INFO

Eskubide murrizketak salatu dituzte Osakidetzako garbiketa azpikontratetako langileek

Osakidetzako garbiketako azpikontratetako langileak mobilizatu egin dira Donostiako Ospitalean eskubideen murrizketaren aurka. Negoziazio mahaiak 38 bilera egin ditu eta enpresen jarrera salatu dute sindikatuek.

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuetako langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute, Donostiako ospitalean. (LAB sindikatua)

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzako garbiketa azpikontratetako langileak eskubide murrizketaren aurka mobilizatu dira ostegun honetan Donostia Ospitalean. Abenduaren 2an Bizkaiko Gurutzetakoan mobilizatu ziren eta 15ean beste horrenbeste egingo dute Txagorritxuko Ospitalean, Gasteizen.

Azaldu dutenez, Osakidetzako garbiketako azpikontratetako langileek homologatuta dituzte euren lan baldintzak. «Honen arabera, azpikontratetako langileek Osakidetzako garbitzaileen baldintza berdinak izan behar dituzte, baina enpresek ez dizkiete azpikontratatutako langileei Osakidetzako garbitzaileek 2015etik hona izan dituzten hobekuntzak onartu nahi», salatu dute sindikatuek.

Negoziazio mahaiak 38 bilera egin ditu, eta dagoeneko enpresen borondatea zein den «argi geratu» da sindikatuentzat: «Homologazioa kendu nahi diete langileei. Homologazioa galtzeko arrisku larrian daude. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi zuten, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langileentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab».

Sindikatuen arabera, enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan. «Homologazioak ez du esan nahi soilik Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien soldata igoera berberak izatea. Homologazioa askoz gehiago da, osagarri berberak, lizentzia berak, lanaldiak luzatzeko aukera berberak, erretiratzeko erraztasun berberak eta abar izatea esan nahi du», nabarmendu dute.

Langileei dei egin diete hurrengo mobilizazioetara batzeko «argi eta garbi esatera homologazioa ez dela ukitzen».