INFO

Bera Berak Sagunton estreinatuko du urtea; Zuazoren Tenerifeko partida, atzeratuta

Pasa den asteburuan bertan behera geratu zen donostiarrek Lanzaroten jokatu behar zuten lehia, Zonzamas Lanzarotek zituen kasu positiboen ondotik. Hala, 2022. urteko estreinako partida Morvedreren aurka jokatuko dute. Zuazok, aldiz, Tenerifek antzeman dituen covid-19 kasuengatik, atseden izango du. 

Esther Arrojeria 2021. urteko azken partidan, Ramnicu Valcearen aurkako kanporaketan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Larunbat honetan 19.30etatik aurrera jokatuko du Bera Berak 2022. urteko aurreneko partida ofiziala. Pasa den astean Lanzaroten jokatzekoa zen dema bertan behera geratu zen Zonzamas taldeko zenbait jokalari covid-19an positibo eman ostean –urtarrilaren 28an jokatuko da–. Hala, astebete gehiago itxaron behar izan dute donostiarrek berriro lehiara itzultzeko. 

Bi hilabete bete dira jada azken neurketa ofiziala jokatu zuenetik –Ramnicu Valcearen aurka, EHF European Leagueko itzulerako partida– eta oraindik talde nola dagoen ikusteke dago Imanol Alvarez, zeina bakartuta dagoen covid-19an positibo eman ostean. Alvarez bakartu eta Alex Nogues itzuli da entrenamenduetara. Aste honetan, astelehenean izan ezik –orduan Nogues ere bakartuta zegoen eta Nely Carla Albertok zuzendu zuen entrenamendua–, bigarren entrenatzaileak zuzendu du taldea. Malena Cavo, gaixorik, izan da donostiarren artean egon den baja bakarra. 

Taldea ia bere osotasunean prest dagoela iritsiko da Saguntora, jaitsiera postuak atzean utzi nahi dituen Morvedreren aurka lehiatzeko. Hamaikagarren postuan dago, jaisteko bidea irekitzen den postuan, alegia eta salbazioa puntu batera dauka. Zuazo dago Saguntoko taldearen aurretik baina aste honetan atseden izango du Tenerifen covid-19 kasuak antzeman ostean –aurreko asteburuan galdu egin zuen Malagaren aurka–. 

Morvedrek porrot batekin hasi zuen urtea pasa den astean, 18-23 galdu zuen Porriñoren aurka. Guztira, orain arte, hiru partida irabazi ditu, guztiak ere sailkapenean bera baino okerrago dauden taldeen aurka: Tenerife, Zonzamas eta Sant Quirze. 

Larunbat honetan txapelketako liderrari ezustekoa ematen saiatuko dira valentziarrak. Ez da erraza izango, Bera Berak ez baitu partidarik galdu. Soilik behin berdindu du, Porriñoren etxean, hain zuzen ere. 

Hori ez ezik, ligako partida bat galtzea zer den ez dakite donostiarrek 2019ko maiatzetik. 2018-2019 denboraldiko azken neurketa galdu egin zuen Helvetia Alcobendasen kantxan eta ordutik, ligan jokaturiko partida guztietan punturen bat batu du Bera Berak. 2019-2020 denboraldia martxoan eten egin behar izan zen eta etenaldi horretara, galdu gabe iritsi zen, liga garaikurra bereganatuz. Eta iaz, denboraldi osoan ez zuen ligako partidarik galdu. 

Morvedre eta Bera Beraren arteko norgehiagokei erreparatuta ere, donostiarren nagusitasuna agerikoa da. Lau aldiz lehiatu dira elkarren artean, bi Kopan eta beste bi ligan eta guztietan, garaipena gipuzkoarren aldekoa izan da, alde handiz gainera.