INFO

Santo Tomaseko feriari buruz erabakitzeko alkateekin bilduko da Lakuako Osasun saila

Bilboko eta Donostiako alkateak Lakuako Osasun saileko arduradunekin bilduko dira gaur Santo Tomaseko feriari buruzko erabakia hartzeko. Pandemiaren bilakaera dela eta azoka hau bertan behera gelditu daitekeen susmoa zabaldu da azkenaldian.

Pandemia aurreko Santo Tomaseko feria Donostian. (FOKU)

Lakuako Osasun saila ostegun honetan bilduko da Donostia eta Bilboko alkateekin (Eneko Goia eta Juan Mari Aburtorekin) Santo Tomaseko feriaren inguruan elkarrekin erabaki bat hartzeko asmoarekin. Bilera horretan Eudeleko ordezkariak ere izango dira. Pandemiaren bilakaera dela eta azkenaldian azoka hau ospatzea komenigarria den ala ez eztabaidatu da azkenaldian.

«Argi dugu guk zein den egoera», aurreratu du Lakuako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Donostiako Udalak aurten Santo Tomaseko feria berreskuratuko zela iragarri zuen. Gauza bera egin zuen danborradarekin. Dena den, pandemiak azken asteotan izan duen hazkundearekin asmo hau ezerezean gelditu daitekeen susmoa hedatu da. Izan ere, Donostian intzidentzia metatua 834 puntukoa da.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Santo Tomasi buruzko erabakia Donostiak eta Bilbok elkarrekin hartuko zutela azaldu zuen Goiak. Gaur edo bihar ospakizunaren jarraipenari buruzko erabaki bat hartuko dela zabaldu da.

Lakuako Gobernuak udalen eskuetan utzi du gisa honetako azokak edo bestelako ospakizunekin aurrera jarraitzeko edo bertan behera uzteko erabakia. Dena den, azkenaldian pandemiak okerrera egin du. Zumarraga eta Urretxuko Santa Lutzi azoka bertan behera utzi zuten.