INFO

Tongako sumendiaren ondorioz gertatutako tsunamiak alerta piztu du hainbat herrialdetan

Olatuak Tonga uhartea eta Japoniako kostaldea jo du. Txile, Zelanda Berria eta Estatu Batuak bezalako herrialdeek, arriskuan egon daitezkenak, euren biztanleei ebakuatzeko mezua helarazi diete.

Tsunami arrisku-eremuaren seinale bat Kalifornian. (Patrick T. FALLON | AFP)

Tonga uhartetik (Hego Ozeano Barea) gertu, itsasondoan dagoen sumendi baten erupzio bortitzak tsunamia sortu eta irlako kostaldea jo du, tokiko komunikabideek jakitera eman dutenez. Japoniako Pazifikoko kostaldera ere iritsi dira metro bateko olatuak, baina ordurako biztanleak ebakuatuak zituzten.

Olatu handiek Tongako hondartzako lehen lerroan kokatutako etxeak eta eraikinak jo dituzte, eta berehala urak hartu ditu inguruak, sare sozialetan argitaratutako bideoen arabera.

Lekukoen arabera, sumendia erupzioan sartu da 17:20ean (4.20 GMT) eta errauts laino handi bat bota du airera, Radio New Zealand atariak jasotzen duenez.

Tongako Meteorologia Zerbitzuak itsaspeko sumendiak eragindako hodeiaren satelite irudi txundigarria argitaratu du Facebookeko profilean. Bezperan gero eta aktibitate handiagoa erakusten zuena eta une batez tsunami alerta piztu zuena.

Tokiko agintariek tsunami alerta ezarri dute herrialde osorako, Hunga-Tonga-Hunga-Ha apai itsaspeko sumendiaren erupzioaren ondoren, Tongatapu uhartetik 65 kilometrora, 71.000 biztanle inguru dituen uharte honetako uharte nagusitik. Kostaldean bizi diren herritar guztiei eskatu diete toki garaietara joateko, olatuen oldarralditik babesteko eta errauts-euriaren aurrean maskarak erabiltzeko. 

Japoniako kostaldera metro bateko garaiera baino gehiagoko olatuak iritsi dira jada, nahiz eta bertako Meteorologia Agentziak dionez Amami, Tokara eta Iwate irletara hiru metroko olatuak iritsi daitezkela.

Sumendiak eragindako tsunamiaren bilakaera ezin denez iragarri, adi egotea gomendatu du agentziak. Azaldu duenez, hasiera batean itsasoan ikusitako marea aldaketak ez dizkiote erupzioari egotzi, baina olatuek metroa gailendu dutenean alerta deitzea erabaki dute.

Ebakuazioak

Bestalde, Txilek zazpi zonalde hustea erabaki du tsunami handirik espero ez den arren. Kostaldeko biztanleek alerta mezua jaso zuten euren sakeleteko telefonoetan eta bozgorailuetatik leku seguru batera joateko abisua zabaldu dute.

Zeelanda Berriaren defentsa Zibilak aurreratu duenez, «iparraldeko eta ekialdeko kostaldeek eta Chatham uharteek korronte indartsu eta ezohikoak eta aurreikusi ezin diren olatuak izango dituzte».

AEBk tsunami abisua eman du herrialdearen mendebaldeko kostaldean. Metro erdiko olatuak espero badira ere, adi egotea eskatu diete Hawaii, Kalifornia, Oregon, Washington eta Alaskako kostaldeko biztanleei.