Eztabaidarik gabeko porrota Polonian nekea nabaritu duen Bidasoa-Irunentzat (33-26)
Jacobo Cuetararen mutilek lehen zati ona jokatu dute, batez ere lehen 20-25 minutuetan, baina hortik aurrera etxeko taldearen errekurtso amaigabeak bata bestearen atzetik azaldu dira eta gipuzkoarrei gasolina amaitu zaie.
Bidasoa-Irunek ezatabaidarik gabeko porrota jaso du Orlen Wisla Plock talde poloniarraren kantxan (33-26), European League lehiaketako bosgarren jardunaldiari zegokion partidan, bere garaian talde irundarrean izandako covid kasuengatik atzeratu zena hain zuzen ere.
Jacobo Cuetararen mutilek lehen zati ona jokatu dute, batez ere lehen 20-25 minutuetan, baina hortik aurrera etxeko taldearen errekurtso amaigabeak bata bestearen atzetik azaldu dira eta gipuzkoarrei gasolina amaitu zaie.
Jon Azkuek erasoan ongi gidatuta –sei gol lehen zatian oriotarrarentzat–, Bidasoak min egin dio talde poloniarrari lehen minutuetan eta aurretik ere egon da markagailuan behin baino gehiagotan: azken aldiz 13. minutuan, 8-9.
Markagailuan parekotasunak beste hamar bat minutu iraun ditu, eta une horietan bazirudien Bidasoak Wislaren aurka Artalekun jokatutako neurketa errepikatzeko moduan izango zela, azken segundoan 28-29 galdu zuena.
Baina gaurkoan ez da horrela izan. Poloniarrek 5-1eko partzial batekin amaitu dute lehen zatia, Zoltan Szita (5 gol lehen zatian) eta Tin Lucin (4 lehen zatian, 7 guztira) goleatzaile nagusitzat hartuta.
Atepean Adam Morawski ere berotzen joan da eta azkenean etxekoak 23. minutuko 14-13tik atsedenaldiko 19-14kora joan dira, lehen zatiko azken segundoan Szitak min egiten duen gol horietako bat sartuta, gainera.
Atsedenaldian arnasa hartu beharra zeukan Bidasoak, bigarren zatian etxekoen erritmoari eutsi eta partidan sartuta egoteko, baina talde gipuzkoarra behera etorri da erabat. Azken egunetako neurketa eta bidai pilaketa nabaritu du Bidasoak eta Wisla Plock jaun eta jabe izan da.
David Fernandez eta Abel Serdio batu dira partida denak irabazi dituen Wislaren gol festara –bost bakoitzak– eta urruneko jaurtiketekin sekulako sarraskia egin dute poloniarrek. Bidasoa ez zen gai bederatzi metroko joko hori gelditzeko eta, aldiz, erasoan nekez lortzen zuen aukera argiak izatea.
Atepean Jose Manuel Sierra ipintzeko saiakerak ere ez du arrakastarik izan eta azken minutuetan taldeak besoak jaitsi behar izan ditu, larunbatean beste neurketa zail bat iritsiko delako, 17.00etan Valladoliden kantxan.