INFO

Milaka lagun kalera lan erreforma honen kontra, ez-nahikoa eta kanpotik ezarria delako

Lan erreformarako akordio estatala Kongresuan bozkatzeko lau egun falta direnean, milaka lagun atera da kalera igande eguerdi honetan Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean, hitzartutakoak ez duela Rajoyk ezarritakoaren hezurdura ikutzen eta Estatu markoaren inposizioa betikotzen duela salatzeko.

Estatalizazioaren aurkako aldarria, Bilboko manifestazioan. (Marisol Ramirez | Foku)

Ostegunean bozkatu behar da Diputatuen Kongresuan lan erreformarako Gobernu espainolak, CEOEk eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako akordioa. Emaitza zalantzazkoa da oraindik, eta, horregatik, datorren otsailaren 2an, bozketaren bezperan, lantoki guztien aurrean kontzentrazioak egiteko deia luzatu dute sindikatuek. Hori horrela, igande honetan Euskal Herritik mezu ozena helarazi dute euskal gehiengo sindikalak, EH Bilduk eta dozenaka gizarte eragilek batera, milaka lagun aldarrikapen honetara batuz: erreforma honi ez.

Lau manifestazio burutu dira era berean, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde e Hiru sindikatuek deiturik: Bilbon Moyua Plazatik abiatu da, Iruñean autobus geltoki zaharretik, Donostian Alderdi Ederretik eta Gasteizen Bilbao plazatik. Guztietan bi mezu nagusi: batetik, erreforma egitasmo honek ez duela PPko Mariano Rajoyren Gobernuak ezarritako lan eredua aldatzen, «hezurdura ez baitu ikutzen»; eta bestetik, espainiar markoaren ezarpena betikotu nahi duela, Euskal Herrian erabaki beharrekoa Madriletik aginduz.

«Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe. Hori da, gure ustez, negoziazio kolektiboan erabakitzeko esparrua izatea», nabarmendu dute manifestariek.

Denetako jendea bildu dute mobilizazioek; langileak eta langabetuak, adinekoak eta gazteak, pentsiodunen mugimendutik hasi eta zenbait gazte erakundeetara helduz atxekimendu asko bildu dituztelako.

«Erreformatxoa»

Pello Igeregik, ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak, Espainiako Kongresuko mahai gainean dagoen akordioa «erreformatxoa» dela kritikatu du Bilbon: «Onartezina da Espainiako Gobernuaren jarrera, onartezina da hobekuntzak egin nahi dituzten alderdiei hobekuntzarik egin ezin dela esatea eta onartezina da patronalaren txantaia onartzea eta komarik ere ez aldatzea aurkeztu duten lan erreformari».

Igeregik zehaztu du ELArentzat «jarerrarik eraginkorrena» ostegunean lan erreformari ezezkoa ematea dela eta euskal alderdiei emandako «hitza bete» dezatela eskatu die.

Ildo beretik, Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, EAJ eta EH Bilduri Kongresuan «euskal herritarren ahotsa» izateko eskatu die.

Honezaz gain, Aranburuk kolokan jarri du erreformaren aldeko sindikatuek Hego Euskal Herriko beharginak ordezkatzeko izan dezaketen zilegitasuna, CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herriko «langileriaren %34 bakarrik» ordezkatzen dutela gogora ekarri baitu.

ELA eta LAB sindikatuak EAJko ordezkariekin biltzekoak dira astelehen honetan. Horren inguruan galdetuta, Igeregik berretsi du EAJri ostegunean «ez» bozkatzeko eskatuko diotela. «Lan erreforma hau zerotik hasi behar da negoziatzen eta lege-proiektu baten bidez negoziatzeak, sinesgarritasun falta duen Gobernu honekin, ez digu segurtasunik ematen. Benetako negoziaketa bat egin nahiko balu Gobernuak, zerotik hasiko luke negoziaketa», azaldu du. Bestalde, ELAk EAJri «estatalizazioari garrantzia» emateaz gain, «kaleratzeei ere garrantzia» emateko eskatuko diola iragarri du Igeregik.

Estatalizazioari dagokionez, Aranburuk nabarmendu du negoziazio kolektiboaren marko propioa «blindatu eta defendatu» beharra dagoela.

(Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea eta LABeko idazkari nagusi den Garbiñe Aranburu, Bilbo mobilizazioan. Argazkia: Marisol Ramirez | Foku)

EAJrekin bilera eta elkarretaratzeak asteazkenean

Kaleratzeak ere lan erreforma honen atal oso garrantzitsua dira euskal sindikatuentzat. Hori horrela, Aranburuk kaleratzeak «zaildu eta garestitu» behar direla exijitu du eta bai ELAk bai LABek Tubacexeko langileen borroka sindikala oroitarazi du, eredu gisa jarriz.

Bere aldetik, Aranburuk mesfidantza erakutsi du EAJk asteleheneko bileran kaleratzeen aferan hartuko duen jarreraren inguruan: «Orain arte kaleratzeen gaiarekin EAJk erakutsi duena da lan erreforma babesten duela eta lan gatazketan Jaurlaritzak izan duen jarrera patronalaren bozeramailearena izan da. Guk jarrera hori ezezteko eskatuko diogu».

Bestalde, gaurko mobilizazioei jarraipena emango diete bost sindikatu hauek asteazkenean, Kongresuan egin beharreko bozketaren bezperan lantokietan elkarretaratzeak deitu dituztelako.