INFO

Irribarriak eta Rezustak aise menderatu dituzte Bilbon Ezkurdia eta Tolosa (10-22)

Irabazleek sailkapenaren goialdean jarraituko dute, beste bi bikoterekin sei puntura berdinduta. Galtzaileak aldiz bi punturekin geratzen dira, kanporaketa jokatzeko gero eta aukera gutxiagorekin.

Iker Irribarria, sakea ateratzen Bizkaia pilotalekuan (Aritz LOIOLA | FOKU)

Irribarriak eta Rezustak seigarren puntua lortu dute Binakako Txapelketako ligaxkan Ezkurdia eta Tolosari Bilbon 10-22 irabazi ostean. Oso faborito irten dira hasieratik urdinak, eta pronostikoak ez du hutsik egin batere distirarik izan ez duen neurketa tristean. Guztira galdutako 19 pilota zenbatu ditugu eta Bizkaia pilotalekuan izan den sarrera apalak ez du batere lagundu giroa berotzen.

Neurketak utzi duen gauzarik aipagarriena Iker Irribarriaren eta Beñat Rezustaren sasoi puntu ona izan da. Aramako aurrelaria eta Bergarako atzelaria fresko daude, pilota graziarekin ateratzen zaie eskutik, eta horrela daudenean oso zaila da edonorentzat haiei aurre egitea.

Hasieratik erabat nagusitu dira urdinak piloteoan. Joseba Ezkurdia saiatu da aurreneko tantoetan jokoan asko sartu eta Xabi Tolosari pilota zailak kentzen, baina lana pilatu egin zaio arbizuarrari. Aurkarien bi hutsekin 2-1 aurreratu dira gorriak, baina zortzi tantoko takada batekin 2-9raino egin dute ihes Irribarriak eta Rezustak.

Partzial horretan deigarria izan da bikote bakoitzak ateratzen zuen materiala zein desberdina zen ikustea. Urdinen pilotak askoz biziagoak ziren eta bi pilota segidan errebotean sartu dituzte: 2-4koa Rezustak eta 2-5ekoa Irribarriak.

Lehen atsedenaldi luzera 3-12koarekin iritsi da partida, eta jada emoziorik ez da izan. Iker Irribarriak galdutako pilota batzuekin –horren eroso jokatzeko gehitxo izan ditu galduak, sei jokoan eta falta bat sakez– eta Joseba Ezkurdiak egindako erremateren batekin –bi tanto bakarrik egin ditu jokoan, aurrenekoa 6-14koan–, ematen zuen markagailua zertxobait itxuratuko zutela gorriek, baina azkenean aldea oso handia izan da.

Irribarriak airez egindako tanto batekin heldu da azken 10-22koa, 437 pilotakada eta 56 minutuko neurketari amaiera ipiniz. «Emaitza argia izan da, pilota batzuk galdu dituztelako, baina momentu askotan defentsan aritzea tokatu zaigu. Josebak min egiten zidan sartzen zenean, nahiz eta gero agian ez duen asmatu tantoa amaitzen», aztertu du Irribarriak norgehiagoka.

Orokorrean, bere jokoarekin pozik agertu da Aramakoa –«eskuetatik ongi nabil eta hori asko nabaritzen da nire jokoan»– eta helburu moduan itxura ona ematen jarraitzea jarri du: «Ez dut uste aurreneko bietan sartzea helburu bezala ipini behar dugunik. Garrantzitsuena horrela jokatzen jarraitzea da, serio, eta amaieran ikusiko da non gauden sailkapenean».

Ezkurdia eta Tolosak, aldiz, gero eta zailagoa dute kanporaketa jokatzeko txartela lortzea. Aspekoek ezin izan diote aurreko asteko garaipenari jarraipena eman eta bi punturekin jarraituko dute sailkapenaren zuloan. Aurkari zuzenak bi garaipenera dituzte lau partidaren faltan.