Astelenako giro bikainak Lasok eta Imazek lortu duten garaipena merezi izan du (21-22)
Irribarria eta Rezusta ia beti aurretik ibili badira ere, Lasok amaitu dituen 17 tantoen aurrean burua makurtu behar izan dute neurketa zoragarri baten ondoren. Sailkapeneko bigarren postuan berdindu dute orain bikote biek, launa garaipenekin.
IRRIBARRIA-REZUSTA 21 - LASO-IMAZ 22
«Irabazi dugulako, sekulako subidoia!» Hala bota du Ander Imazek Astelenan Irribarria eta Rezustari Unai Lasorekin 21-22 irabazi ostean. Bizkarretako aurrelariak 17 tanto amaitu behar izan ditu berak eta Ander Imazek gipuzkoar biei irabazi ahal izateko. Ez da harritzekoa txapela irabazi balute baino ere ospakizun beroagoa egin izana partida amaieran.
«Partida hasieran boladak izan dituzte gorriek beren alde baina es dugu etsi eta borroka egin dugu irabazi ahal izateko. Anderrek asko lagundu ditu, baita nik ere Anderri, eta puntu zoragarria izan da», gaineratu du Lasok.
Giroaren giroaz Untzaga plazara noiz eroriko egon den Astelena frontoiak etxekoak bailiran zoriondu ditu irabazleak, kolpez Irribarria eta Rezusta askoz gehiago izanda, urdinak etxekoru baitituzte ikusleek. Giroa eta kantua ez da falta izan ere, eta horrek bestela ere bikaina izan den partida gogor honi beste puntu bat gehiago erantsi dio.
Hala, emaitza honekin, Elezkano II.ak eta Zabaleatk Binakako Txapelketako aurreneko postua bere egin dute, bakarrean, eta orain bigarren postuan dago berdinketa, launa garaipenekin berdindu baitute Unai Lasok eta Ander Imazek Irribarria eta Rezustarekin.
Aurrelarien musika
Aurrelari biek jokoaren ardura hartu dute partidaren hasieratik. Urdinek derrigor, Laso baita bikoteraren pisua daramana eta gorrietan, Irribarria bera izan da onena eta txarrena egiteko gai, sake luzeegi batekin itsusituz aurretik ezker boleaz eginiko tanto zoragarri bat.
Unai Laso saiatu da ezkerti biei eskuina bilatzen eta aurreko koadroetan jokoa zentratzen. Saiatu ez ezik, baita lortu ere, eta hala Irribarria eskuinez nahi bainoh gehiagotan jotzera behartu du, baita Rezusta atzera eta aurrera dantzan erabili ere. Bestalde, piloteoa luzatu ahala, gorriek nagusitasuna erakutsi dute. Eta hori guztia harmailetako jendeak eskertu du, txaloz kantuz eta abarrez eskertu baititu tantoak, baita Eguberri eguneko bazkalosteko euforiak lagunduta ere. Lask airez txokoan laga duen pilotakada bati esker, 3-6 aurreratu dira urdinak. Ikusleak «kaia barrenian» gozatzen, bitartean.
Irribarriak buruz buruko lehia bailitzan erantzun dio Unai Lasoren desafioari eta seinakoan lortu du Aramako aurrelariak berdinketa, ezker bolea indartsu bati esker. Ander Imazen aurreneko akatsaren bitartez, berriz, 7-6koa ezarri du bikote gorriak. Harrigarria da Imaz segidan bi pilota galtzen ikustea, baina oiartzuarrari, langile fina izan arren, lana pilatzen hasi zaio. Eta Irribarriak ezker boleaz egindako 9-6koaren ostean, baita Lasori berari ere.
Akordatzerako, gorrien haragi-xehetzeko makina martxan jarri da, baita harmailetan ere, Lasok eskuin sotamanoz bi hormakoa jota halakoren baten gorrien tanto ilara eten duen arte: 10-7. Pilota aldatu, Imazek zabala nahita bilatu Rezustari, Laso lau eta bosgarren koadrora atera atzelariari laguntzeko… alperrik. Irribarriak bere atzelariak landutakoa beste ezker bolea itzel batekin amaitu baitu tantoa.
Baina zorteak lagun egin die urdinei partidan bizirik irauteko. Zabalean eskapada Lasok lehenengo eta Imazi ezker horman goregi joan zaiona baleko emana gero, aurreneko atsedenaldiaren sasoian berriz ere gainean jarri dira Laso eta Imaz, ikusleei txaloak nahi gabe ere ateraz –eta apostu zaleei, buruko minak eraginez–. Dena den, 12-10 gorriak aurretik, Lasok ezker gantxoa txapara bidali eta gero.
«Lepoan hartu ta segi aurrera»
Ahalegin eza ezin zaio egotzi bikote urdinari eta gorrien akatsak ere behartu dituzte, baina jokoan beti atzetik ibiltzea egokitu zaie. Lasok izerdi tanta bakoitza bota du Astelenan, baita Imazek ere.
Baina bederatzigarren koadroan eta kontrakantxako atseden mahaira Rezustak bakarrik bota lezake pilota nahita, eta han ezer gutxi egin dezake ez Imazek ez bestek. Edota Irribarriaren enegarren ezker bolearen aurrean, nekez egin liteke ezer.
Hala ere, ikusleek esandakoari so eginez gero, «lepoan hartu ta segi aurrera». Urdinen alde egin dute nabarmen trabesik egin ez duten horiek, are gehiago Lasok ahalegin betean hamaseian partida berdientziea lortu eta gero.
Harrigarria izan da gorriek une txar horretan ez atsedenaldirik eskatu izana. Baina itxuraz ez zaie beharrezko izan. Rezustak atzean behartu eta gero, ezker boleaz hautsi du Irribarriak urdinen tanto ilara, eta bigarren atsedenaldi luzea 18-16ko markagailuarekin iritsi da, Unai Lasoren eskuin sotamanoa kanpora joan eta gero. «Txipli, txapla, Pun!», harmailetan eta giroan. Gaztainak sutatik, diote gazteleraz, eta eltzetik babak, euskeraz. Baten bati erre behar zitzaizkion.
«Hau dek umoria!»
Ez dira urdinak etsitzeko asmoz kantxara itzuli. Imazek sufritzen jakin du eta baita tarteka pilotakada bikainak eman ere. Eta ezustean, 18na berdindu dute urdinek, Lasok airez bi tanto egin ostean, nahiz eta tartean Irribarriak puntista bailitzan ezker horman jauzi eginda pilota bat eraman. Are gehiago, Lasok berak txokoan 18-19 aurretik jarri ditu urdinak. «Hau dek umoria!», harmailetan.
Urdinen pilotarekin Rezustari asko kosta zaio pilota harrotzea, baina 19nakoa Imazi erorita iritsi da, eta sakeaz gain beren pilota atera ahal izan dute gorriek. Alabaina, Bizkarretako aurrelariak amaitu du urdinen hogeigarrena, berak amaitu duen hamabosgarrena, alajaina!
Hamaseigarrena ez da aparte izan, Astelena ia buruz behera jarri duen beste ezker gantxo bati esker. Nola ez zen ba buruz behera jarriko ikuskizun horren aurrean? 19-21 eta txalo zaparrada Lasoren sakeari. Tantoa nahasten saiatu da enegarrenez aurrelari nafarra, baina azkenean Irribarriak erabaki du, batez ere Imazen kalterako, leher eginda amaitu baitu. Baina noski, 16-12 atzetik joan ostean 20-21aurretik joanda, ezin ba etsi.
Ezker boleaz, nola ez, 21nakoa Irribarriak ezarri du, baina azken tantoa urdinek menpean hartu dute eta, nola ez, Unai Lasok erdietsi du, neurketan amaitu duen hamazazpigarren tantoa!, partida bereganatzeko. Binakako txapelduen suertatzen bada, ez du Astelenan ospatu duena beste ospatuko. Ezta Ander Imazek ere, leher eginda amaitu baitu Oiartzungo atzelariak. Hala ere, bere aurrelaria besoal hartu eta altxatzeko lain indar atera du. Bejondeiola!
PARTIDAKO FITXA
Pilotakadak: 591.
Partidaren iraupena: 69.15 minutu.
Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 2-4, 3-4, 3-6, 4-6, 10-6, 10-7, 11-7, 11-8, 11-10, 12-10, 14-10, 14-11, 14-12, 15-12, 16-12, 16-13, 16-16, 17-16, 18-16, 18-17, 18-19, 19-19, 19-21, 20-21, 21-21, 21-22.
Sakez: 0 eta falta 1 Irribarriak eta 1 Lasok.
Egindakoak: 10 Irribarriak eta 1 Rezustak; 17 Lasok eta 0 Imazek.
Galdutakoak: 2 Irribarriak eta 1 Rezustak; 7 Lasok eta 3 Imazek.
Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Eibarko Astelena pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin. Dirua berriz partida hasieran, ehun gorri.