INFO

Osakidetzako lehen arretaren egoera «jasanezina» dela salatu dute sindikatuek osasun etxeetan

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGTk elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentroetan, lehen mailako arretan bizi duen «kolapso egoera» salatu eta «berehalako neurriak» exijitzeko.

Lehen mailako arretako osasun langileen elkarretaratzea Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentroetan. Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera «jasanezina» dela salatu dute, eta benetako eta berehalako konponbideak galdegin dituzte.

Gainera, sindikatu hauek manifestazioak deitu dituzte urtarrilaren 23rako Bilbon, Donostian eta Gasteizen, lehen mailako arretak duen «kolapso egoera» eta «ospitaletako arretaren gainkarga» salatu eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatzeko.

Sindikatuek honako eskatu dute mobilizazio ezberdinetan: aurrekontua handitzea Europar Batasunaren parera iritsi arte (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira sindikatuen esanetan); behin-behineko milaka langile finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; eta lan kargak arrazionalizatzea eta hutsune guztiak lehen egunetik ordezkatzea. Azken batean, lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat.

Sindikatuen arabera, Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera «jasanezina» da, bai langileentzat, bai herritarrentzat. «Pandemiak are gehiago tenkatu du lehendik zetorren egoera larria; izan ere, arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak», nabarmendu dute.

Hala ere, pandemia hau, kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia kalitatea are gehiago prekarizatzeaz gain, Osakidetzak «murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia» ere bihurtu da sindikatuen arabera.

«Horrek guztiak, planifikaziorik, errefortzurik eta inbertsiorik gabe eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan karga handituz, egoera larrian utzi du lehen mailako arreta», gehitu dute.

Gogoratu dutenez, pandemiaren aurretik, langileek hiru greba egun egin zituzten 2019an, inbertsio faltagatik, irisgarritasun murrizketengatik, zerbitzuen eskaintza ezagatik eta profesional eskasiagatik.

«Osakidetzak, orduan, Lehen Mailako Atentzioko Estrategiaren dokumentu bat jarri zuen mahai gainean, nahikoa ez zela esan genuena, benetako arazoei ez zielako erantzuten. Baliabide materialak eta profesionalak falta dira, eta, batez ere, apustu argia egin behar da lehen mailako arreta osasun publikora sartzeko lehen atea izan dadin», azpimarratu dute.

Sindikatuen ustez, pandemiaren aurretik eta bitartean konponbiderik ez egoteak agerian uzten du ez zegoela aurreikuspenik, eta ez zegoela «benetako borondaterik egoera konpontzeko».