INFO

Zer balio du arkitekturak?


Erakunde baten arduradunak esan zigun gure praktika, arkitektura, sektore ekonomiko huts bezala duela sailkatua Jaurlaritzak. Alegia, administratzen gaituztenok ez dutela arkitekturaren kultura gaitasunean sinesten, sektore ekonomikoen kaxoian daukatela sailkatua.. «Orduan, zer balio du arkitekturak?», galdegin nion.

Betidanik pentsatu izan dugu –onartu ere– hiri edota paisaian zehar murgiltzea, ibiltzea, toki horren istorioak irudikatzeko esperientzia egokiena izan dela, tokiak eta kulturak ezagutzeko modu aparta. Hiriko eraikin, zubi, plaza edota kaleak memoria kolektibo baten transmisore dira. Baina, beharbada, postmodernitate gisa izendatzen den garaiak, kaxoi eta zatikako botere esparru txikiak behar ditu gobernu baten iruditeria ordenatzeko.

Oraindik ere, ondorioz, pasticheak adoratzera kondenatuak gaude, kultura osatzeko pasticheak behar ditugu oraindik. Euskal Herriko arkitektura baten inguruan eraiki zaigun memoria, garai historiko gogor bateko irudi baten eraikuntza erromantikoa da, eta horrek du sarbide erraza kulturaren imajinarioan. Ondare bilakatzen den fikziozko irudi horrek du bakarrik lekua kulturaren nazioarteko esposizio folklorikoan. Eta nazioartean, Basque deritzon zigilupean erakusten den iruditeriak jauzi handia egiten du agro-irudi erromantikotik, argi distiratsuz beteriko arkitektura itsutzailera. Bitartean, tarteetan, modernizazio eta errebisio bidean eginiko esfortzuek ez dute, dirudienez, kulturaren memorian aztarnarik utzi. Adibide gisa, Luis Peña Gancheguik bere lehen garaian eginiko lanek nazioarteko kritikan tokia egin zuten. ‘Erregionalismo kritiko’ gisa izendatu zen arkitektura hark, tokiko memoria, ezaugarri eta ahalmenak kontuan hartzen zituen, lehen garai hartako hiribilduak dentsifikatzeko prozesuan. Paisaia malkartsuak eta oinordetzan hartutako memoria jaso eta kultura zabal berri baten nahiak bultzatutako arkitektura bat azaltzeko garaia zen. Tamalez, berehala joan da desagertzen gure kulturari astindu bat eman nahi zion arkitektura horren presentzia. Konplexu erregionalistek, alde batetik, eta merkatuaren nahi asegabeek, bestetik, lortu zuten unibertsaltasun distiratsu baten bidezidorra hemen ere gailentzea. Askok diote modernitatea bukatu gabeko proiektua dela. Esango nuke erregionalismo kritiko hura ere bukatu gabeko proiektua izan dela. Izan ere, paisaia berdinean gabiltza lanean eta bestelako praktika kulturalek egin duten esfortzua ez da arkitekturan mamitu, oraingoz.

Juan Herrerosek dioen bezala, munduak pentsatzeko eta irudikatzeko lana dauka arkitektoak. Munduak azaltzeko edo horiek ulertzen saiatzeko, hain zuzen ere, hiri baten sorreran, utopia baita beharrezko pizgarria, Lewis Mumfordek idatzi bezala. Hortaz, arkitektura praktika estetiko zabal gisa uler dezakegu. Izan ere, eskuz pentsatzen dugu arkitektura, eskuz banaka, binaka edota modu kolektiboan, taldean, eta jardun horrek imajinazioarekin du erlazio zuzena. Eta imajinazioaren erregaia, jakina denez, memoria da. Memoriarik gabe ezinezkoa dugu geure inguruaren eragite, astintze edota moldaketa ariketa bat irudikatu. Arkitektura lanean, oinarrian, irudien bildumak eraikitzen dira eta bilduma horien bitartez ematen zaizkie esanahi berriak proiektatzen diren objektu, leku edo hiri zatiei. Gauzak horrela, hiria egitearen helburu nagusia, eta arkitekturarena alegia, kultura baten euskarri den horretan pentsatzea litzateke, nahiz eta beste muturrean, sistema neoliberalak arkitektura ikuskizun distiratsu bezala agertu digun, beharbada, kultura sailetik atera eta batzuen mesederako merkatugintzara soilik baztertu asmoz.

Arkitekturak, soilik utilitarismoan jarduten duenean, memoria distortsionatzen du. Begiratu besterik ez daukagu azken urteetan, jasangarritasunaren –eta ekonomiaren– aitzakiapean, nola auzo eta eraikin askoren homogeneizazioak hiriek zuten historia errelatore gaitasuna ezabatu duten. Ezinezkoa zaigu geure hirien auzo ezberdintasunak eta haien momentu historikoak irakurtzea, eraikinek jantzi termiko berbera jarri baitute han-hemenka. Herrerosek dio jasangarritasuna ez dela zientzia edo espezializazio bat, baizik eta kultura bat. Kultura, berez, elkartzen gaituen hura da, elkartu edo bereizi baina, gutxienez, elkarrizketan jartzen gaituen material edo kontakizun hura. Terry Eagletonek kulturaren azterketari eskaini dizkion pasarteetan erraz aurki genezake, garapen eta lan intelektual eta artistikoetatik haratago, kultura elkar ulertzeko modu bat ere badela, elkar bizitzekoa alegia. Arkitekturak ere leku horretara itzuli behar du, desio edota nahi kolektibo baten gorpuzte ahalmena praktikatzera alegia. Halakoetan, kulturaren errelatoa ez da objektu baten bitartez ematen. Esperientzia edo bizipen partekatu batek ematen dio forma kultura bilakatu daitekeen momentu horri. Izan ere, Derridak zioen bezala, komunitate batek arkitektura beharra aitortzen ez duen arte ez da arkitekturarik agertuko.

Hortaz, zer balio du arkitekturak? Kultura eragiteko balioa behintzat bai, kultura etengabe aldakor edota finkotasunik gabe elikatzen dugun hura dela onartzen badugu.