INFO

Nazkatuta

Ezjakintasunetik ez naiz gehiegi aldendu, baina nazkatuta egote horretatik ihes egiteko gogoa badut. Eta aurrera begira jartzeko unea da.


Mendi bat igo duenak ongi daki azkena dirudien aldapa horren atzean beti egon ohi dela beste bat. Eta horren ostean, azken bat. Edo azken-aurreko bat. Eta holaxe gabiltza pandemia kontuetan. Uda amaieran ziurtzat jo genuen gailurra zapalduta genuela eta aldapan beherakoa baino ez zitzaigula falta. Magal haren atzean, baina, aldaparik zailenetako batekin egin dugu topo.

Pandemiaren hasiera oso gogorra izan zen: konfinamendua, heriotzak, osasun langileei txaloz ordaindu nahi izan zitzaien lan karga estra. 22 hilabeteren ostean, hori guztia ez da gutxitu eta horri nekea gehitu behar zaio. Amaiera ez ikustearen zama. Hasieran txertoa saldu zen amaiera horren giltzatzat. Eraginkortasuna inola ere ezbaian jarri gabe, sentsazioa duela urtebete bezain urrun gaudela da. Orain, Omicron hiperkutsatzailea izan litekeela gailurra.

Bi urteotan asko kosta zait gaiaren inguruan iritzi bat ematea. Ezjakintasuna zen nagusi eta, hori dela-eta, agintariak agian inoiz ez bezala ulertu ditut. Orain, iparrorratzik gabe ari direla, han eta hemen, argi daukat. Zer egin jakin gabe, baina zerbait egiten ari diren itxurakeriaz.

Bitartean gizarteak ezin du ezer egin. Edozein gizarte ekimen, familia bazkari bat, lagunarteko trago bat, mendi ez metaforiko bat igo osteko mokadua edo laneko bilera bat dira arrisku gune.

Ezjakintasunetik ez naiz gehiegi aldendu, baina nazkatuta egote horretatik ihes egiteko gogoa badut. Eta aurrera begira jartzeko unea da. Ez dakit noiz arte egon beharko dugun koronabirusaren aurkako txerto dosiak jartzen, baina badakit inoiz ez dugula orain dugun populazioaren ehuneko handiagorik izango txertatuta. Ehunka iritzi-emaile eta milaka orojakitun, horrek ere ezer gutxitan lagundu du. Egin ezin diren bazkari horien bazkalostean ez bada.

Ni nazkatuta nago eta esango nuke gizartearen parte gero eta handiago bat sufritzen ari dela dagoeneko aje hori. Eztanda horri bizkarra eman edo gailurretik etxerako bidea berriz indarrez hartu. Hor dago koska.  

Eta ez ahaztu: mendi bat jaistea ere luzea eta gogaikarria gertatu ohi da.