Mairu Antzerki Tailerrak jaso du Arnasguneak beka 'Intxaurra' antzezlana gauzatzeko
Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka jaso du Mairu Antzerki Tailerra taldeak, 'Intxaurra' antzezlana sortzeko. 23.000 euro jasoko ditu eta azaroan estreinatuko du lana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan.
Nafarroako Gobernuak, Lakuako Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) agerraldia egin dute ostegun honetan Iruñean, Nafarroako Jauregian, Arnasguneak antzerki bekaren berri emateko eta beka jaso duen 'Intxaurra' antzezlanaren egitasmoa aurkezteko. Mairu Antzerki Tailerra taldeko Gaizka Sarasolak idatziko du antzezlana eta, besteak beste, inguratzen gaituen ekosistemak guregan duen eragina islatuko du.
Antzezlana egingo duen taldea 23.000 euro jasoko ditu, antzezlana bekaren oinarrietan zehaztutako baldintzen arabera sortzeko eta ekoizteko, eta azaroan estreinatuko du, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan.
Agerraldian izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Bingen Zupiria Lakuako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Aitor Elexpuru UEMAko ordezkaria eta Gaizka Sarasola Mairu Antzerki Tailerreko kidea.
Sarasolak nabarmendu duenez, gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatuko du lanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena, beti ere sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsiz. Manex Fusch izango da antzezlanaren zuzendaria.
Euskararen arnasguneak
Horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu du Ollok, arnasguneak euskararen biziberritzean ezinbestekoak direla aipatuz eta ekimenaren aurrekariak gogoratuz. Azaldu duenez, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren «helburu nagusietako bat da euskararen egoera hobetzea, batez ere udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneak diren eremuetan hizkuntza horren erabilera indartuz».
Zupiriak gogorarazi du lehendik ere bidea egiten ari den kanpaina baten jarraipena dela Arnasguneak beka: «2019. urtean hasi zen lehen urratsak egiten 'Arnasa Gara' lan ildoa. Geroztik, euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratzen duten kanpainak egin ditugu, arnasguneetan bizi diren herritarren ahalduntzeari begira, baita arnasguneetakoak ez diren herritarren kontzientziazioari begira ere».
Lakuak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk beka formatua eta antzezlana zergatik hobetsi duten ere azaldu du Zupiriak: «Aurten plazara atera eta sorkuntza lehen lerroan jarri nahi izan duen ekimenaren aldeko apustua egin dugu. Horregatik jarri genuen martxan gaur aurkezten ari garen antzerki beka deialdi hau, euskarazko antzerki taldeei eta konpainiei zuzendutakoa, eta sorkuntzaren erdigunean arnasguneak izango zituena».