Pirritx, Porrotx eta Marimototsen euskararekiko konpromisoa omendu du AEK-k Gure Zirkuan
AEK-k, 22. Korrikaren kanpainaren barruan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu ditu 34 urteko ibilbidean euskararekiko erakutsitako konpromisoagatik. Omenaldia Gure Zirkuaren karpan izan da, Tolosan.
Poxpolo ez da ostiral honetan Gure Zirkuko karpa barrez bete duen pailazo bakarra izan. Izan ere, AEK-k Pirritx, Porrotx eta Marimotos gonbidatu ditu Tolosan Gure Zirkuak antolatu duen emanaldira 34 urte luzeko ibilbidean zehar hiru sudurgorriek erakutsitako euskararekiko konpromisoa omentzeko. Harmailak erabat beteta eta ‘sold out’ kartela zintzilikatuta egon diren honetan, 22. Korrikaren promozio kanpainaren baitan kokatu da pailazoei egindako aitortza.
Hori horrela, AEK-ko ordezkariek eta Hik Hasi elkarteko kide batek oroigarri bana eman die Aiora Zulaika, Joxemari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezi (Pirritx, Porrotx eta Marimotos) 22.Korrikaren izenean.
Asier Amondok, AEK eta Korrikaren bozeramaile lanak eginez, gorazarrea egin die sudurgorriei 34 urte hauetan egin duten ibilbide oparoagatik. Konkretuki, 1987ko eguberrietan igo ziren pailazoak oholtzara lehen aldiz, Lasarte-Orian. «Euskara ez zutenean, euskaltegietan eta barnetegietan, euskara ikasteari edota hobetzeari ekin zioten, eta, orduz geroztik, euskara ahoan ibili dute 34 urte hauetan», gogorarazi du Amondok.
Hortaz gain, katxiporretarrek euskararen transmisioan izan duten eragina goraipatu du Amondok: «Pirritx, Porrotx eta Marimototsek zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, haien hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote».
Irrien lagunek, beraien aldetik, egindako aitortza bihotzez estimatu dute. «Gaurkoa egun oso oso oso berezia da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldea osatzen dugun guztiontzat! Eskerrik asko bihotzez AEKri eta Korrikari! Sentitu, pentsatu eta HitzEkin, beti elkarrekin!», eskertu dute aurtengo Korrikako leloari erreferentzia eginez.
Publikoari dagokionez, ohiko familia eta ikusleez gain, Euskal Herriko hainbat eragile izan dira publikoaren artean: euskalgintzakoak, agintari politikoak, sindikatuak eta abar.
82 egun faltan
82 egun falta dira 22.Korrika Amurriotik Donostiarantz abiatu dadin. Martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean hartuko ditu euskararen aldeko ekimenak Euskal Herriko kale eta errepideak eta, horretarako, ‘HitzEkin’ kantua jarriko dute bozgorailuetatik. Edizio honetako izaera poperodun kanta Nerea Urbizu, Anari eta Ane Garciak interpretatu dute.