Urtarrilaren 8ko Baionako martxa aurreikusi bezala egingo da, aldaketa txiki batekin
Urtarrilaren 8an Baionan presoen eskubideen alde eta Parisen blokeoa gainditzeko konpromisoa erakusteko egingo den manifestazioa aurreikusi bezala egingo da. Aldaketa txiki bat besterik ez da izango, zutabe baten abiapuntuan.
Heldu den urtarrilaren 8an Baionan presoen eskubideen alde Bake Bideak eta artisauek deitu duten mobilizazioa bere horretan mantenduko da, eragile horiek Twitter bidez jakinarazi dutenez. Aurreikusita zegoen bezala, manifestazioa hiru zutabetan banatuko da, eta soilik aldaketa txiki bat izango da: tren geltokitik ateratzekoa zen zutabea Reduit plazatik abiatuko da. Beste bi zutabeek Euskaldunen plazan eta Lauga kiroldegian izango dute abiapuntua. «Le temps presse, Ion, Jakes eta Unai gurekin» leloa izango du.
Urt. 8ko manifa 15:00 Baiona
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) December 31, 2021
Informazio praktikoak!
- 3 abiatze KASU aldaketa ‼️ ( Lauga, Euskaldunen plaza eta Reduit plaza ‼️)
- Ekarri harrabotsa egiteko tresnak, kasolak, joareak, danborrak, sirenak... #Urt8Janv #IonJakesUnaiGurekin pic.twitter.com/mp50X55j2H
Gobernu frantsesak ezarritako blokeoa gainditzeko herritarren engaiamendua erakutsi nahi du urtarrileko martxak, aita desobedientzia zibilaren bidetik dinamika azkarrago batera igarotzeko determinazioa ere.
Antolatzaileek zarata ateratzeko tresnak eramateko gonbita egin dute.
Hego Euskal Herrian, herriz herri
Baionako martxa Bilbon Sarek antolatu duen egun berean izango da, baina kasu honetan aurreikusita zegoen manifestazioaren ordez herriz herri egingo dira mobilizazioak, osasun egoeraren eboluzioaren eraginez. Hala, Hego Euskal Herriko plaza gehienetan jarri dute hitzordua arratsaldeko 17.00etan, atzo bertan Gasteizen egin zuten agerraldian berri eman zutenez.