INFO

EH Bilduk osasun egoerari aurre egiteko azken neurriak arbuiatu eta alternatibak proposatu ditu

EH Bilduk ez du bat egin azken orduetan agintariek osasun larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriekin, musukoaren derrigortasuna eta covid ziurtagiria kasu. Horren aurrean, hainbat proposamen plazaratu ditu.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU))

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak covid-19 gaixotasunaren azken gorakadaren inguruko EH Bilduren posizioa azaldu du. Egoera «larria» dela nabarmendu du eta «arduraz» jokatzeko eskaera luzatu du. Ardura hori, «batez ere», administrazio publikoari eskatu dio.

EH Bilduk ez du bat egin azken orduetan agintariek hartutako neurriekin, aire librean musukoa janzteko derrigortasuna eta covid ziurtagiria kasu. «Ez daude birusa borrokatzera bideratuta» eta «benetako arazoak estaltzeko» hartuak direla azpimarratu du koalizioko kooordinatzaile nagusiak.

Horren ordez, «bizi dugun kutsatzeen gorakada ekiditeko» lehentasuna «prebentzio neurrietan» eta «komunitate zientifikoaren aholkuetan» ezarri behar dela iritzi du koalizioak.

Zentzu horretan, bost neurri proposatu ditu Otegik osasun larrialdiari aurre egiteko. Lehenik eta behin, «txertoa osasun etxeetatik ateratzea», bai gripearena eta bai covid-19arena. Era berean, «aztarnari ekipoak indartu, areagotu eta denboran mantentzea» eskatu du EH Bilduk. Bestetik, hauen protokolo eta prozedurak «aldatzea». Hala nola, «espazio itxietan, behingoz arau bidez eta administrazioaren laguntzarekin, airearen kalitatea mantentzeko filtroak jartzea» proposatu du, «ez bakarrik neurgailuak, airea garbitzeko filtroak ere», zehaztuz.
Azkenik, «herritarren esku autodiagnostikorako eta autorregulaziorako tresnak jartzea» ere hobetsi du. «Test-ak unibertsalizatu, doakoak edo prezio sinbolikoarekin. Farmaziez gain, espazio desberdinetara zabaldu Espazio itxien erabilera seguruagoa izateko». Modu honetan, «espekulazioa eten» egingo dela iritzi du.

Porposamen horietaz gain, Lakuari «kontziliazio neurriak ezartzea» eskatu dio, haurren klase ugari ixten ari diren unean. «Zaintza lanetarako bideak ireki eta politikak erdiestea premiazkoa da. Arazo larria dago orain hemen».

Neurri horien bidean kokatu du, adibidez, EAEko aurrekontuetan Lehen Arreta indartzeko onartutako partida edo Madrilen txertoak liberalizatzeko proposamena. «Txertoak planeta guztiaren esku, kontinente guztien esku, pertsona guztien esku egon behar dira».