INFO

Ezkurdiak eta Tolosak sukaldaturiko partida Elezkano II.ak eta Zabaletak jan dute (16-22)

Ezkurdiaren musikarekin dantza egin behar izan dute egungo binakako txpaldunek, baina 13-14 aurretik jarri diren unetik aurrera, bikote urdina nagusi izan da. Zabaletak sekulako pilotakadak eman ditu eta Elezkanok hamar tanto egin ditu aurreko koadroetan.

Elekano II.ak 10 tanto egin ditu (artxiboko irudia) (Raul BOGAJO | FOKU)

Ezin biek irabazi eta lastima da hori. Ezkurdia eta Tolosak Binakako Txapelketan azken postuan jarraituko dute, nahiz eta larunbat honetan Labriten sekulako gatza eta piperra eman liderren aurkako demari.

Bikain sukaldatu du bikote gorriak Iruñeko neurketa, baina behin 13-14an aurreratu direnetik aurrera, partida txapeldunen alde jarri da. Elezkano II.ak 10 tanto egin ditu eta Zabaletak, tarteka pare bat bider kale ere egin badu ere, sekulakoak eta bi eman ditu, eta neurketari amaiera aparta eman dio zabaleko puntan dejada baten bitartez.

Neurketak bi zati garbi izan ditu, ez baitio oso txukun ekin Zabaletak, eraman beharreko erresto bat eta atzeko pilota bat galduta, eta Ezkurdiaren horma-biko bati esker, 3-0 aurreratu baitita Binakako Txapelketako azken sailkatuak.

Baina Xabi Tolosari goregi joan zaion pilotakada baten ostean, berehala espabilatu dira egungo binakako txapeldunak. Zabaletak erreboteko zuloan sartu du Tolosa eta Elezkano II.ak hirunakoa ezarri du ezker gantxo zail bati esker.

Ekimena gorriek mantendu dute hasiera horretan, hala ere. Zabaletak dejadaz tanto nahasi bat erabaki badu ere, Ezkurdia jokoan sartu den bakoitzeko urdinak defentsan eta dantzan erabili ditu Arbizukoak. 6-4koa bukatzeko bota duen dejada zabalean, esaterako, ikaragarria izan da, aurrez Elezkano II.a eta Zabaleta aurrera eta atzera, ezkerretik eskuinera korrika baten erabili baititu.

Ezkurdiari bezala, Xabi Tolosari piloteoa eusteko meritua errekonozitu behar zaio. Hala ere, Arbizukoaren partida hasiera gogoangarria izan da, Zabaleta zalantzatan murgiltzea lortu baitu, artean, Danel Elezkanok ez baitu partidaren zama hartzeko imintziorik ere egin, bere ingurura etorritako pilotak astintzea ez bada. Horrez gain, Zaratamokoak sakez falta ere egin du, 8-7 hurbiltzea lortu ondoren.

Ezin esan estretegikoki partida prestatu ez dutenik gorriek, batez ere Zabaletak eroso jo dezan saihestu nahian. Noski, teoria hori beti ezin da bete, eta hutsunerik txikiena eginez gero, urdinak berriz ere gainera etorri dira, partida erdira iritsita beti atzetik egonda ere. Hala, 10na berdindu dute egungo txapeldunek ia eginda izan duen tantoa txapara alde egindako erremate batekin itsusitu baitu Ezkurdiak.

Sailkapenari begiratuz gero, harrigarria izan da gorriek garaipen bakarra dutela ikustea;  partidari so egon denak, aldiz, harrituta ikusi du lan erdietara 11-10 bakarrik aurretik iritsi izana gorriak. Aurretik iritsi dira ere Ezkurdia eta Tolosa aurreneko atsedenaldi luzera, eskuin boleaz horma-bikoarekin tantoa eginda 12-11koa ezarri baitu Arbizukoak.

Elezkanok ere aurrera

Atsedenaldi horren bueltan ikusi da bikote urdinean Danel Elezkano bera ere jokoan gehiagotan sartzen. Ezkurdiari beldurrik gabe, Zaratamokoak bere atzelariaren konpartsa baino gehiago ere badela erakutsi du. Gorriek ere, nekeak eraginda, haiserako hiruzpalau tantoko aldeak ez dituzte gehiago ezagutu eta azkenean, Tolosari sotamanoz behera joan zaion pilotakada baten ostean, 13-14 aurreratu dira, partidan aurrenekoz, Elezkano II.a eta Zabaleta.

Urdinek erasoan ez ezik, defentsan ere bikainak direla erakutsi dute. Postuz aldatuta izanagatik Ezkurdia eta Tolosaren jokoaren poderioz, Elezkanok gorrien bonbardeoa ederki eraman du lepo gainean; are gehiago, aukera izan duen aurreneko aldiz, aurrelari bizkaitarrak ezker gantxo bikain batekin amaitu du 13-15ekoa. Gorriek, desesperatuta, atsedenaldia eskatu behar izan dute, egungo txapeldunak burdinezkoak direla erakutsi baitute estutasun momentuetan ere.

Eta une horretan gorriek beherantz egin dute apur bat. Ezin aurrean gainditu, atzean Zabaleta nagusi, ahaleginak ahalegin, urdinek beren erritmoa ezartzea lortu dute eta, 0-6ko partziala erdietsi ostean, 13-18 jarri dute markagailua urdinek, azken tantoan Elezkanok buruz gain gorriengandik urrutiko pilotakada elegante bat kokatu ondoren.

Zabaleta ere amaren semea da, antza, eta kanpora ihes egin dio ezer askorik ez zuen pilota batek. Hantxe ikusi dute hil ala bizi azken aukera erretzeko abagunea gorriek, eta Ezkurdiak eskuin boleaz amaitu duen horma-biko batek 15-18koa igoarazi du markagailura. Are hurbilago, Zabaletak ezkerrez zabalera dejada botatzen hasi eta kanpora hanka egin dionean.

Danel Elezkanok zuzendu du oraingoan ere gorrien balizko okertzea, bien erdira efekto eta guzti moztutako pilotakada bikain bati esker. Urdinek beren pilota atera dute, eta hurrengo bi tantoetan errebotean sartu dio pilota Zabaletak Tolosari. Halako nagusitasunaren aurrean, lanean gogor ekin arren, txaloak jo behar txapeldunei. Are gehiago Zabaletak partidako azken tantoa zabaleko puntan dejada milimetrikoa bota eta gero amaitu duenean. Gorriek gatza eta piperra jarri diote partidari eta ederki sukaldatu dute, baina ezin urdinen gula saihetsi, ase ezin, sailkapen nagusian lidertza berretsi baitute zazpigarren garaipena lortuta.

Jon Erasuni omenaldia

Jaialdiko aurreneko partidan Jon Erasun atzelari zizurkildarrak profesionaletako bere azken partida jokatu du. Artola aurrelari duela, Agirre eta Aretxabaletaren aurka 15-22 galdu du, Agirrek aurreko koadroetan egindako lan bikainari esker.

Jon Erasunek omenaldi polita jaso du bere azken partidaren ondoren. (Iñigo URIZ/FOKU)

Dena den, atzelari gipuzkoarrak hunkituta laga du Labrit pilotalekua, neurketaren amaieran Baiko enpresak eta bi enpresetako pilotariek omenaldi txiki bat eskaini baitiote, harmailetan bildutako zaleen txaloen artean.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 582.

Iraupena: 65:58 minutu.

Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 3-3, 4-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-5, 8-5, 8-6, 8-7, 9-7, 10-7, 10-10, 11-10, 11-11, 12-11, 12-12, 13-12, 13-18, 16-18, 16-22.

Sakez: 1 Ezkurdiak eta 0 eta falta 1 Elezkano IIak.

Tantoak: 7 Ezkurdiak eta 1 Tolosak; 10 Elezkano II.ak eta 6 Zabaletak.

Galdutakoak: 1 Ezkurdiak eta 5 Tolosak; 1 Elezkano II.ak eta 6 Zabaletak.

Gorabeherak: Sarrera erdia Iruñeko Labrit pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.