INFO

Ludo Docx, Donapaleun erroturiko flandriar euskaltzalea zendu da

70. hamarkadaz geroztik Donapaleun errotu zen Ludo Docx apaiz eta irakasle flandriarra zendu da. 25 urtez Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta antolatu zuen bere sorterrian. Horretaz gain frankismoaren garaitik Flandriara heldutako euskal herritarren bizipenak gertutik ezagutu zituen.

Ludo Docx Euskal Herriarekin lotura handia izan zuen apaiza eta irakaslea zendu da.

1933ko apirilaren 11n Berlaaren (Vlaandere), Flandrian, sortua, Ludo Docxek Lovainako unibertsitatean pedagogia eta psikologia ikasketak egin zituen.

Apaiztu ondoren Anberesen jardu zuen irakasle moduan ete bere lanbideari esker lotura egin zuen 70. hamarkadaz geroztik ikastolen mugimenduarekin.

Hordago argitaletxearen eskutik ‘Euskaldunok Flandretan’ eta ‘Diksmuide 1973’ izeneko liburuak argitaratu zituen, Mikel Asurmendi kazetariarekin ‘Argia’n izandako elkarrizketa honetan oroitarazi zuenez.

«1973an, Diksmuiden, topaketa erraldoi bat burutu zen europar herri gutxituen alde eta frankismoaren aurkako borrokan hildako ETAko gudarien aldeko omenaldi izugarri bat burutu zen halaber. Telesforo de Monzonek hitzaldi bat eman zuen, baita Euskadiko egoerari buruzko mahainguru bat burutu ere. Liburuxka horietan biltzen zirenn ekitaldi hartan bizitakoak», azaldu zuen solasaldi horretan aspalditik Donapaleun erroturik zen irakasleak.

Euskal herritarren eta flandriarren arteko loturak aspaldikoak direla azalduz, Diksmuide herria «flandriarrontzat euskaldunon Gernika da» nabarmendu zuen.

Euskara ikasi zuen Lazkaon

Hizkuntzaren aldeko lan eskerga egin zuen Ludo Docxek eta horrek beste aukera bat eskaini zion Euskal Herriarekin eta, bereziki, ikastolen mugimenduarekin lotura egiteko.

«Gure belaunaldia unibertsitateko ikasketak erabat neerlanderaz egin ditugun lehena da. Flandrian gurea da hizkuntz ofiziala, frantsesa ez da ofiziala», adierazi zuen 1988an Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskaldundu zen apaiza.

1973an etorri zen lehen aldikotz Euskal Herrira eta bi urte beranduago Flandriatik Ikastolentzat (FLIK) elkartearen sorreran parte hartu zuen.

Donapaleu herrian Flandriako etxea kudeatu du urte luzetan. Horretaz gain 25 urtez Ipar Euskal Herriko ikastolentzat laguntza biltzeko antolatu zuen Flandrian.

Seaskak oharra plazaratu du hilberriaren laguntza eskertzeko

Seaskak hilberriak eginiko lana nabarmenduz oharra plazaratu du. Ipar Euskal Herriko ikastolen konfederazioak zehaztu duenez «Flandrian antolatzen ziren besten bidez sosa bildu eta ondotik Flandriar lagunak udan, ikastolen eraikuntzak auzolanean laguntzera» etortzen ziren Ludo Docxek martxan emandako ekimenaren bidez.

«Amikuzeko ikastola anitz lagundu zuen, eta garai gogorrak bizi izan zituen» gehitu du Seaskak hala nola «Prefetak lehen maila idekitzea debekatu zuenean, hainbat mobilizapen antolatu zirenean».