INFO

Kontzertuak eta ikuskizunak, Zama Doinuz Arindu jaialdiaren zazpigarren edizioan

Amak, Bulego, Zelanda, Onki xin, McOnak eta Modus Operandi bezalako taldeek osatuko dute Zama Doinuz Arindu ekimenaren aurtengo kartela. Baina baita ere Antton Telleria edo Mirari Martiarena bakarrizketariek. Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean egingo dute, urtarrilaren 16an.

Bulego taldea Durangoko Azokako eszenatokian. (Marisol RAMIREZX/FOKU)

Etxarriko Sarek eta presoen senide eta lagunek antolaturik, berriz ere Euskal Herriko abeslari, talde eta bakarrizketari ezagunek Zama Doinuz Arindu ekimenean parte hartuko dute urtarrilaren 16an.

Nahiz eta iazko edizioa internet bidez jarraitu behar izan zen, urte hasierako elkartasun ekimena bihurtu da dagoeneko Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean egingo den Zama Doinuz Arindu ikuskizuna.

Amak, Bulego, Unidad Alavesa, Lehiotikan, Zelanda, Onki Xin, McOnak eta Modus Operandi bezalako izenek osatuko dute ekimenaren aurtengo kartela. Gainera, Antton Telleria, Mirari Martiarena, Joxe Aldasoro eta Nerea Arriola bakarrizketariek parte hartuko dute.

Antolatzaileek ohar baten bidez azaldu dutenez, azken sei urtetako arrakasta ikusita, Etxarri Aranazko Sare Herritarra eta bertako presoen senide eta lagunek berriz ere Zama Doinuz Arindu VII. ediziorako animatu dira. «Nahiz eta bizi dugun egoera zaila den oso, aurrera egin nahi dugu Zama ekimenarekin», esan dute.

Gaineratu dutenez, «aurrera egin beharra daukagu, urratsak eman direlako azken urtean, baina oraindik orain urrunketak eta oro har salbuespenezko espetxe politikak indarrean jarraitzen dutelako. Zama arintzeko beharra haundia da».

Hala, azpimarratu dute garbi dutela zien izango den mezua: «Gatazkak oraindik orain itxi gabeko ondorioak ditu. Espetxe politika anker honek giza eskubideak urratzen ditu. Konponbiderako denak gara giltza. Motxila horren zama, zentzu guztietan, arintzeko ariketa da Zama Doinuz Arindu kontzertu-ikuskizuna».

«Injustizia handi hau» pertsona gutxi batzuen bizkarrean soilik erori ez dadin, pisua «denon artean» eraman behar dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Bestalde, urrunketarekin amaitu behar dela gehitu dute, bai eta salbuespen legediarekin, «etxerako bidea egin dezaten behingoz euskal preso guztiak».

«Bitartean zama arintzen segituko dugu. Azken sei urtetan bezala kartelarekin oso pozik gaude antolakuntzatik. Berriz ere lehen mailako musikariak dauzkagu gure artean. Aldez aurretik eskerrak eman nahi diegu parte hartuko duten guztiei», adierazi dute antolatzaileek.