INFO

Salbuespenaren aurkako adostasuna berretsi da Euskaldunan, EAJk mobilizazioak kritikatu arren

Espetxe arloko salbuespen lege eta jardueren aurkako euskal gehiengoa bistaratu da larunbat honen eguerdian Euskalduna Jauregian, Kataluniako bultzada handia ere batuz. EAJren mezuak zertxobait nahastu du mezu nagusi hori, arratsaldeko mobilizazioak desegokitzat hartu baitu.

Sindikatuetako ordezkariak, Euskaldunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko gehiengo politikoa ordezkatzen duten alderdiek eta sindikatu nagusi guztiek Bilboko Euskalduna Jauregian atxekimendua eman dioten gaur Sarek deitutako mobilizazioari, espetxe arloan salbuespen egoerak behingoz atzean uzteko ordua badela nabarmenduz.

Honela, arlo politikotik EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu eta Nafarroako Ahal Dugu egon dira, bai eta sindikatu guztiak ere.

Kataluniatik ere, independentismoaren esparruan kokatzen diren alderdiak eta eragileak Euskalherriratu dira aldarrikapen honekin bat eginez, beren artean Carme Forcadell bertako Legebiltzarkide presidente izandako eta preso politiko ohia edo Jordi Sànchez, hau ere espetxeratua «procés»aren aurkako espainiar erasoaldian. BNGk ordezkaritza ekarri du.

Eledun ezberdinek egindako adierazpenetan argi gelditu da adostasun hori. Baina EAJko bozeramaileak, Irune Berasaluze legebiltzarkideak, arratsaldeko mobilizazioen aurkako hitzak izan ditu. Ohikoa da EAJk urteko hitzordu honetan kalera ez ateratzea, baina oraingo honetan presoen alde egiten den «lan politikoari kalte egiteko» ustezko arriskua aipatu du. Gogoratu behar da pasa den urriaren 1etik EAEn espetxe arloko eskumena Lakuako Gobernuarena dela.

EAJ, EH Bildu, ELA eta LAB

Zertxobait kontraesankorra izan da Berasaluzeren azalpena, hasieran presoen aldeko mobilizazio guztiei «errespetua» adierazi nahi izan dielako eta gero «zenbait mobilizazio, zenbaitetan» kaltegarriak izan daitezkeela aipatu baitu. Gainerakoan, Gobernu espainolari zuzendu zaio bereziki Berasaluze, «salbuespena politikari amaiera jar diezaion».

EH Bilduren partetik Maddalen Iriartek bat egin du aldarrikapen nagusiarekin, «presoek Euskal Herrira itzuli behar direla eta espetxe graduetan aurrera egin behar dutela» nabarmenduz. Arratsaldeko mobilizazioen garrantzia aipatu du eta biktimen arteko mahai-ingurua ere oso positiboki baloratu du: «Bakerunt eta elkarbizitziruntz urratsak ematen jarraitzeko, biktima guztiak aitortuak izan behar dira eta egia eta erreparazioa behar dituzte».

Euskal sindikatuen partetik, ELAko idazkari nagusi den Mitxel Lakuntzak Estatuko Fiskaltzaren jarrera kritikatu du espreski, presoei kalerako bidea egiteko oztopatzen dielako. «Urratsak» eman direla aitortu du, baina gehiago behar direla gogora ekarriz.

LABeko Igor Arroyoren ustez, garrantzitsua da sindikatuen artean afera honetan lortu den «aho batezko» posizioa. Bere ustez ere, «urrats batzuk eman dira, baina ez dira nahikoak. Presoen gradu progresiorako dauden oztopoak behingoz amaitu behar dira».

Forcadell, Sànchez eta Botran

Arestian esan bezala, Kataluniatik etorritako ordezkaritza zabal-zabala izan da (urrian Donostian izango manifestazioan ere halaxe gertatu zen). ERCko Carme Forcadellek goizeko biktimen arteko mahai ingurua izan du hizpide, «edozein gatazka politiko konpontzeko, berradiskidetzeko politikak behar direla» txalotuz: «Ekitaldi hau bide ona da, onena».

«Biktima guztiak omendu, errespetatu eta entzun behar ditugu. Oso garrantzitsua da hori, euskal presoen egoera salatzea oso garrantzitsua den bezalaxe. Guztiz bateragarriak dira biak, biktimekiko omena eta errespetua eta presoek jasaten duten giza eskubideen bortxaketaren salaketa».

ANCko presidente ohia eta egun Junts-eko ordezkari den Jordi Sànchezek erantsi duenez, salbuespen politiken amaiera «euskal gizartearen gehiengo oso garrantzitsuaren eskaera da». «Legedia aldatu eta salbuespen horiekin bukatzeko, erabakitasunez lanean egiteko konpromisoa dugu Diputatuen Kongresuan», ziurtatu du.

ETAren indarkeria amaitu zenetik hamar urtetara, «ez dago indarkeriaren fase hartan onartutako legedi hura aplikatzen jarraitzeko inolako arrazoirik», argudiatu du Sànchezek.

CUPeko diputatu den Albert Botranek, bere aldetik, espetxe arloko politika hau «errepresio bide erantsi»tzat jo du. «Bukaera jarri behar zaio. Preso asko eta asko kalean egon litezke zigor neurri erantsi hauek ezarriko ez litzaizkie», ekarri du gogora.

ERCren partetik Esther Capella Kataluniako legebiltzarkidea egon da Bilboko ekitaldian, bai eta ANCko buru den Elisenda Paluzie ere.