«Zer dauka zu bezalako tipo batek munduari kontatzeko?»
Martin Artola, 30-35 urte bitarteko bertsolari gipuzkoarra, bizi izan gabeko egoerei potolokeriatik kantatu behar izan diena, Bere lehen finalera bidean. Dena du zalantza, egonezin, kokatu ezin. Beñat eta Unai Gaztelumendik belaunaldi baten zati baten ahotsa ekarri dute «Bidea da borroka» komikira.
Martin Artola, 30-35 urteko gizon gipuzkoarra, bertsolaria. Gaztea izan zen. Oholtza gainean ikusi du hazten herriak. Diskurtso propio bat eduki aurretik ja diskurtso bat eskatzen zitzaion, bere azalean bizi izan ez zituen egoerei kantatzeko esaten zitzaion plazan. «Horrek tentsioa sortzen du, egiten duzun horri etengabe funtzio bat topatu beharra. Pentsatzen dut lan guztietan gertatzen dela, baina bertsolaritzan nabarmenagoa da, kanpora begira ere esan egin behar duzulako zein funtziorekin ari zaren».
Unai eta Beñat Gaztelumendik belaunaldi baten parte baten bizipenak, kezkak, ezin kokatuak kontatu dituzte Martin Artola pertsonaiaren eta bere lagunen bitartez “Bidea da borroka” komikian. “Bertsolari” aldizkariak 2015. urtean abiatu zuen bidean laugarren komikia da. Bertso munduaren bueltan kokatzen diren pertsonaiak dira, baina beste mundu batzuetara estrapolatzeko moduko bizipenekin.
Eta hor doa Martin Artola lehenengoz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzera, Barakaldoko BECera. Eta errepidean osatzen duen bidearen parean bere bizitzaren ordura arteko bidea egiten du buruan. «Unai eta biok bertso munduan hazi ginen, bertso mundutik gure belaunaldiko beste edozeinek bizi dituen gauzak bizi izan ditugu eta saiatu gara horiek Martin Artolaren pertsonaiari transmititzen. Euskal Herriko gatazka izendatu den horren alor zehatz batean jaioa da, gerra hizkera batean hezia, dena eraikia zegoenean jaio zen –bera jaio zenerako hor zeuden ikastolak, euskalgintzako erakunde gehienak, gaztetxeak, musika talde erreferentziazkoenak– horien ondoren eta berandu samar jaio izanaren sentsazioa dauka eta bere bizitzari epika horren baitan topatu nahi dio zentzua. Bere ekintzak beti horrelako funtzio handiago baten baitan kokatzen saiatu izan da eta gertatu zaiona da heldu dela helduarora eta epika hori eta bera hazi zen testuingurua aldatua, bukatua edo beste epika edo testuinguru batzuekin nahastua geratu dela. Hori da komikian kontatzen dena», azaldu du Beñat Gaztelumendik.
Euskal Herrian gertatu den testuinguru aldaketa hori kontatu dute Gaztelumendi anaiek bertso mundutik begira jarrita. «Gure garaiko jende gehienak bizi izan du testuinguru aldaketa hori. Esaten da Euskal Herrian epika hori galdu egin dela, nik uste dut epika horiek aldatzen ari direla eta epika horien erdian ez gaudela gu. Horrek sortzen dio Martin Artolari posizioa galtzeko beldur bat, angustia bat», jarraitu du Beñatek.
Komikian Martin Artolaren kezkak eta bizipenak kokatzen oso lagungarriak dira bere lagunak, alboko pertsonaiak. Urko Martinen lagunik onena da. «Ez da batere bertsozalea, ez da euskal mundu batekoa, baina beti bere ondoan dagoen laguna da. Militantzia politiko handiko pertsonaia da, 80ko hamarkadaren nostalgia handia duena. Bere bidez kontatzen dugu gure garaiak 80ko hamarkadarekin daukan harreman hori. Arriskutsua da 80ko hamarkadatik gaur egungo mundua irakurri nahia, ez dutelako bat egiten errealitateek», azaldu du Unaik.
Ekhiñe Martinen eta Urkoren txiki-txikitako laguna da, bertso eskolan haiekin batera hasi zena. «Bertso eskolako taldetasun hori gauzatzen den momentutik kanporatu samarra dago. Bertso eskolan bertso onak botatzen dituenean behar adina ez zaizkio txalotu eta jolasera joaten direnean, jolasetik kanpo gelditzen da», zehaztu du Beñatek.
«Hau egiten ari ginenean justu Gipuzkoako aurreko txapelketako garaia zen eta asko aipatzen zen bertsolaritzan gizon eta emakumeen kopurua antzekoa dela 16-18 urtera arte eta nola une batean emakume askok utzi egiten duten. Askotan enfokatu izan da gaia zergatik uzten duten ulertu nahi horretara. Eta guk kontrakoa egin nahi genuen, hau da, emakume horiek bertso eskola uzten zuten bitartean, zer zen gu egiten ari ginena? Ekhiñerekin hori kontatu nahi izan dugu».
Sara Martinen kantukidea da, plaza asko egiten dituzte elkarrekin. «Sarak Martin aguantatu behar izaten du beti bere arazoak kontatzen, bere kokatu ezin hori jasaten. Sarak laguntzen dio hankak lurrera ekartzen eta erakusten bere arazoak ez direla hainbesterainokoak. Une batean Sarak esaten dio Martini mundua ez dagoela berak bere pribilegioak uztearen inguruan eraikia, lasai egoteko. Azken finean, zer dauka zu bezalako tipo batek munduari kontatzeko? Sentsazioa da gauza garrantzitsu guztiak beste toki batzuetan gertatzen direla. Ba guk orain kontatzeko daukaguna hauxe da. Martin Artolak ez du asumitzen ezer interesgarririk ez izatea kontatzeko. Hor dago borrokan», azaldu du Unaik.
Lan honen atzean aldarrikapen xume bat sumatzen da; edonoren bizitza dela komiki batera eramateko modukoa. Gaztelumenditarrek Zerocalcare sortzaile italiarra aipatu dute begiratzeko moduko ispilu bezala. Beñat Gaztelumendik aitortu duenez, anaiaren gomendioari esker deskubritu du marrazkilari hori eta izugarri gustatu zaio. «Sorkuntzari buruz oso modu errealistan hitz egiten du eta guk ere hori egin nahi genuen. Gainera, erakusten du bizitza normal samar bat ere izan daitekeela komiki baterako gai».
Azkenik, Iparra Martinekin eta Ekhiñerekin umetan bertso eskolan hasitako laguna da. «Berez ez da bertsozalea, gehiago da sorkuntzara bideratu nahi duen pertsona bat bertso eskola bakarrik aurkitu zuena sorkuntza prozesu hori taldean bizitzeko espazio bezala. Momentu batean bertsolaritzarekin haserretu egiten da, literatura idatziaren mundura jotzen du, haserretu egiten da Martinekin etengabe… baina aldi berean badauka puntu bat euskalduntasun atabiko arraro batekin lotzen duena. Nahiko pertsonaia kontraesankorra eta berezia da Iparra», jarraitu du Beñatek.
Epika berriak
Epika berrien inguruko gogoetak pizteko garaia izan daiteke bizi dugun hau. «Sara, adibidez, oso pertsonaia epikoa da, baina ez duela hamar urte ulertzen genuen moduan, beste epika bat dauka. Martinek etengabe bere burua biktimizatu egiten du, ematen du galtzailea beti bera dela, posizio txarrenean dagoena beti bera dela. Komikiaren amaieran Sarak protagonismo handia hartzen du eta Sara kontrakoa da; segur aski posizio desberdinean, toki okerragoan dago baina jarrera erabat baikorra dauka, eraikitzetik ari da, ilusiotik. Desberdintasun hori markatu nahi izan dugu. Umiltasun ariketa bat da ikustea ez zarela zu munduaren zilborra, badagoela jende bat posizio deserosoetan dagoena baita ere eta jende horri entzutea dela orain tokatzen dena, jende horri posizio bat uztea», esan du Beñatek.
Izan ere, komikian «pribilegioak utzi beharraren» trantzea irudikatzen da nolabait. «Askotan pribilegioez eta posizioez abstraktuan hitz egiten dugu. Esaten dugu, utzi zure pribilegioak, baina zeintzuk dira pribilegio horiek zehazki? Komikian saiatu gara erakusten neurri batean. Gizonen posizioaz abstraktuan ari zarenean ez da ezer gertatzen, baina zuri buruz ari zarenean gauza gehiago mugitzen dira. Horrekin saiatu gara, gauzak konkretura ekartzen», zehaztu du Beñatek. Eta Unaik, gaineratu. «Asko hitz egiten da, baina beti gizonei buruz hizketan amaitzen dugu, gizona nola kokatzen den. Bertsolaritzan ere beti horri buruz hizketan amaitzen dugu. Komikiak horri buruz ere badihardu; utzi zure pribilegioak behingoz, baina ez eman hainbeste garrantzi pribilegioak utzi izanari. Ez da hain garrantzitsua egiten duzun oro».
Garai arrotzean jaio izana
Bere zalantza eta ezin kokatu horretan, Martin Artolak badauka beste sentsazio gazi bat: garai arrotzean jaio izanarena. Aurreko belaunaldiek hainbeste ahalegin egin ondoren, bere belaunaldia pipak jaten irudikatzen du, ekarpenik egin gabe.
«Nik askotan pentsatu dut gu hazi gaituztela bizitza baterako balio eta erreferentzia jakinekin. Balio jakinetan hazi gaituzte, gure inguruak miresten zituenak, eta helduarora iritsi garenean, lan mundura sartzeko garaia iritsi zaigunean, horiek guztiak krisian daude, zalantzan. Gure gurasoen belaunaldia baino oparotasun handiagoan biziko bagina bezala hezi gaituzte eta lan mundura iritsi garenean, dena da krisia. Gutaz espero zuten guztia eta guk gutaz espero genuen guztia lortzen ezinezkoa dela sentitu izan dugu».
Lan munduari begiratuz, sortzailearen prekaritatea ere bistaratzen da komikian. «Hor ere kostatu egiten zait kokatzea. Kulturatik bizitzeko hautua egin duena beti egongo da posizio deseroso batean. Baina, aldi berean, plazan dabilen pertsonak badauka mikrofono bat, badauka zilegitasun bat gauza batzuei buruz hitz egiteko. Prekaritate ekonomikoa badago, baina horren ondoan badaude aldeko beste arlo batzuk. Hor kokatzen ez dut asmatu. Justu gidoia idazten ari nintzenean piztu zen eztabaida pandemian, saioak erortzen hasi zirelako eta bertsolari batzuk doan hasi zirelako bertsotan. Bertsolariaren funtzioa ere bada une batean jendearen ondoan kokatzea. Bertso mundutik bizitzea eskubide bat al da? Egiten duzun horregatik duin kobratzea bada eskubide bat, baina herri honek eduki al ditzake 300 bertsolari hortik bizi direnak? Eztabaida zaila da», esan du Beñatek.
“Bidea da borroka” komikigintza gorako bidean dagoen unean dator. «Lehen esaten nuen euskal komikigintzaren onena zela ateratzen zen guztia erosteko modua zenuela. Orain zalantzak ditut. Askotan komikiari goitik beherako begirada egin izan zaio, gure inguruan ez da begi onez ikusi den genero bat, mangarekin lotu izan da eta infantilizazio handi samarra jasan du. Badira urte batzuk gora egiten ari dela; “Xabiroi”, “H28”… komikilari oso onak sortu dira Euskal Herrian eta genero bezala prestigio bat irabazten ari da. Komiki bakoitzarekin irakurlea hezten ari gara eta hori interesgarria da», iritzi dio Unaik.