INFO
Interview
Angel Bidaurrazaga
Medikuntzan Doktorea eta EHUko Medikuntza Fakultatean irakasle titularra

«Osasun-agintera iristeko behar diren urratsen erditik aurrera, partitokraziak agintzen du»

Angel Bidaurrazagak, Lazaro Elizaldek eta Oier Atekak osasun eliteak aztertu dituzte eta osasunaren pribatizaziorako joera berretsi dute ‘Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa’ liburuan. Nabarmendu dutenez, aginte maila ertainetik gora politikaren eragina nabarmena da.

(Aritz LOIOLA/FOKU)

Osasun arloko hainbat langilerekin elkarrizketak egin dituzte Angel Bidaurrazaga, Lazaro Elizalde eta Oier Atekak, bakoitza eremu eta erakunde ezberdinetako ikuspegia aztertuz lidergoari dagokionez. Azken urteetako karguetako datuak ere kontutan eduki dituzte osasun eliteen egoeraren azterketa egiteko orduan.

Zeintzuk dira eliteak osasun sistema publikoetan?
Ikerketa osasunaren arlo publikoa eta pribatuaren artean banatu dugu, baina gehienbat osasun publikoaren kudeatzaileen datuak hartu ditugu. Horien artean, arlo ospitalarioa eta anbulategia, batetik, eta kudeaketa, bestetik, bereizi ditugu. Azken honetan sartzen dira Osasun saileko edo gobernukideen profilak. Osasun langileez esan dezakegu, EAEren kasuan, EHUtik datozela eta, Nafarroaren kasuan, Opuseko Medikuntza Fakultatetik. Baina konturatu gara kudeaketaren gailurrean daudenak, hori esaten duenean esan nahi dut ekonomistak, matematikariak eta horiek, unibertsitate pribatuetatik datozela, bereziki Deustu eta Universidad de Navarratik. Elitearen inguruan, bereizten ditugu arlo publikoan ospitaletako zerbitzu buruak direnak. Zerbitzu buru horietako asko arlo pribatuan dabiltzatenez, gure ustez horiek izango lirateke gidaritza publiko-pribatuaren intersekzioan interes handiena dutenak.

Elite politikoak eta elite funtzionarialak bereiztu dituzue. Nola lortu dituzte postu horiek? 
Datu publikoak aztertzerako orduan, mugaraino iritsi gara. Ikusten dugu agintaritzara heltzeko, sei pausu eman behar badira zure karrera profesionalean, bai ospitalean bai anbulategietan, hirugarren pausotik aurrera partitokraziak agintzen duela meritokraziaren gainetik, eta partitokrazia horrek estaltzen du publiko pribatuaren sinbiosia.

Sinbiosia?
Estatuko 15/1997 legeak pribatizazioari ateak zabaldu zizkion, eta horrekin lortu dena da bata bestearen dependentzia izatea. Eman zuen aukera osasun zerbitzuak pribatizatzeko. Hori ikusi dugu arlo pribatuan daudenekin hitz egin dugunean.  Horiek oso harreman estua daukate osasun agintariekin, erraztasunak dituzte euren zerbitzuak eta kudeaketa ereduak lortzeko Osasun sailetik. Hori, aldiz, ez da gertatzen osasun sindikatuekin, horiekin hitz egiten duzu eta esaten diztute Osakidetzaren %40 prekarioan dabiltzatela, hori salatzen ari dira duela hogei urte, eta ez dute ezer lortu. Baina pribatukoak, como Pedro por su casa.

Eta zer jasotzen dute trukean?
Osasun-agintariek oso kontuan hartzen dituzte osasun pribatuko kudeatzaileak eta egon dira kasuak non, adibidez, osasun sailburuak arlo politikoa bukatu ondoren arlo pribatura pasa den zuzenean, eta gainera fitxatu zituenak Osasun-saileko hiru edo lau kide nagusi. Ate birakarien kasu argia da. Jon Darpon osasun publikoa kudeatu zuen eta IMQ Kliniken Taldeko zuzendaria da egun. Horrek adierazten du zer harreman dagoen bi arloen artean.

Osasun-saileko zuzendari izateko, konfiantzazko kargua edo kargu politikoa behar dela diozue, beraz, politikaren garrantzia nagusitzen al da meritokraziaren gainetik?
Ez zuzendaritzaren aldetik soilik, elite funtzionarial horretan, sailburuordea, adibidez, kargu politikoa da, baina baita ere ospitaleetako gerentzia eta OSIetako buruak. Batek esan zidan ospital batean garbitzaileen burua ere kargu politiko bat dela. Osakidetza eta Osasunbidea dira osasun sailetako atal nagusiak, baina arlo politikoaren azpian daude.

Goazen esparru pribatura. Aipatu duzu CEOEk argitaratutako ‘El libro blanco de la sanidad’. Zergatik?
2015ean publikatu zen, eta oso liburu interesgarria da azaltzen dituelako euren asmoak eta horien azpian politikoek egin duten ibilbidea. Ibilbide hori oso kontraesankorra da: zerga gutxiago eskatzen dituzte baina nahi dutena da kudeatzaileek dirua izatea euren zerbitzuak ordaintzeko. Negozio aukera bezala ikusten dute zaintza eta baita osasuna ere.

Aurrontuetako datuek argi erakusten dute osasun-gastu publikoaren herena urtero pribatura bideratzeko kentzen dela.
Ez da parasitismo bat, sibiosi bat da, lortzen da zure diagnostiko tresna gehienak enpresa pribatu batek eramatea, zure anbulantziak enpresa pribatu batek eramatea, janaria… joera hori handitu da azken urteetan, eta horren biktimak gara, hori potentziatzen den neurrian, zer gertatzen da lehen arretan? Agendak izoztu dituzte orain, anbulategietako edozein medikuk esango dizu pandemia batean ez dela langile-errefortzurik izan ez ezerrez. Duela bi urteko egoeran gaude, edo okerrego. 

Lobby farmazeutikoek eta aseguru zein osasun-enpresa pribatuek gaur egungo osasun-arretan duten eragina azpimarratzen duzue ere.
Formazioan ikusten da, osasun publikoaren aldeko medikuak eta formatzaileak hori aipatzen dute aspaldi. Karreran zehar arlo farmazeutikoa nahiko indartuta dagoela ikusten duzu eta medikuntza familiarra nahiko ahulduta. Anbulategian jartzen zaren lehenengo egunetik, mediku-bisitariek berehala laguntzen dute euren produktuak saltzen.

Espektro politiko mugatuen artean harremanak eta ideologia al dute eliteek?
Hori liburu guztian ikusten da, eliteak EAEren kasuan Deustuko eta Nafarroan kasuan Opuseko jendeekin osatuta dago, eta jende hori oso lotuta daude eskumako partiduetara. Jesuitek esaten dute eliteak sortzeko formatzen direla eta opusekoek prestakuntza nazionalerako, Francoren ideologiaren esparrutik. Hori etatutuetan agertzen da, eta betetzen dute.