INFO

Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez, nor baino nor Buruz Buruko final handian

Ostiral gauean jokatuko da Berriatuan zesta puntako Buruz Buruko Txapelketaren finala. Ispasterreko aurrelaria eta Zumaiako atzelaria ziren hasi aurretik faborito nagusiak, eta ez dute hutsik egin. Bigarren txapela nahi du bizkaitarrak; hirugarrenaren bila doa gipuzkoarra.

Aritz Erkiaga, Arberen aurka jokatu eta irabazi zuen finalerdian (Julen URIBE)

Zesta puntako Buruz Buruko Txapelketaren finala ostiral gauean jokatuko dute Berriatuan Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek. Adituek aipatu dutenez azken urteetako txapelketarik ikusgarriena izan da eta, Iñaki Osa Goikoetxearen hutsunea alde batera utzita, finalera iritsi diren bi pilotarien mailak hori erakusten du.

Estatu Batuetan hainbat urtez aurrelari eta atzelari onentsuenak izan ostean, Euskal Herriko pilotalekuetan zentratu behar izan dute biek halabeharrez eta ozeanoaren beste aldean erakutsitako gaitasunak bere horretan dirau etxean ere. Uda sasoian bi izar nagusiak izan ziren eta buruz buruko txapelarekin borobildu nahi dute denboraldia: bigarrena luke Ispasterrekoak; hirugarrena zumaiarrak.

Aritz Erkiagak hiru joko behar izan zituen Jokin Arbe iazko txapelduna kanporatzeko finalerdietan: 4-12, 12-6 eta 0-5. Lehen jokoan pilota berriekin argi nagusitu zen, bigarrenean sufritzea egokitu zitzaion eta hirugarren joko erabakigarrian min handia egin zion sakearekin Arberi. Sakea eta errestoa izango dira finalean ere gako nagusiak.

Imanol Lopezek, aldiz, bi joko nahikoa izan zituen finalerdian Ludovic Laduche kanporatzeko, baina lana eginda: 12-9 (8-10 galtzen joan ostean) eta 12-11. Laduche lapurtarra izan da ziurrenik txapelketako ezusteko nagusia eta finalerdian ere Lopez bezalako pilotari handi bati gauzak oso zail ipintzeko gai izan zen.

Estatu Batuetako pilotalekuen amaiera iritsi den honetan, ostiral honetako finala izan daiteke garai berri bati bultzada emateko egun ederra. Berriatuako pilotalekuan erantzun bikaina eman dute zaletuek txapelketa osoan. Pandemiak ez du asko laguntzen horrelako ekitaldiak antolatzerako garaian, baina ziur finalean ere giroa bikaina izango dela. Jaialdia 21.00etan hasten da eta aurreneko partidan Arbe-Aimar eta Barandika-Lekue neurtuko dira.