INFO

Terrazen aferan Goia «gezurretan» aritu dela salatu du Parte Zaharrean Bizi elkarteak

Behin-behineko terrazak behin betikoak bihurtzeko mozio bat onartu ondoren, Eneko Goia Donostiako alkatea «gezurretan» aritu dela salatu du Parte Zaharrean Bizi elkarteak. Auzoa ostalaritza eta turismoaren menpe gelditu dela dio.

Terrazak Konstituzio plazan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

«Goia alkateak engainatu zituen larrialdi egoeran terrazak handitzeko lanak behin-behineko neurriak izango zirela ziurtatu zuenean», salata du Parte Zaharrean Bizi elkarteak. Izan ere, talde honen arabera, urtarrilaren 27ko plenoan terraza hauek behin betikoak egitearen alde PPk aurkezturiko mozioa EAJ eta PSEren botoekin onartu zutela gogoratu dute.

«Alde Zaharrean aspaldi ezin da lorik egin. Lurzoru publikoa pixkanaka pribatizatzen ari da, eta zerbitzuen eta ekipamenduen murrizketa nabarmena da. Bizilagunoi ezinezkoa egiten zaigu eguneroko bizitza», salatu du Parte Zaharrean Bizi elkarteak.

«Hori gutxi balitz, udal Gobernuak Bretxako Arrandegi eraikinaren eraldaketan mila metro koadroko ostalaritza gune berri bat jartzea erabaki du», gogoratu du.

«EAJk eta PSEk bultzatzen duten politikak tokiko sare sozial, ekonomiko eta kulturala irensten ditu, sare horiek sortzera edo indartzera bideratu beharko liratekeen funts eta baliabide guztiak bestelako interesetara desbideratuz», salatu dute.

«Alde Zaharra ezin da aisialdirako eta turistentzat soilik prestatu. Ez dute inolako konpromiso edo erantzukizunik. ‘Turismoa askatasunaren lekua da’, hori da Donostiako udal Gobernuak hain ondo saltzen duen mezua, Alde Zaharrera nahi dena egitera joan daitekeela zabalduz. Bizilagunentzat, ordea, exodorako gonbidapena iraunkorra da. Auzoa husten ari da», nabarmendu dute.

«Udaleko osoko bilkuraren gehiengoak (EAJ, PSE eta PP) ostalaritzari espazio publikoaren erabilera handiagoa ematea erabaki duenean, kolektiboaren, komunitatearen eta auzoen nagusitasunaren porrota irudikatzen ari da, interes partikularren aurrean», gaineratu dute.

«Ostalarien logika erabat onartzen da. Izan ere, espazio publiko gehiago emateaz gain, botere publikoek 22 milioi euroko konpentsazioa emango diete osasun neurriak direla medio, haien jarduera mugatzeagatik. Neurri horiek herritarrak covidetik babesteko hartu dira. Joko arauak ostalaritzako presio taldeak ezartzen ditu eta, salbuespenik gabe, denak baloiaren atzetik korrika hasten dira, zalantzan jarri gabe», salatu dute