La Unica, emakumezko lehenengo Euro Basque Challenge txapelketako irabazlea
Arrasaten jokatutako finalean, Bera Bera hartu du mendean (19-0). Biarritz-Hasparrenek hirugarren eta laugarren posturako lehian Peyrehorade-Tartas-Chalose hartu du mendean 8-5 estu batekin.
Emakumezkoen Euro Basque Challengearen lehen edizioak badu irabazlea. La Unicako nafarrek 19-0 irabazi diote Bera Berako hamabostekoari, Mojategin (Arrasate) jokatutako partidan. Partida oso entretenigarria izan da eta La Unicak une oro izan du jokoaren kontrola, gipuzkoarrak baino gehiago izanik. Txapelketaren azken fasesan jende ugari bildu da.
Hirugarren eta laugarren posturako borrokan, Biarritz-Hasparrenek 8-5 irabazi du Peyrehorade-Tartas-Chalose taldearen aurka, Ipar Euskal Herriko bi taldeak neurtu diren partidan. Markagailuak oso partida parekatua izan dela islatzen du.
Gogoratu behar da finalaren aurretik jokatutako partidetan Bera Berak Peyrehorade-Tartas-Chalose hartu zuela mendean etxetik kanpo (15-40) eta La Unicak 17-32 irabazi ziola Biarritz-Hasparreni, lehen jardunaldian. Bigarren jardunaldian, La Unicak Peyrehorade-Tartas-Chalose garaitu zuen 37-5eko emaitzarekin, eta Bera Berak Biarritz-Hasparreni 12-20 irabazi zion.
Euskadiko Errugbi Federazioak eta Euroeskualdeak antolatutako Emakumezkoen Euro Challengeak Iparraldeko eta Hegoaldeko errugbia batzeko balio izan du. Pandemia garaian jokatu izanagatik, antolatzaileek jakinarazi dute jokalari guztiei eskatu zitzaiela covid pasaportea, baita talde teknikoei ere, aldageletarako gunera sartu aurretik.
Euskadiko Federazioaren asmoa txapelketa honi jarraipena ematea da, baita gizonezkoen Euro Basque Rugby Challengeari. 2019ko udan jokatutako txapelketa honen lehen edizioa oso arrakastatsua izan zen. Biarritz Olympiquek Baionari irabazi zion Altamirako zelaian jokatutako finalean, Ordizian.