INFO

Kartzelan covidari aurre egiteko beste era bat eskatu dute, harremanak eta osasuna babestuz

Sare eta Etxeratek elkarretaratze bat egin dute Gasteizen, Salhaketa Arabaren babesarekin, covidaren aitzakiarekin kartzeletan hartu diren neurriak salatzeko. «Gizarte honek ezin dio uko egin presoen osasunerako eskubideari eta bada garaia komunikatzeko eskubidea bermatzeko», adierazi dute.

Gasteizen Sare eta Etxeratek egindako elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurri zorrotzak hartu dituzte erakundeek, eta are zorrotzagoak izan dira kartzeletan. Izan ere Etxerateko kidea den Patricia Velezek adierazi duenez, zenbait umek ez dute beraien gurasoak besarkatzeko aukera izan azken bi urteetan.

Hala nabarmendu du komunikabideen aurrean ostiral honetan Gasteizko Santiago Ospitalean Sare eta Etxeratek egindako elkarretaratzean, Salhaketaren babesa izan duena. Bertan presoen osasun-baldintzak hobetzeari lehentasuna emateko garaia dela ohartarazi dute, «covid-19ari dagokionez ez ezik, osasun arlo guztietan ere».

«Bi urte daramatzagu kartzeletan neurri berezienak eta gogorrenak ezartzen, eskubideak urratuz. Tartean tarte inolako ‘vis a vis’-ik egiteko aukerarik gabe», ohartarazi du Sareko kidea den Inaxio Oiartzabalek, eta beste neurri batzuk hartzeko aukera dagoela gogoratu du, familien eskubideak babestuz.

Hala Sare eta Etxeratek covid-19 dela eta galdu diren komunikazioak berreskuratzea proposatu dute, eta antigenoen miaketa masiboak ezartzea denbora-tarte laburretan. Era berean, berrogeialdietarako espazio nahikoak egokitzea eskatu dute, positiboen kasuetan; eta, kasu horietan, presoek, gutxienez, telefonoz komunikatzen jarraitu ahal izatea exijitu dute, «gure senidearekiko inkomunikazioaren ziurgabetasuna saihesteko».

«Eta jakina, horrekin batera, ausardiaz planteatu behar dira askatasunaren ikuspegitik espetxea ez diren beste aukera batzuk: gaixo dauden presoak aske uztea, hirugarren graduak, eskumuturreko telematikoak...», gaineratu dute.

Haren esanetan, «denbora igaro da esperientzietatik ikasteko eta neurri ezberdinak hartzeko gai izateko, murriztatzaileenetatik haratago». «Gainerako gizarte-eremuetan pandemiaren aldaera berriari malgutasun handiagoz heltzeko benetako urratsak ematen direla kontuan hartuta, espetxeetan ere erantzukizunez eta ausardiaz jokatu behar da, egoera oso gogor bati oztopo gehiago erantsi gabe», esan dute.

Ramada eta Izadi

Francisco Jose Ramadaren kasuan hirugarren gradua aplikatzea espero dute. Euskal presoak bihotzeko krisi bat izan zuen pasa den astean Martuteneko espetxean, eta Donostiako Ospitaleko zaintza intentsiboen unitatean ospitaleratu zuten. Espetxeko tratamendu-batzarrak hirugarren gradua proposatu du.

«Hirugarren gradua eskuratzeko baldintzak betetzen ditu eta bere gaitzari etxean aurre egin ahal izatea espero dugu», azaldu du Oiartzabalek.

Honek ere Izadiri buruz hitz egin du. Asteburuan hiru urte bete zituen eta espetxetik irtenarazi zuten. Bere amarengandik banandu zuten, motxiladun umea bilakatuz. Bere ama Zaballako espetxera lekualdatuko dute, baina bertan ez dago familientzako modulua.

Sareko kideak gogoratu duenez, EAEren kasuan espetxeen eskumena Lakuako Gobernuaren esku dago, eta badaude zenbait aukera ama eta alaba elkar egoteko, tutoretzapeko etxebizitzak, esaterako. Zentzu honetan, Izadiren kasuak bide berri bat ireki dezakeela adierazi du.