2019an Galatasarayren kontra erdizka geratu zen balentria osatu nahi du orain Gernikak
«Talde jokoa», «guztion artean lortutako balentria» eta halakoak esanagatik, Çukurovaren aurka pilaturiko 24 puntuko abantaila inork ere ez du uste nahikoa izango denik. «Turkiako partida beste kontu bat izango da», diote guztiek.
Zeinek pentsatu behar zuen Lointek Gernika Bizkaiak halako egurrik emango zionik asteazken gauean Çukurova talde turkiarrari? 83-59, alajaina! Bigarren laurdena izan ezik, beste hirurak eraman zituen talde bizkaitarrak, zein eta Emakumeen Eurocupeko sailkapen ligaxkan hirugarren errekor onena egin duen taldearen aurka!
«Hunkituta gaude. Inork ere ez zuen halakorik espero», onartu zuen Marta Alberdi Gernikako bertako jokalari gazteak partidaren amaieran. «Bagenekien dena ematera atera behr ginela, aurrean talde oso gogorra geneukalako. Baina tarteka sorpresak gertatzen dira eta halaxe gertatu da partida honetan», gaineratu zuen.
Itziar Ariztimuño ere oso hunkituta zegoen partidaren amaieran. «Malosteko gau hauek sekula ere ezingo ditugu ahaztu. Erasoan zein defentsan, partida bikaina jokatu dugu. Ikaragarria izan da; sentsazioak, zaleen bultzada... ikaragarria benetan», onartu zuen, oilo narrua jartzen zitzaiola.
«Gure jarreran aurrerapauso bat eman dugu», iritzi zion Marta Alberdik, joan den zapatuan Benbibre ahularen aurka Malosten bertan galdu eta gero.
Jarrera, datuz datu
Izan ere, jarrera kontua ere izan zen neurri handi baten talde gernikarrak bere arerioari eman zion jipoia. Turkiarrek ez zuten talde jokorik egin, bere entrenatzaile berriak, Aziz Akkaya gogorrak ahotsa altxatuagatik. asistentziak ez dira talde jokoaren adibide bakarra eta finena, baina agian argibide bat suposa lezake: 20 asistentzia banatu zituzten Lointek Gernikako jokalariek –parte hartu zuten bederatzi jokalarietatik seik–, eta Çukurovak, 7 bakarrik –bederatzitik hiruk baino ez–.
Gernikarrek bost baloi lapurtu zituzten, aurkariek bi baino ez. Baina hori ez da onena, baizik eta ohosturiko bost baloiak bost jokalari ezberdinek pilatu zituzten. Alegia, talde esfortzua eta solidaritatea itzelezkoa izan zela bisitarien nagusitasun teknikoa eta fisikoa –errebotean Çukurova erraz nagusitu zen: 30-44, erasoan 21 erebote hartu eta gero– erabakigarri bihurtu ez zedin.
Hirukoetan Brcaninovicen lana aipagarria izan zen: 7tik 6, orotara 15etik 8 saskiratzeko –8tik 2, ondorioz, Brcaninovic izan ez ziren gainontzeko taldekideen artean–. Çukurovak, aldiz, 22tik 3 baino ez, eta eskerrak beraientzat azken segundoetan Asena Yalcin turniarrak sartu zuen hartaz!
Gezurra badirudi ere, talde turkiarrak 24 jaurtiketa gehiago! egin zituen, baina batetik, askoz portzentaia hobea lortu zuten euskaldunek –50etik 27; 74tik 24ren aurka–, eta gainera, gernikarrek 14 jaurtiketa libre gehiago ere bota zituzten.
Partida amaitu eta gero ez zen agurrik izan zaleekin, Flammes Caroloren aurka gertatu ez bezala, nahiz eta asteazkenekoa, aldeak alde, aurtengo Eurocupean Malosten jokatu duen azteneko partida izan zitekeen.
Eskarmentua lagun
«Poztu egin behar da egindako lanaz, baina ezin dugu kanporaketa hau irabazitzat jo», bota zuen, bestalde Mario Lopezek. Eta hortxe sortzen da duela hiru urte Galatasarayren aurka gertatu zen horrekin konparaketa.
2019ko urtarrilaren 4an 84-69 nagusitu zen Lointek Gernika Bizkaia Galatasarayren aurka. Hau ere ligaxkaren osteko aurreneko joan-etorriko kanporaketa zen. Talde turkiarra artean Emakumeen Eurocupeko txapelduna zen eta bigarren laurdenean 53-36 aurreratu eta gero, bizkaitarrek beherantz egin zuten hirugarrenean. Alabaina, markagailua 71-69 zela, 13-0eko partziala lortuta amaitu zuten neurketa.
Astebete beranduago, ordea, 76-58 nagusitu ziren turkiarrak. Gernikarren kanporaketa luzapenera eramateko hirukoa izan zuten, baina Blake Dietrick antolatzaile estatubatuarrak kale egin zuen eta etxerako bidea hartu behar izan zuten bizkaitarrek.
Istanbulen jokaturiko partida hura, ordea, aurreneko minutuetan erabaki zen benetan. «Badakit zer izan zen hura. Ondo dakigu. Hamabost puntuko aldea generaman eta bi minutuan aldea erabat jan ziguten», onartu zuen asteazken gauean Itziar Ariztimuñok.
Ez da erabat egia bilbotarrak esandakoa, baina ez du arrazoi faltarik. Hau da, 15 puntuko langa hirugarren laurdenean bakarrik bota zuela Galatasarayk, baina aurreneko laurdena 25-12 amaitu zenez, gernikarrek oso mugan eraman zuten partida, ia azkenera arte beren erritmorik aurkitu ezinda.
67-43 ere galtzen joan ziren bizkaitarrak eta orduan bakarrik esnatu ziren, galduta ikusi zutenean.
«Turkiakoa beste kontu bat izango da. Hemen ez diegu talde jokorik egiten utzi, baina entrenatzailea aldatu izanak ere eragingo zuen hortan», iritzi zion Mario Lopezek partidaren amaieran. «Ezin dugu kanporaketa irabazitzat jo, ezta inola ere», azpimarratu zuen, eta Marta Alberdik ere antzera erantzun zuen. «Aldea handia da, baina zernahi gertatu daiteke. Bueltarik eman ez dadin, irabaztera irtetea beste erremediorik ez dugu», iritzi zion hegaleko bizkaitarrak.
Datorren asteazkenean, hilaren 22an jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak kanporaketako itzuliko partida, 16.30etatik aurrera. Bitartean, domeka arratsaldean Emakumeen Ligako partida izango du Logroñon Campus Prometeren aurka eta ostean, 4.000 kilometrotik gorako bidea. Zernahi gertatuko da, baina Eurocupeko sorpresarik handiena emateko aukera bere eskuetan dute gernikarrek.