INFO

Quirinaleko poker partida

Italiako Legebiltzarrak Errepublikako presidentea aukeratuko du astelehenetik aurrera. Nor izango ote da Sergio Mattarellaren ondorengoa? Mario Draghi, Silvio Berlusconi edota ustekabekoren bat?

Herritar bat, Silvio Berlusconi presidentegaiaren iragarkia dakarren egunkari bat irakurtzen, urtarril honetan. (Vincenzo PINTO | AFP)

Zazpi urtean behin Italia gelditu egiten da, Errepublikako presidentea aukeratzeko hauteskundeetarako, eta Erromara begiratzen du. Kirinal jauregiko maizter berria zein izango den erabakitzen da, eta une historikoa izaten da beti.

Poker partida batean bezala, kartak airean daude. Aktore bakoitzak bereak ditu, eta baten batek bluff egiten du, tranpa alegia. Meza laiko honetan herritarra ez dago gonbidatuta: kanpotik edo telebistatik ikus dezake, Legebiltzarrak erabakitzen duelako.

Hori dela eta, antzerki obretan bezala, laguna zena aurkari bihurtuko da eta faborito nabarmenak esku-hutsik geratuko dira. Tarteka drama psikologikora gertura daiteke. Noizbait, zoritxarrez, hauteskunde hauek Italiako momenturik larrienetakoekin bat egin izan dute.

Nor izango da, orduan, Sergio Mattarellaren ondorengoa? Mario Draghi, edo Silvio Berlusconi? Edo izen berri batek sorpresa emango du? Lehen deialdia astelehenean, urtarrilaren 24an, izango da, Parlamentuaren egoitzan, Montecitorio jauregian, Fontana di Trevi-tik oso gertu. Parte-hartzaileak 1.009 izango dira: 951 parlamentari gehi eskualdeetako 58 ordezkari. Lehen hiru deialdietan Errepublikako presidentea izan nahi duenak 673 boto beharko ditu. Hortik aitzinera, 505 bakarrik.

Errituak

Italiako Errepublikako presidentea apur bat errege, apur bat aitona eta apur bat notarioa da. Errege, bai, Italia erreinu zenean, Savoia familia Kirinalen bertan bizi zelako.

Aitona, ziur aski, momenturik ikonikoenetako bat urteko azken eguneko hitzaldia delako. Kate guztiek mezu grabatua ematen dute une berean: «Cari italiani, care italiane» (italiar jaun-andre maiteak), 10-12 minutukoa. Testua antzekoa izaten da urtero, baita erreakzioak ere: «Ze sakona», «txalotzeko modukoa», edo «hitz jakintsuak».

Errepublikako presidentea notario bat ere bada. Hain zuzen ere, Konstituzioaren defendatzailea. Eta zer aipatzen du Italiako lege gorenak? 84. artikuluaren arabera, Errepublikako presidente izateko ezinbestekoa da hiru baldintza betetzea: italiarra izatea, 50 urte baino gehiago edukitzea eta eskubide zibil eta politikoak edukitzea. Ezin du justiziarekin arazorik izan.

Imajina dezakezue, Silvio Berlusconik irabaziko balu: lau urteko zigorra ezarri zioten epaileek iruzur fiskalagatik, eta bat-batean euren ‘nagusi’ bihurtuko litzateke, Errepublikako presidentea botere judizialaren burua da-eta.

Oro har, ez dauka botere zehatz askorik, baina dituenak oso erabakigarriak dira. Adibidez, hauteskunde orokorren ondoren, alderdi guztiekin hitz egin eta gero, berak erabakitzen du lehen ministroa nor izango den.

Legeei dagokienez, presidenteak Legebiltzarraren proposamenak onartu behar ditu, ondo iruditzen bazaizkio. Bestela, Parlamentura itzuliko ditu, berriro ere eztabaidatzeko. Presidentearen eta Legebiltzarraren arteko harremanak ez dira inoiz bukatzen.

Orain dela lau urte

Non zeundeten 2018an? Urte hori oso garrantzitsua da Italiako egoera politikoa azaltzeko; izan ere, orduko hauteskundeetatik atera zen Legebiltzarrak erabakiko du nor izango den Errepublikako presidentea.

Ia lau urte pasatu dira, eta tarte horretan munduak, Italiak barne, sekulako iraultza bizi izan du. Italiako Parlamentuko indarrak ere asko aldatu dira.

Alderdi berri batzuk jaio dira, aurreko alderdietatik banatuta: esate baterako, Italia Viva, Matteo Renzirena. Aurreko lehen ministroari ez zitzaizkion Alderdi Demokratikoaren estrategiak gustatzen; beraz, 2019an IV sortu zuen, 43 parlamentari dauzkana.

Renzik izugarrizko boterea du, nahiz eta ikerketen arabera Italia Vivak asko jota botoen %2 lor ditzakeen. Bestalde, ‘sasoi betean’ dagoen Fratelli d'Italia ultraeskuindarrak 58 parlamentari besterik ez dauzka Legebiltzarrean: Renzirenak baino apurtxo bat gehiago, baina azken udal-hauteskundeetan ia %20k eman diote botoa FDIri. Aldiz, Errepublikako presidentearen hautaketan Fratelli d'Italia-k ‘ez du baloirik ukituko’.

Guztiz kontrakoa da 5 Izar Mugimenduaren egoera: 2018ko hauteskundeetan lehen alderdia izan zen; orain, ordea, sekulako krisian dago. Gobernuko bizitzak benetako arima galarazi dio Beppe Grilloren mugimenduari. Giuseppe Conte aurreko lehen ministroak ez dauka hainbesteko pisurik, eta, gainera, ez dago Legebiltzarrean; hori dela-eta alderdiaren estrategia bideratu nahi du. Kontraesanez kontraesan, 5 Izarren Mugimenduak milaka eta milaka zale galdu ditu azken urteotan, baina oraindik 1.009tik 232 boto ditu; Errepublikako presidentearen hauteskundeetan ‘ultraordezkatuta’ dago, alegia. Eta, gainera, auskalo zer egingo duten ordezkariek, 5 Izarrek bi aldeak baititu, ezkertiarra eta eskuindarra.

Ahaztu behar ez den detailea da 2018ko maiatzean, azken hauteskunde orokorren ondoren, 5 Izar Mugimenduak Mattarella presidentea auzitara eraman nahi izan zuela. Zergatik? Errepublikako presidenteak ez zuen onartu Paolo Savona, euroaren erabat kontrako irakaslea, Ekonomia ministro izatea: «Momentu oso iluna izan da», salatu zuen 5 Izarrek momentu hartan. Aldiz, azken zurrumurruen arabera, Mattarellari ez liokete ezetz esango.

Andreotti

Lehenengo aldiz, Kirinalerako hauteskundeak koronabirusak eragindako pandemia egoeran egingo dira. Neurri zorrotzak hartuko dira, ordena mantentzeko. Parlamentariak goiz joango dira, hainbeste denbora musukoarekin txanda itxaroten egotea ez delako batere erosoa.

Hori dela eta, momentu nahiko berezia izango da, nahiz eta ez daukan zerikusirik, adibidez, 1992an gertatu zenarekin.

Urte hartan Italia osoa erabat hankaz gora zegoen: hauteskunde orokorretan Kristau Demokrazia ia desagertzen ari zen, eskandaluz gainezka, baina, hala ere, bere ordezkari bat eraman nahi zuen alderdiak Kirinalera. Hautagairik argiena Giulio Andreotti zen, lehen ministro izana eta, zenbaiten arabera, mafiarekin lotua.

Dena prest zegoen, baina mafiak Salvo Lima, Andreottiren kolaboratzailerik estuena, hil zuen eraso batean. ‘Cuore’ (Bihotza) astekari satirikoak oraindik ezin ahaztuzko izenburu ironikoa jarri zuen: ‘Salvo Lima zale zoro batek hil du John Lennonen antzera’. Baina okerrena etortzeko zegoen: Errepublikako presidentea aukeratzeko hauteskundeak egiten ari zirela, maiatzaren 23an, Montecitorioan Andreotti gero eta boto gehiago lortzen ari zenean, mafiak milaka kiloko bonba bat leherrarazi zuen Siziliako autobide batean. Helburua Giovanni Falcone epailea zen, Cosa Nostraren aurkaria, ehunka mafiazale zigortutakoa.

Poliki-poliki, Legebiltzarrean konturatuko ziren Andreottiren izena jada erabilezina zela. Eraso hori, ‘La strage di Capaci’, seinale nabarmena zen. Beraz, Andreottiren ordez Parlamentuak Oscar Luigi Scalfaro hautatu zuen Errepublikako presidente. Bera ere Kristau Demokraziatik zetorren; oso gizon zorrotza zen, ultra-fededuna, baina ez zen Andreotti: bere izena ez zen korapilatsua, alegia.

«Partisano bat presidente»

1978an ere egoera larria bizi izan zen Italian. Beste eskandalu bat gertatu zen Kristau Demokraziarekin lotuta: Giovanni Leone Errepublikako presidenteak dimititu egin zuen, zazpigarren urteurrena betetzeko oso gutxi falta zela.

Kristau Demokraziak izen indartsua zuen, Amintore Fanfani-rena, bera ere lehen ministro izandakoa. Hilabete batzuk lehenago alderdiko idazkaria, Aldo Moro, hil zen; Brigada Gorriak taldeak bahitu eta hil zuen.

Krisi galanta zegoen Kristau Demokrazian, eta alderdian denak ez zeuden ados Fanfaniren hautagaitzarekin. Deialdiz deialdi gero eta frankotiratzaile gehiago agertuko ziren; beraz, azkar bilatu behar zen beste izen bat.

Alderdi Sozialistak beste hautagai bat aurkeztu zuen, bere ‘aita noblea’: Sandro Pertini. Nagusitxoa zen gizona, baina borrokalari bat zen, erresistentzian aritua faxismoaren aurka eta preso hartua. ‘Un partigiano come presidente’ (partisano bat presidente) abestuko zuen Toto Cutugnok 1982. urtean, bere ‘L'italiano’ kanta famatuan, Sandro Pertiniz.  

Nork irabaziko du

Italiako egoera politikoa tenkatuta dago. Mario Draghi lehen ministroak Kirinalera joan nahi luke, baina Europako indarrek ezetz erabaki dute, hobe dela Chigi jauregian geratzea. Berlusconi, parlamentarien kopuruari begiratuz gero, hautagaia da, 550 boto inguru baititu. Baina koalizio eskuindarrean denak ez daude ados, nahiz eta publikoki denek lagunak irudi duten.

Lega Nord eta Fratelli d'Italia zerbait prestatzen ari dira. Eta Alderdi Demokratikoaren estrategia ulertezina da. Ez dauka hautagairik eta korronteari jarraituko dio. Antza, ia edonorekin, Berlusconirekin izan ezik, konforme egongo litzateke. Ziur aski, aipatu bezala, erabakigarriena 5 Izarren portaera izango da.

Garrantzitsua da, nola ez, Errepublikako presidentea hautatzea; baina are garrantzitsuagoak izango dira 2023ko hauteskunde orokorrak. Han Legebiltzar erabat berria osatuko omen da, eta Italiaren argazki politikoa gaur egun baino finkatuagoa aterako da. Datorren urtean bai, Mario Draghi izan daiteke Errepublikako presidentea, lehen ministro gisa bidea bukatu ondoren; 2023 arte, berriro ere, Sergio Mattarellak euts diezaioke aginteari, dimisioa eman baino lehen, Giorgio Napolitano bere aurrekoak egin zuen bezala.

Eta hamabi hilabete barru, Kirinaleko beste poker partida bat ikus dezakegu.