INFO

Zadorra Bizirik plataformak neurriak aldarrikatu ditu uholdeak saihesteko

Zadorra Bizirik plataformak adierazi duenez, neurriak hartu behar dira pasa den asteetan Araban izandako uholdeak saihesteko. Uraren «kultura berria» babestu du, eta ibaien eremua handitzea proposatu du.

Zadorrak gainezka egin zuen Mendibilen. (Endika PORTILLO/FOKU)

Abenduaren 9an Zadorra ibaiak gainezka egin zuen eta uholdeak eragin zituen Arabako Lautadan. Astegieta, Durana, Billoda eta Abetxukoko bizilagunek bizi izandako egoera larria ez da berria, halako uholdeak ohikoak dira urtegiaren uhateak irekitzen direnean, eta Zadorra Bizirik plataformak neurri eraginkorrak exijitu ditu arazoak saihesteko. «Ekiteko ordua da, aitzakiek ez dute balio», azpimarratu du ohar batean.

Bertan zenbait neurri proposatzen ditu, haien artean «uraren kultura berri bat» sustatzea, «uholdeen errua ibaien garbiketa eza dela entzuten ez jarraitzeko»; eta ibaiaren eremua handitzea, «egungo arriskua minimizatzeko». Hala, uholde-lautada errespetatu behar dela ohartarazi du plataformak, «iraganeko akatsak ez errepikatzeko».

Halaber, drainatze sistema iraunkorrak aldarrikatu ditu, eta kritikatu egin ditu «hormigoian oinarritutako» proiektuak. «Azkenik, eta oraintsu gainditu dugun egoera kritikoa ikusita, Zadorra Sistemaren kudeaketari buruzko hausnarketa sakona egitea» proposatu du Zadorra Bizirik plataformak. Haren ustez, urtegiak «garrantzi estrategikoa duten azpiegiturak dira, baina ingurumen alderdian gabezia handiak dituzte», izan ere «Zadorra ibaia bezalako korridore ekologiko baten luzetarako konexioa hausten du».