldi teknikoak" izenburu duen hitzaldia egongo da eta emakumezkoen euskal futbolaren inguruko egoerari buruz eztabaidatuko da. 

Asteazkenean, hitzaldi-aretoetatik futbol zelaira egingo du jauzi egitarauak. Jose Luis Compañon kirol-instalakuntzetan 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat teknifikazio saioak eskainiko baitituzte Alaveseko jokalariek. Bi ordu tartetan eskainiko dituzte, 17.30etatik 18.30etara lehenengoa eta 19.00etatik 20.00etara bigarrena. 

Sinadurak, azken entrenamendua eta kontzertua

Ostegunean atseden hartu ostean, ostiralean sinaduren ordua izango da. Alaveseko jokalariak Baskonia-Alaves Store gunean bilduko dira zaleei sinadurak eman zein argazkiak ateratzeko. Hala, Levanteren aurkako neurketaren aurretik jokalariak animatzeko aukera ere izango dute zaleek. 

Ez da izango jokalariak animatzeko azken aukera, izan ere larunbatean ateak irekita egingo dute asteko azken lan saioa Ibaiako Jose Luis Compañon berdegunean. Eta horren ostean bai, horren ostean iritsiko da igandeko partida (17.00etan). 

Giroa berotu asmoz, 15.30etan "Moni Garage" talde gasteiztarrak kontzertu bat eskainiko du Mendizorrotzan bertan, zaleak gerturatu ahala zuzeneko emanaldiarekin gozatu eta jokalariek azken hauspoa hartu dezaten.