INFO

Kurduen kontrolpeko espetxe batetik ihes egindako ISISeko preso guztiak berriz atxilotu dituzte

Estatu Islamikoak (ISIS) indar kurduen kontrolpean dagoen kartzela bati eraso egin diote bart Siriako ipar-ekialdean. Ondorioz, erakunde jihadistaren hainbat presok ihes egin dute, nahiz eta gero guztiak berriro atxilotu dituztela jakinarazi duen kurduen komandante nagusiak.

Presoez gainezka daude kurduek zaintzen dituzten jihadisten kartzelak. ( Fadel SENNA | AFP)

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak (GESB) iragarri duenez, Estatu Islamikoak (ISIS) eraso egin zion ostegunean kurduen kontrolpean dagoen Ghwayran presondegiari, Hasaka hirian. Siriako ipar-ekialdean dagoen Hasaka eskualde kurduaren hiriburuan dago kartzela, preso jihadistak giltzapetuta dituenen artean handienetakoa.

Erasoa kartzelaren inguruan lehergailuz beteta zegoen auto baten eztandarekin hasi zen eta ISISen hainbat ekintzaile tiroka hasi ziren Siria Demokratikoaren Indarren (FSD) aurka. Beste eztanda bat ere entzun zen.

Amerikako Estatu Batuen (AEB) hegazkin militarrek bengalak jaurti zituzten inguruak argiztatzeko eta kurduen erantzuna samurtzeko.

GESBek hainbat presok ihes egin ahal izan zutela ziurtatu du. Kurduek osatzen duten FSD taldeak erasoa onartu du baina ez du ihesaldirik baieztatu.

2020ko martxoan Ghwayran auzoan dagoen kartzelan matxinada bat egon zen eta eraikuntzaren alde bati su eman ondoren ihes egin zuen preso jihadista talde batek.

Preso guztiak atxilotu dituzte

Ostiral arratsaldean, FSDren komandante nagusiak, Mazlum Abdik, jakinarazi du ISISek askatutako jihadista guztiak atxilotu dituztela. «Gure segurtasun-indarrak mobilizatu egin dira, eta, koalizio internazionalaren laguntzarekin, erasoari aurre egitea lortu dute; espetxearen inguruak erabat berreskuratu dituzte eta iheslari guztiak atxilotu dituzte», esan du Twitter-eko bere kontuan, lehen matxinada gertatu eta 24 ordura.

FSDko buruak azaldu du ISIS erakundeak «bere zelula lokartu gehienak» zerrendatu zituela erasotzaile «suizidek» eta preso amotinatuek Ghwayran espetxean egindako ekintza horretarako.

Egoera oso larria

ISISen milaka ekintzaile eta senidek kurduen kontrolpean dauden eta gainezka dauden presondegietan eta errefuxiatu eremuetan jarraitzen dute. Jihadistak soilik 12.000 inguru dira, 50 bat herrialdetakoak.  

Siriako iparraldeko hainbat eskualde kurdutan agintean dagoen gobernuak aspalditik ohartarazi du ezin dela betirako  haietaz kargu egin eta dei egin die munduko herrialdeei beraien hiritarrak aberriratu ditzaten. Gutxik egin dute orain arte eta, batez ere atentatu jihadisten beldur diren Mendebaldeko herrialdeek ez dute ezer jakin nahi.

AEBen babesarekin eta bere hegazkin bonbaketarien laguntzarekin, FSD ISIS erakunde jihadistari gailendu zitzaion eta 2019an Deir Ezzor-eko probintzian, Baghouz herrian zuen azken gotorlekutik bota zuen.

Hala ere, eta Siriako erdialde-ekialdeko basamortu handia eta orografia baliatuz, jihadistek eraso egiten diete sarritan bai kurduei eta baita ere Damaskoko erregimenaren alde egiten duten soldaduei eta milizia xiiei.

Homs erdialdeko probintziatik Deir Ezzoreraino, Irakeko mugan, zelula lokartuak ditu ISISek, erasotzeko prest.

Jihadistek kalifato islamikoa eratu zuten 2014an Iraken eta Siriaren artean, azken herrialde horretan erregimenak 2011n herri matxinadari tiroka erantzun ondoren sortu zen gerra zibila profitatuz.

Amaierarik gabeko gerrak 500.000 hildako eragin ditu eta Siriako populazioaren erdiak etxetik ihes egin behar izan du, beste eskualde batzuetara edo erbestera.