INFO

Langileek eta herritarrek bat egin dute Santiago Ospitaleko Larrialdi zerbitzuaren alde

Bihartik aurrera Santiago Ospitaleko Larrialdi zerbitzuan ez da arreta zuzena eskainiko, arabarrak Txagorritxura joan beharko dira. Langile eta herritarrek bat egin dute egoera honi aurre egiteko gaurko elkarretaratzean, eta borrokan jarraituko dute egunero, 11.30ean izango diren mobilizazioetan.

Gasteizen dagoen Santiago Ospitaleko langileek Osasun Sailaren erabakia salatu dute. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gaurko eguna egun berezia da Santiago Ospitaleko langileentzat, batez ere Larrialdi zerbitzuan lan egiten dutenentzat. Bihartik aurrera ez da arreta zuzena eskainiko Gasteizko erdigunean dagoen ospitale honetako Larrialdietan. Hiriko bizilagunak, Arabako herrietako biztanleak ere bai, Txagorritxun egin duten eraikin berrira joan beharko dira presazko arreta jasotzeko. Santiagon bakarrik tratatuko dituzte anbulantzietan iritsiko diren pazienteak, edota mediku baten agindua bertara joango diren gaixoak.

«Larrialdiak itxiko ez direla diote, baina bihartik aurrera herritarrak ezin izango dira hona etorri. Hori ez bada itxiera bat...», salatu du Manu Rodriguez Santiago Ospitaleko enpresa batzordearen ordezkariak komunikabideen aurrean eguerdian Larrialdietako sarreran egindako elkarretaratzean.

Bertan ohartarazi duenez, Osasun Sailak eta Arabako Erakunde Sanitario Integraturaren Zuzendaritzak hartutako erabakiak ondorio larriak izango ditu langileentzako eta biztanleentzako. Izan ere, bere esanetan, Txagorritxuk ez ditu behar diren baliabideak 340.000 pertsonako biztanleriari arreta emateko. Eta Gasteizen dagoen Etengabeko Arretako Gune bakarrak ere nabarituko du, pazienteen kopurua handituko delako.

Lakuak Santiago Ospitalea desmuntatu nahi duela nabarmendu Rodriguezek; bere ustez larrialdi zerbitzuan hartutako erabakia pauso berri bat da ospitalea ixteko. «Ezin dugu ulertu zergatik dioten larrialdi zerbitzu bakarra behar dugula, eta Etengabeko Arretako Gune bakarra izan behar dugula. Osasun arreta suntsitzen eta zerbitzua pribatizatzen ari dira», adierazi du langileen ordezkariak. Bere iritziz helburuak osasun pribatua indartzea izan beharko luke.

Elkarretaratzeak, egunero 11.30ean

Hori saihesteko borrokan jarraituko dutela iragarri du. Eta elkarretaratzeak otsailean zehar egingo dituztela esan du, egunero, 11.30ean Santiagoko Larrialdietako sarreran. Larrialdi zerbitzua mantentzea eskatzen dute langileek, «kalitatezko arreta emateko behar diren baliabide guztiekin».

Helburu hori lortzeko herritar ugariren babesa dute. Gaurko elkarretaratzean zenbait lagunek hartu dute parte. Haien artean Marisa, Gasteizen hiru ospitale behar direla esan duena. «Oso gaizki iruditzen zait hartu duten erabakia, eta hona etorriko gara protestatzera», adierazi du, bere kasuan Santiagon jasotako arreta ezinbestekoa zela azpimarratuz. Iritzi berbera dute NAIZekin hitz egin dute zenbait herritarrek; guztiek berria ezintasunarekin jaso dute.

Gehienak adinekoak dira, eta batzuek ez dakite Interneten abian jarri dela sinadura bilketa Santiago Ospitaleko Larrialdi zerbitzuaren defentsan. Ia 9.000 lagunek sinatu dute Osasun Publikoa Aurrera ekimenak erroldatu duen eskaera.