Hitz gutxitan gordetzen den zentzuaz eman diote azken agurra Xanti Iparragirreri
Eskoriatzako udal pilotalekuan azken agurra eman diote Xanti Iparragirreri. Bertan izan dira Danel Goikolea, Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolariak eta Mikel Albisu, Marixol Iparragirreren bikotekidea. Honen hitzak ere izan dira entzungai.
Harmailetan, pankarta bat: "Agur eta ohore Xanti, garaipenera arte!". Pistan, ikurriña, argazki bat, «eskerrik asko herria egiteagatik», larrosak eta lore-sorta bat, dozenaka ikurriñaz babestuta eta musika eta dantzariek lagunduta senideek utzitakoak. Mahaian, Xanti Iparragirreren txapel handia eta makulua.
Pasa den igandean, urte berriari ongi-etorria ematearekin batera, zendu zen 87 urterekin Xanti Iparragirre Perurena (Errenteria, 1934), Eskoriatzako bere baserrian. Astearte honetan, San Pedro elizan egindako hileta elizkizunaren ondotik, hainbat lagunek herriko udal pilotalekuan azken agurra eman diote militante, euskaltzale, iheslari politiko ohi eta bertso eskolen sortzaileari.
Hitz gutxiko gizon bati ematen zion aterpe, igandera arte, pilotalekuan jarritako mahaian erakutsi den txapelak. Hitz gutxikoa, xumea, izan da berari eskaini zaion ekitaldia ere; hunkigarria, halere. Eta makulua izan zitekeen metafora bat, helduleku, askoren makulu, izan baitzen Xanti bera ere.
«Besarkada bat Xanti/ beroa, larria/ bertsozale guztien/ partez ekarria», kantatu dio bertsoz ekitaldian Andoni Egañak Iparragirreri. Eta ondokoa, Jon Sarasuak: «Hitz gutxirekin esan digu/ nor garen, zer den herri sena».
Eskolara joateko aukerarik ez baitzuen sekula izan Iparragirrek, baina bere eskola sortu zuen Eskoriatzan. Inoiz bertso eskola bat zapaldu gabea izan arren, Patxi Goikolea eta Juanito Akixorekin batera, Euskal Herrian aitzindari izango zen haurrentzako bertso eskola jarri zuen martxan, Almen.
Erretiratu dira bertsolariak eta erdu da Mikel Albisu, Mikel Antza, Iparragirreren suhia. Aingeru Guardako sukaldera eraman ditu astearte euritsuan errenteriarra agurtzera agertu diren lagunak: «Hor dago Xanti, ohi bezala, leiho ondoko bere talaian, berak landutako zurezko besaulkian jesarrita. 'Zer moduz, Xanti?' 'Zu ondo, eta ni?'».
Xanti Iparragirre «hitz gutxikoa» zela esan du Albisuk ere, baina hitz gutxi horietan bazela «deszifratu beharreko zentzu ezkutua», «norberaren garuna lanean jartzeko gaitasuna zeukana».
Arratoien zuloak
1981ean Iparraldera errefuxiatu behar izan zuen eta geroztik zuloz zulo ibili zen, «atxilotu eta torturatu nahi zuen Polizia espainiarretik ihesi», Albisuren hitzetan.
Bi hamarkadaren ostean, 2003an, Eskoriatzara bizitzera itzuli zen, «Euskal Herriko nortasun agiria eskuetan zeukala».
Behin kartzelara bisitan joan zatzaionekoa kontatu du Mikel Albisuk. «Galdetu nion nola egin zen Euskadi Ta Askatasunako kide. Azaldu zigun, 70eko hamarkadan berak eta lagun batek arratoiak pozoituta hiltzeko enpresatxo bat antolatu zutela, eta deitzen zieten lekuen artean Martuteneko kartzela edo polizia-etxeak ere bazeudela. Zumarragako Guardia Zibiletik deia jaso, hara joan, eta zoruko komunaren zuloa handituta ikusi zutela, 'badakizu?', esan zigun: 'Atxilotuen buruak hobeto sartzeko egina zeukaten'. 'Hori tapatu behar duzue!', esan ziela guardia zibilei. 'Hortik nola ez zaizkizue, bada, arratoiak sartuko?’».
Behin, Iparragirrek Albisuri galdetu zion ea ba al zekien zergatik zuen "Biziaren azala" izenburua bere liburuak. «Ez dakit», aitortu zion Albisuk, eta «Xanti handiak» erantzun: «Mamiaz ezin delako hitz egin».
Marixolek aitari
Bost seme-alaben aita zen, horietako bat Marixol Iparragirre euskal preso politikoa. Ekitaldian, kartzelatik aitari idatzitako hitzak entzungai izan dira: «Txori hegaldi labur batera geundela esan zenidan Zaballara hurbildu nindutenean. Zu ezin hegaldatu eta ni eraman ninduten, katez zamatuta. Gaur ez dira nire bila etorri. Ohi bezala, maite ditugunei azken agurra ematera bildutakoen artean egoteko aukera ebatsi digute. Horma hauetatik haratago naturan, bila nabil, zure seinale baten bila. Zure presentzia gauzatuko duen zuhaitz, harkaitz edo forma baten bila. Badakit hor zaudela. Sendo, lasai eta duin, eta txapela buruan».
Aitaren heriotzak Guatemalan harrapatu duen Larraitzen berbak ere aditu dira megafoniatik: «Lubakitik borrokatzen duenaren amorru eta ezintasunak. Lokatzaren erdian, baina, lorerik ederrenak. Egun eguzkitsu batzuk, bertso zahar eta berriak, garaipen txiki eta handiak, maitasuna, adiskidetasuna, borrokari emandako bizitzak dakarren asetasuna. Geografian urrun baina gertu ezagutu zintudan eta berdin agurtu zaitut».