INFO
Interview
Mari Jose Aranguren
Orkestrako zuzendari nagusia

«Ongizateari begira enpleguan eta ingurumenean daukagu erronka»

Mari Jose Aranguren Ekonomia katedraduna Orkestrako zuzendari nagusia da, eta talaia horretatik aztertzen ditu gure ongizatearen eta ehun ekonomikoaren lehiakortasunaren indarguneak, gabeziak eta erronkak. 

Mari Jose Aranguren Ekonomia katedraduna. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Duela hamabost urte sortu zen Orkestra. Zein helbururekin?

Orkestraren misioan oso garrantzitsuak diren bi zutabe azpimarratuko nituzke. Alde batetik, ikerketa gizartean dauden behar eta erronken zerbitzura jartzea. Askotan ahalegin handia egiten da ikerketan, baina asko argitaratzera bideratzen da eta ez horrenbeste eraldaketara. Orkestra, ikerketa hori gizarte aktore desberdinek dituzten erronkei erantzuten laguntzeko sortu zen, alde batetik. Horrek, modu desberdin batean ikertzera eraman gaitu; ikerketa eraldatzailea deitzen diogu. Erronkak edo arazoak aktoreekin definitu eta erantzuna elkarlanean bilatzea eskatzen du.

Hori zutabe bat da. Eta bigarrena, lehiakortasuna. Hasieratik definitu zen Orkestrak EAEko lehiakortasuna hobetzea bultzatu behar zuela, baina, aldi berean, bertako pertsonen ongizatea hobetzeko. Alde horretatik, guk lehiakortasuna asko landu dugu, baina azaleratu edo esplizitatu gabe geneukan horrek ongizatean nola eragiten duen. Eta aurten guretzat urrats garrantzitsua izan da lehiakortasuna eta ongizatea uztartzen dituen marko eredua aurkeztea.

Beraz, Orkestra Euskadiko lehiakortasuna eta pertsonen ongizatea hobetzeko sortu zen, ikerketa gizartean dauden erronka edo beharrekin lotuz.

Lehiakortasunaren estrategian gizarte erronkak txertatzea zaila al da?

Lehiakortasun estrategia bat definitzerakoan garrantzitsua da daukagun testuinguru zehatza kontuan izatea. Une honetan, trantsizioei lotuta dauden erronka handiak dauzkagu. Trantsizio hauek globalak dira: trantsizio demografikoa, trantsizio energetiko-klimatikoa eta trantsizio digitala. Baina lurralde bakoitza desberdina denez, toki bakoitzean erronka espezifikoak bereziak dira.

Esate baterako, erronka demografikoari dagokionez, hemen dependentzia tasa asko handitu da azken urteetan; jubilatu bakoitzeko lan egiten duen pertsona kopurua gero eta txikiagoa da. Eta horrek mahai gainean erronka desberdinak jartzen ditu. Alde batetik, pertsonen zaintzari lotutako erronkak; izan ere, pertsonen ongizatean elementu garrantzitsua da adineko pertsonen zaintza nola gauzatuko den, ze eredurekin. Bestalde, gero eta gazte gutxiago dago lanerako edo lan egin ahal izateko, eta orduan garrantzitsua izan daiteke, lanetarako pertsona prestatuak eta kualifikatuak izateko, gazteentzat hau lurralde erakargarria izatea. Beraz, erronka demografiko orokor horrek espezifikoagoak diren beste erronka horiek jartzen dizkigu.

Eta aukerak ere sortzen dira. Izan ere, edozein erronkak aukera berriak sortzen ditu. Adibidez, jarduera ekonomiko berriak sortu daitezke, adineko pertsonen zaintzara bideratuak…

Berdin gertatzen da energia eta trantsizio klimatikoarekin; ez du berdin eragiten industriak pisu handia duen eta energian dependentzia handia duen herrialde batean, edo dependentzia txikia duen batean. Erronka orokorra hor dago, berotze efektua eragiten duten gasen isurketa zero izatera joan behar dugu, baina bide horretan dituzun eraginak desberdinak dira kontestu batean edo bestean. Hemen, energia asko behar duen industria izanda, garrantzitsua da horra heltzeko energiaren efizientzia handitzen joatea, baita mix energetikoan energia berriztagarrien pisua handitzea ere. Eta, esan bezala, aukerak ere sortzen dira; eginda dugun txostenean ikusten da gero eta enplegu eta jarduera gehiago sortzen ari direla ingurumenaren alorrean, birziklapenarenean, ekonomia zirkularrean…

«Lehiakortasun estrategia bat definitzerakoan garrantzitsua da testuinguru zehatza kontuan izatea, toki bakoitzeko erronka espezifikoak»

Lehiakortasunari dagokionez, eta inguruko herrialdeekin alderatuta, nola gaude?

Nik uste dut azken txostenak agerian uzten duen irudia ona dela orokorrean. Biztanleko barne produktu gordinari begiratzen badiogu, Europako batezbestekoa 100 bada, gu 116an gaude. Ekoizkortasun edo produktibitatea daukagun lehiakortasun maila neurtzeko erabiltzen den adierazle garrantzitsu bat da, pertsonako zenbat balio erantsia sortzeko gai garen, eta hor ere Europako batezbestekoaren gainetik gaude, baita Espainiakoaren gainetik ere. Alemaniakoarekin dugun distantzia, aldiz, pixka bat handitu da krisian.

Oro har egoera ona da, baina ziurgabetasun batzuk daude. Pandemian ikusi da enpresen errentagarritasunak okerrera egin duela, eta ekoizkortasunaren bilakaera positiboa moteldu egin dela. Izan ere, hainbat jarduera ekonomikotan eskaria ahuldu egin da. Batzuetan zu enpleguari eusten saiatzen zara eta enplegatu bakoitzeko sortzen duzun balio erantsia jaitsi egiten zaizu. Krisialdietan hori gertatzen da. Beraz, oro har irudia positiboa da, baina hainbat ziurgabetasun ditugu aurrean. Gainera, osagai batzuen prezioak igotzen ari dira orain, osagai batzuk iristeko zailtasunak daude, eta horrek jarduera ekonomikoa moteldu egin du. Nahiz eta perspektibak nahiko onak diren, zalantzak sortzen dituen testuinguru batean gaude.

Eta ongizatea neurtzen duten parametroak kontuan hartuta?

Gauza desberdinak begiratu ditugu. Alde batetik, indikadore holistikoa deitu daitekeen gogobetetze maila. Pertsonei zenbateraino ongizate maila altua daukaten galdetuta, indikadore holistiko horretan ondo kokatuta azaltzen gara. Europako batezbestekoa 7 puntu inguru baldin bada, gu 7,7 puntutan gaude, hamar puntuko eskalan. Gero, indikadore objektiboetara bagoaz, sei dimentsio definitu ditugu pertsonen ongizaterako garrantzitsu gisa, eta garapen jasangarrien helburuak ere hemen sartu ditugu. Hauei begiratuta, bostetan gure posizioa oso ona da, eta bitan dugu erronka.

Zeintzuk dira bost horiek? Ongizate materiala da bat, pertsonako errenta maila. Hor ondo kokatuta azaltzen gara, Europako batezbestekoaren oso gainetik. Beste alor garrantzitsu bat osasuna da, eta hemen bizi itxaropena begiratu dugu eta baita pertsonek beren osasunaz duten pertzepzioa ere. Guk oso bizi itxaropen altua daukagu, 84 urtekoa, eta osasunaren gaineko pertzepzioa ere ona da.

Ondo azaltzen garen beste elementu bat gizarte harremanena da; bizitza soziala. Hori oso zaila da neurtzen, baina badaude adierazle batzuk, hala nola konfiantza maila, eta hor ere emaitzak besteen gainetik daude. Ikasketetan ere ondo kokatuta gaude; pertsonen ikasketa maila oro har altua da. Hemen bageneukan desabantaila bat, oinarrizko ikasketak gainditzen ez zituen pertsona kopuruarena, baina hori jaisten ari da, ikusten ari gara oinarrizko ikasketak gainditzen ez dituzten pertsona kopurua jaisten ari dela azken urteetan, eta horrek enplegagarritasunean eragiten du.

Non ditugu erronkak? Batez ere enpleguan; Europako batezbesteko langabezia tasa %7 ingurukoa bada, %9,5ean gaude gu. Langabezia tasek hobera egin dute, 2008ko krisitik jaisten joan dira, baina oraindik tasa altuak ditugu, batez ere gazteen eta emakumeen artean. Erronketako bat hor daukagu.

Eta bestea ingurumenean dago. Gasen isurketan hobera egin dugula ikusten dugu, baina beste toki batzuetan baino motelago. Eta oraindik ere birziklapen tasak Europako batezbestekoak baino baxuagoak dira. Adierazle batzuetan hobetu dugu, baina oraindik beste batzuk baino makalago ari gara eboluzionatzen.

Gogobetetzea aipatu duzu ongizatea neurtzeko parametro gisa. Pentsatzen dut batezbestekoei begiratzen zaiela, baina gogobetetze maila altua eta baxua duten pertsonen artean arrakala handia da? Denborarekin handitzen ari da?

Gure ereduan bi dimentsio landu ditugu, zeharkakoak edo transbertsalak, eta horietako bat inklusibitatea da; lehiakortasunaren eta ongizatearen dimentsio hauetan zenbaterainoko desberdintasunak dauden. Desberdintasunen artean bi mota bereizten ditugu: desberdintasun bertikalak eta horizontalak. Desberdintasun bertikala errenta maila altuena eta baxuena dutenen arteko desberdintasuna izango litzateke, eta hor kalkulatzen dugu, adibidez, gizartean errenta altuena duen %20aren eta errenta txikiena dutenen artean dagoen desberdintasuna. Eta hor Europako eskualde onenen artean gaude. Desberdintasun maila txikienetakoa dugun eskualdea gara. Egia da krisietan desberdintasun hori handitzen dela beti, 2008ko krisian, pandemian… baina gero lehengora itzultzen da. Eta hori garrantzitsua da, garapen eredua inklusiboa izateko garrantzitsua da desberdintasun bertikal horiek zaintzea.

Eta desberdintasun horizontalak kolektibo desberdinen artean ematen direnak dira. Izan daiteke gizonen eta emakumeen artean, gazteen eta adinekoen artean, bertakoen eta kanpokoen artean… Eta hor ikusten dugu hainbat alorretan desberdintasunak daudela. Adibidez gazteekiko; gazteen langabezia tasak oraindik altuagoak dira batezbestekoak baino, eta garrantzitsua da gazteentzat aukera profesionalak garatzea. Generoan ere bai; gutxitu den arren, emakumeen eta gizonezkoen soldaten artean arrakala dago oraindik ere. Desberdintasuna dago ere zenbateraino seguru sentitzen zaren galdetzerakoan; segurtasun sentipen maila txikiagoa dago emakumeen artean gizonen artean baino.

«Hainbat alorretan desberdintasunak daudela ikusten dugu; adibidez, gazteen langabezia tasak altuagoak dira, eta emakumeen eta gizonen soldaten artean arrakala dago oraindik ere» 

EAEko lehiakortasunari buruzko 2021. urteko txostenean, lehiakortasunari eta ongizateari eragiten dioten faktoreen artean egiturazko inguruneari lotuta daudenak aipatzen dira (geo-demografia, ekonomia eta enpresa egitura, eta erakunde egitura eta balioak). Egitura egonkorrak dira? Nolabait horiek aldatzea ezinezkoa da?

Batzuek aldatzea ez da ezinezkoa, nahiz eta zaila den. Hemen egongo lirateke, adibidez, gizartean dauden balioak. Denborarekin, belaunaldiak igaro ahala, gizarte balioak aldatzen joaten dira, ez da ezinezkoa aldatzea, baina denbora asko behar da. Bestetik, ezaugarri geografikoak, Euskadi non dagoen kokatuta, Gipuzkoak dituen bailarak… horiek ezin dira aldatu. Eta, egitura produktiboa, sektore desberdinek ekonomian duten pisua, ez da egun batetik bestera aldatzen, baina 80ko hamarkadan industria mota batzuek, siderurgiak, ontzigintzak, zuten pisua eta gaur daukatena ez da berdina. Oro har, aldagai hauek alda daitezke, baina egiturazkoagoak dira eta zailagoa da.

Alde horretatik, estrategiak palanka dinamikoak deiturikoetan zentratu beharko lirateke?

Hori da. Palanka dinamikoen artean sei bereizten ditugu: kapital naturala, kapital fisikoa, finantzaketa, jakintza, giza kapitala, eta gizarte eta erakunde kapitala. Adibidez, lehen ekoizkortasuna handitzea erronka bat dela esan dugu, eta horri erantzuteko garrantzitsua da pertsonen gaitasunak gaur egun ditugun erronketara egokitzen joatea. Digitalizazioa, erronka demografikoa, ingurumenekoa... erronka hauek guztiek pertsonen aldetik gaitasun batzuk garatzea eskatzen dute. Kontuan hartu behar da, baita ere, digitalizazioak edo automatizazioak lanpostu mota batzuk suntsituko dituztela; hau da, batzuentzat aukerak sortuko dira eta beste pertsona batzuk kaltetuta suertatuko dira. Eta gaitasunak lantzeko politiketan hori kontuan hartu behar da.

Garrantzitsua izango da gaitasunak egokitzeko erraztasunak izatea eta lanpostua galdu dezaketenek gaitasun berriak jasotzeko ekimenak bideratzea, pertsona horiek beste lan mota batzuk garatu ahal izan ditzaten. Eta, enpresek ere politikak garatzea pertsonon birkapazitaziorako eta haien gaitasunak egokitzen joateko, ez bakarrik erakunde publikoak. Aldaketak etorriko dira, eta giza kapitalaren palanka horretan eragiteak ekoizkortasuna hobetzen eta pertsona prestatuagoak izaten lagunduko luke. Eta horrek gero ongizatean laguntzen du. Eragin positiboa izango luke lehiakortasunean eta ongizatean.

Pandemiak lehiakortasunari dagokionez ziurgabetasuna eragin duela aipatu duzu. Ongizateari ere eragin dio?

Bai, nik uste dut eragina arlo guztietan izan dela, ekonomian, ongizatean... esparru guztietan.

Pandemiaren eragina hitz batean nolakoa izan den definituko banu, asimetrikoa izan dela esango nuke, oso asimetrikoa. Pertsonei begiratuta, desberdin eragin die pertsona mota desberdinei. Ongizatean, ezberdin eragin die telelana egin ahal izan duen pertsona bati, bere lanpostu motagatik aldi baterako erregulazio batera joan behar izan duenari edo krisiaren ondorioz lana galdu duenari. Lanari begira, batzuei modu negatiboan eragin die, eta, akaso, beste batzuei lana areagotu zaie. Etxean zein aire librean kirola egiteko gauzen eskaria ikaragarri igo da; horretan lan egiten bazenuen, lan gehiago izan duzu. Aldiz, ostalaritzan lan egiten duenarentzat, edo kultur ekimen batzuetan, eragina bestelakoa izan da. Sektoreetan, berdin, hor ere ikusten da eragina asimetrikoa izan dela. Sektore batzuetan, digitalizazioari lotutakoak kasu, eskaria areagotu da, eta beste batzuk kaltetuta atera dira. Eta gauza berdina enpresetan; enpresa motaren arabera eta eskainitako produktu edo zerbitzuaren arabera, lana areagotu da, agian gainezka daude, edo kaltetuak atera dira, turismoari lotutakoak adibidez. Esan bezala, eragina asimetrikoa izan da. Baina, oro har esango nuke, dena begiratuko bagenu, gure ekonomian izan duen eragin orokorra beste leku batzuetan baino arinagoa izan dela.

«Guri kostuetan lehiatzea ez zaigu hainbeste interesatzen. Desberdintzea interesatzen zaigu, gauza desberdinak eta bereziak egiteko eta eskaintzeko gai izatea»

Eta aurrera begira, zeintzuk dira erronka nagusiak?

Alde batetik, ekoizkortasuna handitzeko, pertsona bakoitzeko balio erantsi handiagoa edo bereziagoa sortzeko, pertsonen gaitasunak egun ditugun erronkei egokitzea izango da gakoa. Gizartean dauden beharrek eta pertsonok ditugun gaitasunek bat egitea, langabezia jaitsi eta enplegu aukera onak sortzeko. Horrek ere asko baldintzatuko duelako zenbateraino sostengatu dezakegun gure ongizate eredua, zenbaterainoko kalitatezko osasuna, hezkuntza, gizarte politikak izan ditzakegun. Horretarako, pertsonen gaitasunak lantzea klabea da. Eta bizitza osoan ikasten jarraitzeko aukerak izatea. Gauza ez da Unibertsitatean edo Lanbide Heziketan ikasi eta gero bizitza guztian lanean aritzea, ikasten jarraitzeko espazioak eta aukerak izan behar dira.

Eta bigarrenik, berrikuntza. Gauza berriak, desberdinak egiteko gai izatea. Guri, kostuetan lehiatzea ez zaigu hainbeste interesatzen, horretan beste herrialde batzuek lanesku merkeagoa daukate, lehengai merkeagoak dituzte. Desberdintzea interesatzen zaigu, gauza desberdinak eta bereziak egiteko eta eskaintzeko gai izatea.

Eta horrek berrikuntza eskatzen du. Baina berrikuntza modu zabalean ulertuta, ez bakarrik teknologikoa. Askotan, gehien ikusten duguna ukitzen den hori da: teknologia, makina... Baina badago beste berrikuntza mota bat, berrikuntza ez teknologikoa deitzen dena. Lotura dauka enpresan antolatzeko moduarekin, elkar erlazionatzeko moduarekin, langileek enpresan daukaten paperarekin, enpresaren kulturarekin, bezero eta hornitzaileekin harremantzen garen moduarekin… Berrikuntza ez teknologiko hori bultatzea garrantzitsua izango da.

Erresilientzia handiagoa izaten lagunduko digu horrek, trantsizio digitalaren, demografikoaren, energetiko-klimatikoaren erronkei hobeto erantzuten. Izan ere, ekoizkortasuna helburu bati begira handitu behar da, erronka hauei erantzun ahal izateko.