INFO

«Jokalariei taldeak nola jokatu behar duen konbentzitzea» izango da Mendilibarren gakoa

Jose Luis Mendilibarren aginduetara daude jada Alaveseko jokalariak eta asteazken honetan egin da bere aurkezpen ofiziala. Adierazi du «jaitsieratik irteteko moduko jokalariak» dituela taldean eta hauei «taldeak nola jokatu behar duen konbentzitzea» dagokiola berari. 

Mendilibar, Mendizorrotzan eginiko aurkezpen ofizialean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jose Luis Mendilibar Alaveseko entrenatzaile berriak adierazi du orain jokalariei taldeak nola jokatzea nahi duten sinestaraztea dagokiola, eta, lortzen badute, gauzak ondo irtengo direla ziurtatu du. 

Zaldibarko prestatzailea asteazken honetan aurkeztu dute Mendizorrotzako prentsa-aretoan, bigarren entrenamenduaren ostean. «Gaur atzo baino gusturago atera naiz entrenamendutik, eta hori ona da», azaldu du. 

«Alaves futbolaren gailurrean egon da azken urteetan eta munduko gogo guztiekin gatoz», onartu du Mendilibarrek, eta klubak emandako aukera baliatzen saiatuko dela azaldu du. «Taldeak jokatu behar duen jokatzen saiatu behar gara dagoen egoeratik ateratzeko eta zaleek goza dezaten», nabarmendu du. 

Bere ustez, jokalari onak aurkitu ditu, jaitsieratik irteteko modukoa; izan ere, ez du zalantzarik izan: «Helburua maila salbatzea da». «Klub handi batera nator eta aukerak ditugu ondo egoteko, baliabideak ditugulako», aitortu du entrenatzaile eskarmentudunak.

Duela urte batzuk Gasteizko taldean aritzeko aukera izan zuela aitortu du, baina ezin izan zuen. 

«Ideia bat duzu, eta jokalariak horietara egokitzen saiatzen zara. Ikusi behar dut benetan sinesten duten egiten dugun horretan. Aurkako zelaian jokatzen duen talde oldarkorra izatea da asmoa», azaldu du prestatzaile babazorroak.

Urtarrilean hasiko den fitxaketen merkatuari dagokionez, esan du kirol-zuzendaritza beti dagoela irekita ondo edo gaizki fitxatzeko, baina zehaztu du ikusi egin behar dela, «jendea sartzen bada beste batzuk ere aterako direlako».

Hala eta guztiz ere, igande honetan Realaren aurka jokatuko duten partida jarri dute orain helburu, eta gero merkatuan pentsatuko dute. Izan ere, Jose Luis Mendilibarrek bere lehen partida zuzenduko du Mendizorrotzako aulkian, zaletua den taldearen aurka. «Umetan talde bat aukeratzen duzu eta gerora, autoa alda daiteke, baita emakumea ere, baina taldea zaila da. Ez dut ukatuko eta futbolaren gutizia bat da lehen partida Realaren aurkakoa izatea», esan du txantxetan, Eduargo Galeano idazle zenaren esaldi famatua bere eginez.