INFO

Hogei urtez «paradisuak erretzen» jardun duela ospatuko du Bilgune Feministak ekainean

«20 urtez paradisuak erretzen. Eztandak dardara gaitzala» lelopean, Bilgune Feministak topaketa bat antolatuko du bere 20. urteurrena ospatzeko. Ekainaren 11n eta 12an izango da.


Sarea indartzea helburu, datorren ekainaren 11n eta 12an topagunea antolatuko du Bilgune Feministak bere 20. urteurrena betetzeko, «20 urtez paradisuak erretzen. Eztandak dardara gaitzala» lelopean.

2001ean Leitzan egindako Emakume Abertzaleon Topaketa Feministetan antolakunde feminista nazional baten beharra agerian geratu ondotik sortu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista, 2002ko apirilean. Aurten 20 urte beteko ditu beraz, ohar batean adierazi duten moduan, hogei urte «paradisuak erretzen»: «Paradisu fiskala, familiarra, paradisu kapitalista heteropatriarkala. Batzuena dena eta batzuentzat soilik eraikia. Argitsua eta bistara polita. Baina hutsa, gezurretakoa. Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreratik kendu nahi izan dizkiegu maskarak paradisuei, konfliktoan jarri, deserosoak izan».

Bide horretan jarraitu nahi du aurrerantzean ere, ekainaren 11n eta 12an antolatu duen topagunean bereziki.

Urteurrena ospatzeko Bilgune Feministak osatutako iruditeria. (BILGUNE FEMINISTA)

Baina hogei urtean Bilgune Feministak eraldaketa sakona bizi izan du eta, adierazi duenez, «ibilian ikasi dugu gure errealitatea hainbat zapalkuntzen elkargunetik irakurtzen; ulertu dugu emakumeak, euskaldunak, langileak, bollerak, transak, migratuak, gazteak, adindunak bizi garela herri txiki honetan».

Hasiera-hasieratik «erantzun zurrunetatik» aldenduta «formula amaigabeen bila» ibili direla nabarmendu du kolektibo feministak. «Gatazkaren konponbide feminista mahaigaineratu dugu, subjektu politikoen eztabaida biluztu genuen, lidergotza feminista kolektiboa josten gabiltza, gure begiradaz beste bat eginez pribilegio zurien ardura hartzeko konpromisoan berresten gara, krisi anizkoitzaren erdian, zaintzen sistema dardaratzen ari gara», ekarri du gogora oharrean.

Hala, hogei urtetako ibilbidea ospatuko du Euskal Herriko Bilgune Feministak ekaineko topagune feministan. «Burujabetza feminista marrazteko paradisuak erretzen jarraituko dugu. Eztanda horrek dardara gaitzala», aldarrikatu du.