INFO

Zugarramurditik Erratzura arteko martxa egingo du Ernaik, Elizondon jaialdi batekin amaitzeko

‘BostEHun eta zutik!’ lelopean ospatuko du Ernai gazte antolakundeak aurtengo udaberriko ekimena, apirilaren 14tik 17ra. Zugarramurditik Erratzura martxa egingo dute, ostean Elizondora iristeko. Musika doinu, hitzaldi eta tailerrez beteko dute Baztan gazte independentistek.

Elizondon egin du Ernaik udaberriko ekimenaren aurkezpena. (Jon URBE | FOKU)

Urteroko gazte independentisten topalekua da udaberriko ekimena. Eta aurten ere hala izatea espero dute Ernaiko kideek; bi urteko geldialdiaren ostean, Euskal Herriko gazteria independentistak berriz topo egiteko unea izango baita. Baztanen jarri dute hitzordua.

Covid-19aren ondorioz bertan behera gelditu zen 2020ko ‘bidEHbat’ gazte martxa eta 2021eko apirilean zehar «eredua birpentsatu» eta ‘EH! Ez gaude inoren zain’ lelopean hainbat kontzertu antolatu zituen gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko hainbat txokotan.

Ostegun honetan Elizondon egindako agerraldian azaldu dutenez, aurtengoan ekimena ohiko moduan aurrera eramatea da gazte antolakundearen asmoa. Horretarako, gazte martxa eta musika jaialdia uztartuko dituen formatua dute esku artean. Baztanen lurreratuko da egitasmoa, ‘BostEHun eta zutik!’ lelopean.

Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, «zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria» badela aldarrikatuko dute. Efemeridea aitzakia hartuta, aurrera begira jarri nahi du antolakundeak: «Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada irudikatu nahi dugu ekimenean».

«Bestelako Euskal Herria posible delako: feminista, justua, ekologista... Eta gazteok eguneroko lanean ari garelako bide hori eraikitzen; herriz herri, auzoz auzo, gazte asanbladetan, neska gazte taldeetan, ikasgeletan, bertso eskoletan, osasungintzaren aldeko plataformetan...», gaineratu dute.

Egitarau politiko eta musikala

Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da gazte martxa eta Erratzun egingo dute geldialdia. Hurrengo egunean Erratzutik Elizondora iritsiko dira eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari. Hitzaldiek, tailerrek eta aisialdi eskaintzak osatuko dute egitarau zabala. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da egitasmoa.

Alta, ostiral eta larunbatean musika eskaintzak hartuko du erdigunea, musika jaialdi oparo bat antolatuko baitute. Hainbat talderen izenak eman dituzte jakitera: Xiberoots, Herdoil, Perlata, Iheskide eta Tribade taldeak izango dira Elizondon, beste askoren artean. Hemendik eta aste batzuetara iragarriko dute kartela osorik, sarrerak salgai jartzearekin batera.