INFO

Lidertzarako bidea topatu dute Irribarria-Rezustak aldagelan (16-22)

Tanto bakarraren aldeaz bada ere, eta txapelketaren garai hauetan anekdota hutsa izan daitekeen arren, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta dira Binakakoaren lider berriak Tolosan Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenari 22-16 irabazita.

Irribarria, Jakaren aurrean pilota jotzen (Gorka RUBIO / FOKU)

Tanto bakarraren aldeaz bada ere, eta txapelketaren garai hauetan anekdota hutsa izan daitekeen arren, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta dira Binakakoaren lider berriak Tolosan Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenari 22-16 irabazita. Baina horrek baino garrantzia askoz handiago izan beharko luke 2017ko txapeldunek orduko txapel hartara eraman zituen jokoa berreskuratu izanak. Une kritiko xamar batean lortzeak, gainera, badu puntu extra bat, Jakaren eraso erauntsia gelditu ezinik, 12-7 atzetik joan baitira lehen atsedenaldi luzera, baina handik bueltan, euren gustuko pilota batekin eta Irribarriaren freskotasuna eta Rezustaren segurtasunari etekina aterata, partida irauli eta puntu garrantzitsua lortu baitute.

Gora-behera dezenteko partida izan da txapelketakoa, hiru zati nabarmen izan dituena. Hasi, Aspekoak hasi dira hobeto, Aramakoari lehen pilotakadatik antzeman zaio pilota azkar irteten zitzaiola eskutik eta atzean Mariezkurrenak erakutsitako zuloei etekina ateraz, 1-4 aurreratu dira.

Azkar xamar osatu da, ordea, Berriozarrekoa eta Erik Jakak hartu du hortik eta lehen atsedenaldira arteko partida zatiaren protagonismo osoa. Aspaldi ez bezalako erakustaldia eman du tarte horretan lizartzarrak, batez ere txokoan egindako erremateekin. Sakeak zabalera aterata, Rezustak ez du nahi bezala erantzuterik izan, Irribarriak ere eskuinez ezin nahi beste legundu eta sake-errematean zital aritu da Jaka, partida irauli eta, esan bezala, lehen atsedenaldi luzera 12-7 aurreratuta.

Gidoi aldaketa

Irribarriari askoz gehiago kostatzen zitzaion tantoa amaitzea eta Mariezkurrenak ere hutsik pilatzen ez zuenez, lehorte handi xamarra izan du bikote gipuzkoarrak, atsedenaldian Jokin Etxanizekin hitz eginda edo zuzendu dutena.

Agian ez horren distiratsua, baina euren intereserako askoz joko eraginkorragoa kantxaratu du bikote gipuzkoarrak atsedenaldi horretatik bueltan. Gustuko pilota bat topatu eta eta jokoa atzeratu eta baita ezker paretara baztertuz, jokoaren dinamika errotik aldatu dute. Jaka jokotik atera eta Mariezkurrena zigortzea lortu dute 4-15eko partzial batekin, garaipen sendo bat lortuz.

Jaka-Mariezkurrena: 14
Irribarria-Rezusta: 22

Pilotakadak: 500. Iraupena: 71, minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 2-4, 2-5, 3-5, 3-6, 9-6, 9-7, 12-7, 12-9, 13-9, 13-10, 15-10, 15-15, 16-15, 16-22. Sakeak: 2 Irribarriak. Tantoak: 11 Jakak, 1 Mariezkurrenak, 8 Irribarriak eta 1 Rezustak. Hutsak: 3 Jakak, 8 Mariezkurrenak, 4 Irribarriak eta 0 Rezustak. Gorabeherak: 360 lagun Tolosako Beotibarren.