INFO

Moralki bikain etorriko zaion garaipen bortitza lortu du Bidasoak Pfadiren kontra (23-37)

Lehenengo zatian 0-3 eta 0-4ko bi partzialekin ireki dute aldea markagailuan irundarrek, eta hurrengo 30 minutuek ez dute kolorerik izan, hurrengo fasean egon ahal izateko garaipen garrantzitsua lortuz.

Kauldik minutu ugari izan ditu Pfadiren kontra eta oso eroso aritu da zumaiarra. (Jon URBE/FOKU)

Behar zuen Bidasoa-Irunek honelako garaipen erraza. Astearte honetan Pfadi Winterthurri jipoi handia eman diete irundarrek (23-37), EHF European Leagueko multzo fasean laugarren puntua eskuratuz eta hurrengo fasea gertuago utziz. Oraindik partida asko falta dira, baina gaurko aurkari zuzena atzean utzi dute gipuzkoarrek.

Bidasoa-Irun covidak eragindako ‘arazoekin’ jokatu du Suitzan. Bi aste geldirik egon beharra jokalarien fisikoan eragina izan du. Aurreko bi partidetan ikusi zen, eta gaur, hasieratik, Jacobo Cuetararenek ez diote intentsitateari garrantzia asko eman nahi izan.

Defentsan oso ondo aritu dira lehen zatian irundarrak, eta erasoan asmatu egin dute. Gainera, Xoan Ledo atezainaren geldiketek –hamarrekin amaitu du partida– markagailuari eutsi diote momentu askotan.

Lehenengo minutuak oso parekatuak izan dira. Etxeko taldea 2-0 aurretik ipini da Freivogel eta Tynowskiren golei esker. Hala ere, Kauldik eta Caverok, honek penaltiz, berdinketa ipini dute segituan. Tartean, Ledok bere lehen geldiketa egin du.

Hiruna ere berdindu dute zazpigarren minutura iritsi aurretik, baina momentu horretan gipuzkoarrek partidako lehen kolpe gogorra eman dute. 0-3eko partzial bati esker -Dariel Garciaren bi golekin–, 3-6a ipini dute markagailuan, eta horrek Pfadi Winterthurreko entrenatzailearen hutsartea behartu du.

Jacobo Cuetarak Julen Nieto gaztea eta Julen Aginagalde esperientziadun jokalariak sartu ditu pistan, eta oso ondo atera zaio asturiarrari. Nietok 5-8koa egin du eta Aginagaldek 7-10ekoa. Gainera, Xoan Ledoren hirugarren geldiketa ostean, Azkuek 7-11koa egin du.

Hiruzpalau goleko aldearekin jokatu du momentu horretatik aurrera Bidasoak. Pfadiko Sidorowiczen gol ederra ostean (9-12), Cuetarak hutsartea eskatu du. Hasiera batean ez zaio ondo atera, hurrengo jokaldian baloia galdu baitute irundarrek, baina ondoren etorri da Bidasoaren bigarren kolpea. Pecorarok 10-12koa egin du, baina 0-4ko partziala lortu dute gipuzkoarrek (10-16), azkenean 12-17 joateko atsedenaldira.

Bigarren zatian, kolorerik ez

Bost goleko alde hori ez zen nahikoa, baina egia esateko, bigarren zatiak ez du kolorerik izan. Suitzarrek marakgailua txuku du ahal izan dute, Cuetarak aulkia mugitu eta ga<teak sartu dituelako pistara, atea hutsik utziz, eta hor etorri dira etxekoen gol batzuk.

Ordurarte, Bidasoa jaun eta jabe izan da. Pfadiko jokalariak ideiarik gabe aritu dira erasoan, eta gainera Freivogelen bi minuturako kanporatzeak eragin handia izan du. Irundarrek ederki aprobetxatu dute egoera hori eta 14-27raino alde egin dute.

Cuetarak bere jokalari titularrak zaindu nahi izan ditu eta gazteei aukera eman die. Hala, hortxe aritu dira aldi berean Eneko Furundarena, Julen Mujika eta Julen Nieto. Ausart aritu dira hirurak, nahiz eta baloiren bat edo beste galdu ere etxekoen golen bat sortaraziz.

Baina garaipena aspalditik lortuta zegoen eta Xoan Ledok bere atetik hiri gol sartu ditu, etxekoak atezain gabe aritu baitira minutu askotan.

Laburbilduz, Bidasoa-Irunek morala betetzeko garaipen bikaina lortu du astearte honetan. Inozi baino hegiago bizirik dirau EHF European Leaguen eta hurrengo faserako pauso txikia eman du. Kontuan izan behar da lehenengo lauak sailkatzen direla. Ostegunean beste pausotxo bat emateko aukera izango du Wisla Plocken etxean (18.45).

PARTIDAKO FITXA:

Pfadi Winterthur: Wipf, Ott, Osterwalder (2), Pecoraro (2), Dechow, Sidorowicz (2), Jud (5, 4 de pen.), Bram, Freivogel (2), Hadj Sadok, Shamir (1), Lioi, Jurca, Lagerquist (1), Tynowski (3), Schondfeld (5).

Bidasoa-Irun: Ledo (3) (Sierra), Zabala (4), Victor, Tesoriere (1), Da Silva, Aginagalde (3), Kauldi (4), Adrian (3), Ugarte (4), Cavero (2), Leo Renaud, Azkue (7), Furundarena (1), Dariel Garcia (1), Nieto (1), Mujika (3).

Epaileak: Christian Hannes eta David Hannes (Alemania). Bi minutu kaleratu dituzte Freivogel, Mujika, Tesoriere eta Aginagalde.

Markagailua bost minutuero: 3-4, 3-6, 7-10, 8-11, 11-15, 12-17 (atsedenaldia) 14-19, 14-23, 15-29, 15-33, 19-36 eta 23-37.

Gertakariak: EHF European League txapelketako multzo faseko bosgarren jardunaldiko partida, AXA Arenan jokatutakoa.