INFO

Iruñeko euskaldunentzako topagune berria izateko anbizioz inauguratu dute Laba

Urrian ospatutako aurkezpen ekitaldiaren ostean, azkenik, iritsi da Laba topagunearen irekiera ofiziala. Ostiral honetatik aurrera, Gaztelu plazako lokala erabilgarri egongo da Iruñeko euskaldun eta euskaltzaleen komunitatearentzat. 

Laba espazioaren irekiera ekitaldia. (Endika Portillo | FOKU)

Kontzertuak, pintxoak, proiektuaren inguruko azalpenak eta bertsolariak izan dira nagusi ostiral honetan, urtarrilaren 7an, ospatu den Laba espazioaren irekiera ekitaldian. Iruñeko bihotzean, Gaztelu plazan bertan, dago kokatuta Labaren lokala eta hiriburuko euskaldunen topagunea izateko anbizioz jaio da proiektua. 

Arratsaldeko 18.00etan hasi da Laba espazioaren irekiera ofiziala. Iruindarrek, jada, bazekiten zeintzuk izango ziren Labaren lan ildoak, joan den urrian espazioaren aurkezpen ekitaldi bat antolatu baitzuten. Hala ere, Labako bi kidek proiektuaren nondik norakoak gogorarazi dizkiete bertaratutako lagunei. Zehazki, Laba «erabilera anitzeko» espazio bat izango dela azaldu dute ​​«euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia», besteak beste.

Ondoren, Saioa Alkaiza, Nafarroako Bertsolari Txapelketako garailea, eta Sarai Robles bertsolariak igo dira euskararen arnasgune berria izango denaren oholtza bertsoekin estreinatzera. Jarraian, lokalaren eraldaketaren inguruko xehetasunak eman dituzte Labakideek: orain kultur espazioa dena, apustu etxe bat izan baitzen duela ez asko.

Bukatzeko, Peru Galbete eta Xanti Etxeberriak musika emanaldia eskaini dute ukelelea eta kontrabaxua joz, hurrenez hurren. Ibil bedi taldea ere iragan den abenduaren 30ean zen jotzekoa, sarrera guztiak agortuta zeuden gainera, baina murrizketa berriak bitarteko, bertan behera gelditu zen kontzertua.

Finantzaketari dagokionez, Labaren irekiera ez litzateke posiblea izango euskal jendarteak crowdfunding bidez egindako ekarpengatik izango ez balitz. Labakideek hasiera batean ezarritako minimoa, 10.000 euro, aise gainditu dituzte eta are gehiago, ezarritako finantzaketa optimoa, 30.000 euro, gainditzea ere lortu dute, guztira 31.770 euroko kapitala lortuz proiektuarentzat.

Laba asteazkenetik igandera goizeko 9.00etatik hasita gaueko 21.00etara arte egongo da zabalik.