INFO

Gasteizko Zentro Sozialista hustu eta gazteei oldartu zaie Ertzaintza

Ertzaintzak hustu egin du Gasteizko Zentro Sozialista eta kaleratzea salatzeko mobilizatu diren gazteen aurka jo du. Protestak hiriko erdigunean errepikatu dira eta Laboral Kutxaren egoitzan kateatu den gazte bat atxilotu dute. Arratsaldean mobilizazioa deitu dute, Andra Mari Zurian.

Ertzaintzak gazteei oldartu zaie. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ostegun honetan hustu egin du Ertzaintzak Gasteizko Zentro Sozialista, eta oldartu egin zaie operazioa salatzeko mobilizatu diren gazteei.

Protestak goiz hasi dira, 9.00ak aldera, hiriko erdigunean, Dato kalean dagoen Laboral Kutxaren egoitzan. Bertan gazte bat kateatu da, enpresa horren jarrera salatzeko. Izan ere, Laboral Kutxa da pasa den urtean Kontseilu Sozialistak okupatu zuen lokalaren jabea.

Jendetza bildu da kateatu den gazteari elkartasuna adierazteko, eta Ertzaintzaren kolpeak jasan dituzte. Bederatzi gazte identifikatu dituzte agenteek eta bat, kateatu egin dena, atxilo hartu dute.

Ondoren Ertzaintzak Monseñor Estenaga kalea itxi du, kale horretan dagoen Zentro Sozialista husteko. Orduak igaro dira sartu diren arte.

Bitartean dozenaka gazte hurbildu dira bertara kaleratzea salatzeko, eta tentsio uneak errepikatu dira. Ertzaintzak berriro jo du haien aurka, eta hainbat gazte zauritu ditu.

«Identifikatuak, zaurituak eta atxilotu bat utzi digu gaurko egunak. Horregatik eta espazioaren defentsa egiteko gaur 18.30etan Andra Mari Zurian», adierazi du Kontseilu Sozialistak sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.

Hamarnaka pertsona batu dira arratsaldeko elkarretaratzean «Zentro sozialistak defendatu» lemapean. «Antolakuntza komunista», «Gogor eta tinko espazioen defentsan» eta «espaziorik gabe, antolatzerik ez» leloak ohiukatu dituzte.

«Burgesiak demostratu du bere eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela langileriak espazioen gaineko kontrola ezarri ez dezan. Baina ziur gaude indar metaketa eta antolakuntza efektiboa direla garaipenaren gakoak», aiderazi du bozeramaileetako batek.