Aske gelditu da migranteak laguntzeagatik Lapurdin atzeman zuten euskal herritarra
Behin baino gehiagotan agerian jarri denez migranteak laguntzen dituzten herritarren aurkako polizi jazarpena areagotuz doa Ipar Euskal Herrian. Komisaldegitik atera berria, bost migrante bere furgonetan hartu izanagatik atzeman zuten herritarrarekin hitz egin du NAIZek.
Etorkinei laguntza ematen dieten euskal herritarren aurkako polizi jazarpena nabarmen areagotu da azkenaldian Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugaren eskualdean.
Ostiral arratsaldean bere furgonetan bost migrante hartu zituen gizona atzeman zuen Poliziak. Gaua Hendaian PAFk (Aire eta Mugetako Polizia) duen komisaldegian igaro ondoren, 24 orduko atxiloaldia amaitzear zelarik larunbat honetan, 16.00ak aldera, aske utzi dute.
«Migranteak errepidearen bazterrean ikusi nituen, Biriatuko bidesaritik gertu, eta, tamalez lehenagotik ere gertaera larriak bizi izan ditugunez etorkinekin, pertsona hauen segurtasuna bermatze aldera onena zela furgonetan hartu eta Baionan dagoen Pausu zentrora eramatea pentsatu nuen», azaldu dio NAIZi Mikel Ibargurenek.
Poliziak Bidarte aldera geldiarazi zuen furgoneta. Gidaria zein etorkinak komisaldegira eraman zituzten. Izan ere, gazte migranteak fite eraman zituzten Irunera bueltan.
Alta, askatasuna berreskuratu ondoren idazle zestoarrak jakin ahal izan duenez, etorkin taldea Lapurdiko hiribururat arribatzea lortu zuen handik ordu batzutara. Migrazioaren kronika osatzeko bertze pasarte bat.
«Ez naiz trafikatzaile bat, elkartasunez jarduten duen herritarra baizik»
Atxiloketaldian zehar poliziei azaldu zien bezala, «ni ez naiz trafikante bat, elkartasunez, gizatasunez, jokatzen duen herritarra baizik» nabarmendu dio NAIZi Mikel Ibargurenek.
Komisaldegian «hainbat herritarren izenak eta helbideak» aipatu zizkioten poliziek, nonbait elkartasun sareak zelatatzen dituztela argi utzi nahian.
Horrendako, «trafikanteen aurka jotzearen aitzakiaz elkartasunez jarduten duten herritarren ekimenak kriminalizatzeko saiakera martxan egon daitekeela» iradoki du GARAko zutabegileak.
Ildo beretik, elkarteek aitortzen dutenez, gero eta traba gehiago jartzen ditu frantses Poliziak migratzaileen alde herritarrek garatzen dituzten sostengu ekimenen aurrean.
Hala, Etorkinekin kolektiboak agiri baten bidez jakitera eman zuenez iragan azaroan bolondres bat hainbat ordu atzeman zuten komisaldegian Maliko lau migrante gazte lagundu izanagatik.
Kazeta.eus atariak jaso zuenez, frantses agintariek zabaldu nahi duten «larderiazko giroa» salatu zuen taldeak.
Hala eta guztiz ere «gizatasuna ez dugu bazterrean utziko» adierazi ondoren etorkinen alde, elkartasunean oinarrituriko desmartxak babesteko borondatea berretsi zuen kolektiboak.
Aste batzuk lehenago, bere kide bi atzemanak izan zirela baita ere jakitera eman zuen Elkartasuna Larrun taldeak.
Gehienbat Urruña eta Azkaine aldera jarduten duen tokiko taldeak oharra egin zuen. Diruaren truke, migranteak toki bestera eramaten dituzten sare eta norbanakoekin zer ikusi ez duten «hainbat herritar bolondres lanean ari dira migranteei laguntza ematen muga aldera». Bi jarduerak ez nahastea galdetu zuen elkartasun taldeak.
64 adineko emazte batek gaua igaro zuen komisaldegian
Bestalde, errepide bazterrean, euripean, atzeman zituen hiru migrante autoan hartu eta Baionan dagoen Pausa zentrora eramateko asmoa zuen emaztea gau batez atxiki zutela komisaldegian salatu zuen berriki Biriatuko auzo batek.
Mediabask hedabidearekin mintzo 64 urteko emaztea gizatasunez jardun zuela nabarmendu zuen bere semeak.
«Frantziar Estatuan egoera irregularrean dauden pertsonak lagundu izatea» egotzi zioten emazteari. Izan ere bere semeak azaldu zuenez, «bihotz oneko pertsona bat delako lagundu zituen pertsona horiek, ez zituen muga zeharkatzen lagundu, ez zuen dirurik eskatu, ez zuen inolako deliturik egin, gizatasunez jokatu zuen, besterik gabe».
«Ez dut ulertzen zergatik 64 urteko emazte bat gau oso batez atxiki behar duten komisaldegian, presioa jasangaitza bilakatzeko ez bada», salatu zuen.