INFO

Irteteko eskaintzak jaso arren, Capak eta Nuñezek Athleticen amaituko dute denboraldia

Athleticeko presidente Aitor Elizegik onartu duen bezala, klubak erabaki du bi atzelariek taldean jarraitzea. Nolaskoain eta Morcillo jokalari bezala hazteko utzita joan direla nabarmendu du.

Marcelino Nuñezekin hizketan San Mamesen jokatutako partidan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Neguko merkatuaren itxiera azken uneko berririk gabe igaro da Athleticen. Ander Capak eta Unai Nuñezek taldea uzteko eskaintzak izan dituzte azken egunetan, baina klubak berak denboraldi amaierararte Bilbon jarraitzea erabaki du. Aitor Elizegi presidenteak Radio Euskadin azaldutakoaren arabera, partida asko geratzen dira oraindik jokatzeko eta ez dute taldea ahuldu nahi izan.

Dirudienez, Capak Mallorca, Alaves edo Elche bezalako taldeetara joateko aukera izan du. Eskumako atzelariaren egoera ez da batere samurra Athleticen. Elizegik aipatu ez zuen arren, ez du jokatu aurtengo denboraldian. Kontratua amaitzen zaio ekainaren 30ean eta ez dago luzatzeko adostasunik. Pandemia hasi aurretik klubak urte bat gehiagorako eskaintza egin zion, baina jokalariak berak esan duen bezala, bigarren bat nahi zuen.

Geroztik ez da egoera konpondu eta hasierako hamaikakoan ohikoa izatetik, jokatu gabe egotera igaro da denboraldi honetan. Lekuek, De Marcosek eta udan etorritako Petxarromanek aurre hartu diote Marcelinoren plangintzan. 

Unai Nuñezen egoera guztiz ezberdina da. Erdiko atzelariak Valentzia eta Benfica moduko taldeen interesa piztu du neguko merkatu honetan. Iaz 2025erarte luzatu zuen kontratua eta utzita joatea zen asmoa. Marcelinok ez zuela irteera oztopatuko adierazi zuen, baina klubak atea itxi dio.

Talde zuri-gorria utzi duten jokalariak Jon Morcillo eta Peru Nolaskoain izan dira. Zornotzako ezkertia Valladolidera joan da utzita eta gipuzkoarra, Amorebietara. Elizegik azpimarratu zuen moduan, futbolari gazteak dira eta beren maila onena berreskuratzeko jokatu beharra daukate.

Sancet eta Real Madril

Athleticek atzo jakinarazi zuenez, izena emandako bazkide guztiek San Mamesera joan ahal izango dute ostegunean eta ez da zozketarik egin beharko. 38.787 bazkide apuntatu dira eta oraindik tokia egongo da gazte abono batzuentzat, guztiak ezingo baitira sartu. Gogoratu beharra dago baimendutako gehieneko edukiera %75 dela, 40.000 bat ikusle inguru.

Elizegik gau gogoangarri bat bizitzeko itxaropena daukala adierazi zuen irrati publikoan eta zaleen artean ilusioa nabari duela. Aldi berean, bere kexa agertu zuen partida ostegunean jokatzea erabaki zuelako Espainiako Futbol Federazioak eta Espanyolen aurkako Ligako norgehiagoka astelehenera aldatu delako.

Oihan Sancetek autoarekin Iruñean izandako istripuaz ere mintzatu zen Athleticeko presidentea. Jokalaria eta ingurukoak gaizki pasatzen ari direla esan zuen eta klubak barne araudiarekin aztertuko duela gertatutakoa. Etxeko kontuak lasaitasunez konponduko dituztela esan zuen eta Real Madrilen kontrako kanporaketa prestatzen jokalariak buru-belarri ari direla nabarmendu zuen.