INFO
Interview
Xabier Urdangarin Lasa
Astigarragako alkatea

«Galdeketak maiz egin ezean, jendeak ez du hartzen herritar parte-hartzaile aktiboaren rola»

Herriaren eskutik egiten den herrigintzak bi baldintza gutxienez behar ditu: parte-hartzea bultzatzen duen Udala eta parte hartzeko gogoz dagoen herria.

Xabier Urdangarin, Astigarragako alkatea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Datorren otsailaren 6an 16 urtetik gorako astigartar guztiak botoa ematera deituak daude, Sagardoetxearen norabidea erabakitzeko herri galdeketan. Herrigintza egiteko modu baten adibidea da, Udala gobernatzeko eta herritar izateko modu batena.

Lehenengo agintaldia duzu udaletxean. Kudeaketa beti da zaila, baina are korapilatsuagoa osasun larrialdi bat tartean denean, ezta?

Zalantzarik gabe, eta horrek behartu gaitu gauzak beste era batera egitera, baina egitera. Astigarraga egiten ari den herri bat da, hutsuneak dituena azpiegitura mailan, eta pandemiagatik ez dugu ezer egiteko utzi. Dena zaildu egin da, epeak ere moldatu egin behar izan dira, baina, zorionez, aurrera atera ditugu gai asko.

Tartean otsailaren 6an Sagardoetxearen etorkizunaren inguruan izango den herri galdeketa.

Egoera zaila izan arren, ahalegina egin dugu parte-hartze prozesuekin. Ez da erraza izan, aurrez aurreko bilerak eta antzekoak asko korapilatu direlako, baina dauden tresnak erabiliz, telematikoak eta bestelakoak, parte-hartze prozesu desberdinak jarri ditugu martxan; kulturgune berriari izena jartzeko galdeketa egin genuen, animalien ordenantza berrikusteko prozesu bat egin genuen, Ergobiko plazan ez aparkatzeko beste prozesu bat, herriko jolastokiak etorkizunean nola berritu erabakitzeko beste prozesu bat egiten ari gara –eskolako umeekin eta Gaztelekuko gazteekin–, jubilatuen elkartean ere prozesu bat egin dugu batzordea aldatzeko… Esan nahi dudana da pandemiarekin gauzak zailagoak izan diren arren, guretzat ezinbestekoa dela gauzak herritarrekin egitea, herritarren parte-hartzearekin. Egoerara moldatuz, aurrera atera ditugu prozesu parte-hartzaile horiek eta Sagardoetxearena ere hor kokatzen da.

Udal bezala ahalegin berezia egin duzue herritarrak entzun eta haien parte-hartzea bultzatzeko. Ez da bide errazena; interesgarriena bada?

Bai, zalantzarik gabe. Batzuetan frustragarria ere izan daiteke, zuk ilusio osoa jar dezakezu prozesu batean eta gero herritarren parte-hartzea oso txikia izan. Baina horrek ezin du izan aitzakia gauzak zuzenean udalbatzan erabakitzeko eta kito. Alderantziz, akuilu bat izan behar du herritarrak nola lotuko dituzun hausnartzeko, parte-hartzea nola aktibatu pentsatzeko. Nik ulertzen dut herritarren aldetik ez dela erraza. Denak gure eguneroko martxan bizi gara eta azken bi urteak traketsak izan dira oso, eguneroko martxa hori ere hankaz gora jarri zaigu. Askotan ez da erraza bileretara joatea, parte-hartze prozesuen informazioa begiratzea… baina herritarren parte-hartzean oinarritzen den herrigintza bat nahi baldin badugu, herritarrei hori ere eskatu behar diegu, jarrera aktiboa izan dezatela. Nik askotan esaten dut herria denona den zerbait dela eta Udalak hartzen dituen erabakiak denon pototik finantzatzen direla, denona den dirutik. Kritikatu behar denean kritikatu egin behar da eta kexatu behar denean kexatu, baina ez genuke ahaztu behar Udala herritar guztiona dela eta denon parte-hartzea eta iritzia garrantzitsuak direla.

Udalak parte-hartzeko bideak zabaldu eta herritarrak parte hartzeko jarrera izan. Biak dira beharrezkoak, ezta?

Bai, garrantzitsua iruditzen zait herritar bezala bi gauza buruan izatea; batetik, niri ere badagokit herria egitea eta, bestetik, gauzak ez dira errazak. Askotan entzuten da, ‘Udalak zergatik ez du hau edo bestea egiten?’. Bidea ez da erraza, arazo juridikoak, aurrekontu arazoak, izapideak… Herritarrak ez du espezialista izan behar legeetan edo aurrekontuetan, hori ulergarria da, baina badago joera bat kritikan itxita geratzekoa. Udala denon etxea da eta udal aurrekontua denon potoa. Guk helarazi nahi diogu herritarrari badituela bideak informazioa jasotzeko, ekarpenak egiteko, kexak jartzeko…

Egia da martxan jarri ditugun prozesuetan herritarrek parte hartu dutela eta beren ekarpena egin dutela. Ez da sekulako parte-hartzea izaten, gai horietan interesa duen jendea gerturatzen da batez ere. Udalaren zeregina da herritarrengana iristea, gai horietan zeresana dutenen hitza entzutea, parte hartzeko baliabideak eskaintzea…

Sagardoetxearen inguruko herri galdeketa izango da otsailaren 6an. Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Sagardoetxearena aspalditik datorren gaia da eta guk garbi genuen agintaldi honetan erabaki bat hartu behar genuela. Hausnarketa talde bat antolatu genuen joan den martxoan eta lau saio egin genituen. Saio horietan Sagardoetxearen bidea aztertu zen, diagnostiko bat egin, eta aurrera begira zein norabide hartu daitekeen proposatu.

Sagardoetxeak 15 urte bete ditu eta gabezia eta hutsune batzuk dituela ikusten da. Horri aurre egiteko proposamen bat landu da eta hori da herri galdeketara eramango dena. Gogoeta horretan parte hartu dute herriko eragile desberdinek eta horren ondorioa da mahai gainean jarri den proposamena. Sagardoetxeak 15 urte ditu, baina Astigarragako herriak berrogei urte baino gehiago daramatza sagardogintzaren kultura zabaltzen; lehendabiziko sagardo egunak antolatu ziren, baserriz baserri pieza etnografikoak bildu eta erakusketa bat egin zen, hiztegia jaso zen… honekin esan nahi dut Sagardoetxean gauzatu zela lehendik zetorren lan bat. Eta aurrera begira ere bide hori proposatzen da, ez bakarrik egoitza berri bat, etorkizunera begirako proiektu berritu bat baizik.

Sagardoetxea txiki geratu zela badira urte batzuk, aspalditik datorren kontua da. 2017-2018 urte inguruan kokapen egokiaren inguruko azterketa bat egin zen eta hain zuzen orain proposatzen den kokapen hori bera atera zen, Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean. Sagastia Sagardoetxearen elementu oso garrantzitsua da. Momentu horretan erabakia hartzeko arazo bat zegoen; ez kultur etxe zaharra eta ez inguruko lurrak ez ziren Udalarenak, fundazio batenak baizik. Nahi bat bazegoen, baina ezin zen gauzatu. Duela urtebete pasatxo Udalak akordio bat egin zuen fundazio horrekin eta une honetan kultur etxe zaharra eta inguruko lurrak Udalarenak dira. Orain kokapenari eta proiektuari buruzko gogoeta hori gauzagarria da.

Puntu honetara iritsita, ez zitzaigun egokia iruditzen erabakia udalbatzak hartzea, are gehiago duela hamar urte gatazkatxoa izan zenean gai horren inguruan. Herri galdeketaren proposamenean ez du inon esaten eraikina horrelakoa izango da eta hainbeste diru kostatuko da. Finean, herri galdeketan proposatzen duguna aldez aurreko erabaki bat da, norabide garbi bat hartzeko erabakia. Proposamenari ezetz esateak esan nahi du gaur arte bezala jarraitzea eta baietz esateak, Udalak konpromisoa izango duela norabide horretan lanean hasteko.

Proposamenak jasotzen du egoitza hori lurpean egingo dela, lorategiak herritarrentzako berdegunea izaten jarraituko duela eta Sagardoetxe berriak ez duela kultur etxe zaharraren eraikina erabiliko. Hortik aurrera, proiektua zehaztu gabe dago ezta?

Bai, horrela da. Beste era batera egin genezake; proiektua idatzi, beste erakunde publikoekin lotu eta proposamen zehatza herri galdeketara eraman. Baina horrek guztiak kostu ekonomikoa eta denboran luzatu daitekeen prozedura bat dauka. Lan hori guztia eta kostu hori dena egin eta gero galdeketan herriak ezezkoa ematen badu? Horregatik erabaki genuen aldez aurreko erabaki bat izango dela herri galdeketa. Baiezkoa ateratzen bada, herri galdeketa horretan jasotzen diren baldintzek markatuko dute Udalak segitu beharrekoa bide orria. Ezezkoa ateratzen bada, gutxi-asko orain arteko dinamikarekin jarraituko du Sagardoetxeak.

Zer-nolako giroa sumatzen duzu herritarren artean?

Gai honekin duela hamar bat urte gatazka txiki bat egon zen. Orain ez dut sumatzen gatazka girorik. Jendea gerturatzen da galderak egitera, adibidez, baten bat gerturatu zait galdetuz ea ezezkoa ateratzen bada Sagardoetxea bota egingo duten. Noski ezetz, eta eskuorrian eta galdeketaren inguruko informazioan garbi azaltzen da. Askotan herritarrak zerbait entzuten du, baina ez daki seguru zer den… garrantzitsua da herritarrak ondo informatzea.

Baten batzuek agertu didate beren kezka Sagardoetxe berri batek turismo masifikatua ekar ote dezakeen…

Kezka hori partekatzen al du Udalak?

2019. urtean Sagardoetxeak 12.000 bisitari izan zituen, baina herrian jendeak ez du jendetza etorri den pertzepzioa. Txotx denboraldian larunbatetan jendetza elkartzen da kalean eta horrek bistako inpaktua dauka. Baina astean zehar etortzen diren bisitariek –jubilatuak, ikasleak...– ez dute herrian enbarazu handirik sortzen, beste era bateko turismoa da.

12.000 bisitari urtean.

Bai, eta hor ahalegin handi bat dago, sagardogintzaren inguruko kultura ez dadin bakarrik izan larunbatetako txotx denboraldiko bisita zaratatsu hori. Jendea etor dadila Astigarragara asteburu-pasa; Sagardoetxea bisitatu, sagardoaren ibilbidea egin mendian, lasai bazkaldu... Eskolekin ere lotura interesgarria da, Sagardoetxera bisita egin, mendian bueltaxka, pilotalekura etorri… egun-pasa eder bat egiteko aukera eskaintzen du.

Gipuzkoako museo txikien kasuan –badira noski museo handiagoak–, bisitari gehien dituena da Sagardoetxea.

Udalaren ikuspuntutik, Astigarraga mapan kokatzeko baliabide egokia iruditzen zaizue Sagardoetxea, ezta?

Astigarragak lotura berezia dauka sagardoarekin, marka horrek bere garrantzia dauka. Alor ekonomikoari lotuta ere garrantzitsua da, sagardotegiek jende askori ematen diote lana eta mugimendu ekonomiko hori garrantzitsua da.

Txotx garaiko larunbat zaratatsuak aipatu dituzu. Etiketa horren zama kentzeko ahalegin bat dago, ezta?

Bai, sagardogileak lan garrantzitsua egiten ari dira. Pandemiak ere behartu ditu bide berriak; bazkaltiarrak eserita egotea, sagardoari buruzko azalpenak ematea, bisita gidatuak egitea… Baina ahalegin handi bat dago hor, pandemiaren aurretik datorrena. Horrek jantzi egiten du sagardogintzaren kultura eta bestelako esanahi bat ematen dio.

7.400 biztanle pasatxo dauzka Astigarragak. Tamaina ona al da herri galdeketen bidea ibiltzeko?

Ez zait tamaina txarra iruditzen. Udal modura ahalegin bat egin behar dugu herritarrekin informazio bide egokiak eta eraginkorrak sortzeko. Gaur egunean hainbeste informazio hainbeste tokitatik iristen zaigunez, zaila da jendeak herriko kontuei tartetxo bat eskaintzea, informazio ona jasotzea… gure erronketako bat hori da, herritarrak ondo informatuta egotea eta parte-hartze prozesuetan parte hartzera animatzea.

Otsailaren 6a egun garrantzitsua izango da.

Bai, 16 urtetik gorako astigartar guztiak daude botoa ematera deituak, goizeko 9.00etatik iluntzeko 20.00ak arte, Erribera kulturgunean. Dagoeneko udaletxean bertan ere eman daiteke botoa, idazkaritzan.

Nik nahi nukeena da ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Herri galdeketara eraman dugu gaia garrantzitsua dela iruditzen zaigulako eta herritarren iritzia jaso nahi dugu, hori iruditzen zaigulako bide egokia. Nik dei egiten diet astigartar guztiei botoa ematera.

Eta behin herriaren iritzia jasota, zein izango da hurrengo pausoa?

Emaitzen berri emango dugu hurrengo egunean. Bi aukera daude, baiezkoa edo ezezkoa. Herri galdeketa loteslea da eta Udalari agindu garbia emango dio. Ezezkoa baldin bada, horrek esan nahiko du egoitza berri bat egiteko proiektua albo batean utzi eta dagoenari ahalik ondoen eutsiko diogula, ahalik ondoen kudeatzen jarraituko dugula, daukan dinamikarekin hobekuntzak eginez. Baiezkoa ateratzen baldin bada, Udalak bi gauza egin beharko ditu; batetik Sagardoetxearen proiektua landu eta, bestetik, egoitza berria landu. Horretarako sagardogintzaren sektorearekin eta beste erakunde publikoekin harremanetan jarri beharko du, proiektua idazten eta proiektua finantzatzeko bideak topatzen hasteko.

Herri galdeketen bidea zailagoa da, baina alkate bezala pausaje sendoagoa ematen al dizu bide horrek?

Zalantzarik gabe. Ni eta nirekin udalbatzan daudenak herritarrak gara, tarte baterako Udalean gauden herritarrak. Herritarra naizen aldetik, horrelako erabaki estrategikoetan nire iritzia galdetzea gustatuko litzaidake. Herriari galdetzea beti ona da.

Udal agintari izateko modu bat da eta baita herritar izatekoa ere.

Bai, baina soka bat da. Horrelako herri galdeketak maiz egiten ez diren bitartean, jendeak ez du hartzen herritar parte-hartzaile aktiboaren rol hori, horrek bere lana eskatzen duelako. Errazagoa da kritikan eta kexan geratzea. Baina urrats hori ez ematea ez da herritarraren errua. Zabaldu den kultura politikoa baldin bada ‘lau urtean behin botoa eman ezazu eta gero guk erabakiko dugu erabaki behar den guztia’, herritarrari kendu egiten zaio iritzia emateko lekua. Bi gauzak egin behar dira; lekua eman eta erantzukizuna eskatu. Ez da bide erraza, administratiboki ere bide oso korapilatsua da. Nik uste dut hori ere erraztu egin beharko litzatekeela, parte-hartzearen kultura hori indartzeko.

Batzuetan, hala ere, iruditzen zait herri galdeketen bidea erabiltzen dela batez ere gai gatazkatsuetan eta ez luke horrela izan behar, gatazkarik ez dagoenean ere bide interesgarria da herri baten norabidea erabakitzeko orduan.