INFO
Interview
Iñaki Antiguedad
Irakasle Katedraduna EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean

«Oso desorekatuta daude Hego Euskal Herriko instituzioak jakintza arloari dagokionez»

Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioen eskutik, eliteen eta unibertsitateen arteko harremana aztertu dute EHUko irakasle doktore eta katedradunek ‘Hego Euskal Herriko eliteak’ liburuan. Iñaki Antiguedadek elite politikoen azterketa egin du bere atalean.

Iñaki Antiguedad. (Oskar MATXIN/FOKU)

‘Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa’ liburuaren atal batean, elite politikoa kontuan hartu du Iñaki Antiguedadek, hots, Gasteizko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusiak alde batetik, eta, bestetik, Kongresu eta Senatuko euskal ordezkaritza, baita Europako Parlamentukoa ere. Helburua? Azken legealdi bietan hautetsi izan diren politikarien sexu banaketa, prestakuntza eta jakintza arloaren ikuspegitik erradiografia eguneratua lortzea.

Hego Euskal Herriko erakundeetan azken legealdi bietan hautetsi izan diren politikariak, baita kanpoko erakundeetan euskal ordezkaritza izan dutenak ere sartu dituzue elite politikoaren barnean. Guztiak al dira eliteak?

Elite kontzeptua eztabaidagarria da. Dokumentu honetan talde koordinatzailearen esku geratu zen horren definizioa. Egia da kasu honetan erakundeetan hartzen direla erabakiak, eta erabaki horiek baldintzatzen dute gure egunerokotasuna. Nik irakasle moduan ez daukat eurek daukaten erabakiak hartzeko aukera... Elite diren? Agian ezezagunak dira benetako eliteak direnak, politikan ere.

Lehenik eta behin, politikarien arteko sexu banaketa aztertu duzue. Zer emaitza aurkitu dituzue?

Sexuari begira, nahiko parekatuak ateratzen dira emaitzak. Eusko Legebiltzarrean, bi legealdi horietan, emakumezkoak %51 dira, eta %49 gizonezkoak. Nafarroako Parlamentuan, erdiak emakumeak dira eta beste erdiak gizonak. Kongresuan, gizonezkoek %61 hartzen dute, eta Europako Parlamentuan emakumezkoak %57 dira, nahiz eta instituzio hauetan Euskal Herriko jende gutxi dagoen. Bestalde, hiru Batzar Nagusi izanda eta bi legealdi, 306 hautetsi ateratzen dira. Baina besteekin alderatuta, hemen arazo gehiago izan dira horien erregistroak hartzeko. Soilik %53aren datuak lortu dira, eta hori interesgarria da, hau da, zer zaila den lortzea Batzar Nagusietan dauden hautetsien erregistroak. Sexuari erreparatuta, Batzar Nagusietan %51 dira emakumezkoak.

Bigarrenik, prestakuntzari erreparatu zaio.

Eusko Legebiltzarrean, unibertsitate publikoan ikasi dutenak %57 dira, eta ia denek Hego Euskal Herrian ikasi dute. Nafarroako Parlamentuan orekatuago dago: %49ak ikasi du publikoan eta horietatik %64ak baino ez du ikasi Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetan. Horrek esan nahi du heren bat baino gehiago kanpoan ikasitakoak direla. Baina hemen ikasitakoen artean, pareko ateratzen da: EHUn %48k ikasi dute eta %52k Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ondorioa publikoari begira? EHUk presentzia duela Nafarroan ere, eta orain arte NUPek ez duela presentziarik EAEn.

Eta pribatuei begira?

Eusko Legebiltzarrean, unibertsitate pribatuan ikasi duten gehienek ere Hego Euskal Herrian egin dute. Gehienek ere Deustun. %11k Universidad de Navarran ikasi dute, eta adierazgarria da ere Mondragon Unibertsitatean soilik %4k ikasi duela. Honek ez du presentziarik Nafarroako Parlamentuan, han gehienek Univesidad de Navarran ikasi dute, eta batzuk Deustun. Hau da, Deustuk badu presentzia EAEn baina nolabaitekoa ere Nafarroan. Batzar Nagusietan gehiago dira publikoan ikasi dutenak, erregistroen erdia ikusita, hori bai. %63 atera da publikotik, eta gehienak EHUn ikasitakoak dira. Pribatuan, gehienak Deustun, gero Mondragonen eta baita ere Nafarroako Unibertsitatean.

Ehuneko horiek ez al daude biztanleria orokorraren ehunekoen nabarmen gainetik? Horrek adierazten du parlamentuak ez direla gizartearen isla?

Pribatuaren pisua handia da, eta oso argia da Universidad de Navarra eta Deusturen presentzia. Hala ere, erabaki genuen indarra jartzea beste gauza batean, ez bakarrik ia jendea publikoa ala pribatuan ibilia den, baizik eta zer ikasketa dituen. Niretzat garrantzitsuagoa da ikustea zer prestakuntza daukan jendeak.

Zergatik?

Erabakiak edo behintzat eztabaidak erakunde horietan ematen dira, eta gobernantzaren koherentzia politiko-teknikoa neurtzeko irizpide bezala jarri genuen zertan dauden formatuta hautetsiak. Ba ote dago behar besteko jakintza arloen arteko oreka gaur egunean gizarte batek aurrean dituen erronkei erantzuteko? Pandemiaren erronka, klima aldaketa, lurraldeean arteko kohesioa… Ateratzen diren datuak ikusita, ulertzekoa da ikustea batzuetan erakunde horietako eztabaidetan, maila politiko-teknikoan, ematen den maila eskasa. 

Baina diskurtso horrek ez gaitu jakintsuen gobernu batera eramaten?

Nik uste dut horrelako instituzioetan egoteko ez dela zertan unibertsitatetik pasatu behar. Jakintza arloena esaten dudanean, gizarte honek hartzen dituen jakintza askotariko nolabaiteko isla anitzagoa egon beharko litzatekeela esaten dut. Dokumentu honen helburua zen unibertsitate publiko eta pribatuen pisua neurtzea, baina fabrikan lan egiten baduzu, primeran. Zergatik ez dugu fokua ipintzen unibertsitatetik igaro ez den jende horrengan? Noski egin beharko dela, nik uste dut jende hori oso inportantea dela.

Eta badago unibertsitateko ikasketarik ez duen hautetsirik? Kontuan izanda biztanleriaren zati handi batek ez dituela.

Ez nintzateke hori esatera ausartuko. Kontua da informazio hori ez dela agertzen, ez dutelako curriculumik aurkeztu behar. Berdin gertatzen da euskararekin, azkenean ez genuen aztertu hautetsiek euskaraz zekiten ala ez, daturik ez zegoelako. Landu ditugu jasotako erregistroak, eta zalantza horiek hor geratzen dira.

Eta zeintzuk izan dira emaitzak unibertsitateeko jakintza arloei begira?

Unibertsitateetan bost jakintza arlo nagusi izaten dira: giza zientziak, gizarte eta lege zientziak, osasun zientziak, zientzia zehatzak eta materiarenak eta ingenieritza eta arkitektura. Bada gauza bat oso deigarria, behin eta berriz erakunde guztietan errepikatzen dena: Eusko Legebiltzarrean, gizarte eta lege zientzien arloan, hautetsien %77 kokatu behar ditugu. Ez dago orekarik. Portzentaia bera ateratzen da Nafarroako Parlamentuan eta baita Kongresua eta Europako Parlamentua batzen baditugu ere, eta %72 Batzar Nagusietan. 

Eta horein artean, Zuzenbidea da nagusi.

Gasteizko Parlamentuan, horren barruko banaketari begira, Zuzenbidea da nagusi, %57rekin. Hautetsi guztien %44 Zuzenbidean ibilitakoak dira, eta hori adierazgarria da, Zuzenbidea ez delako erabiltzen bestelako legeak izateko, baizik eta daudenak betearazteko. Oso desorekatuta daude instituzioak jakintza arloari dagokionez.

Batzar Nagusietan ordea aldaketa batzuk daude. Publikotik pasa direnak gehiago dira, hautetsien esparru sozio-politikoa zabalagoa da, eta jakintza eremua sakabanatuagoa. Zer esan nahi du horrek?

Banaketa begiratzen duzunean, jakintza arlo nagusien barruko diziplinak, nahiko orekatuago da: Zuzenbideak lehena izaten jarraitzen du, baina ekonomia, soziologia, komunikazio zientziak, %10etik gora daude. Batzar Nagusietan ibiltzen den jendea ez dago hain profesionalizatuta, normalean jendea ez dago liberatuta. Banaketa argiago bat ikusten da, baina badaude kezkatzeko arrazoiak ere: ez dago jakintzaren arteko gutxienezko oreka. Gaurko giza erronkei erabakietatik erantzuteko beharko litzatekeen ezagutza integratu eta orekatu hori eztabaidak aberasteko orduan faltan botatzen dut.