INFO

Egun bat iruditan, apartheidaren Palestinan

Amnesty Internationalek Israelek palestinarren aurka duen sistema «apartheid» gisa definitu du. Tel Aviveko Gobernuak ukatu egiten du eta AI «antisemita» dela dio. Asteartean Jerusalemen hartutako irudiek giza eskubideen aldeko erakundeak arrazoi duela erakusten dute.

Palestinar bat, Fadi Abu Shkhaydam Hamaseko kidearen familia-etxearen teilatuan dauden Israelgo segurtasun-indarrei argazkia egiten. (Hazem BADER | AFP)

2022ko otsailaren lehenean, Amnesty International erakundeak prentsaurrekoa eskaini zuen Jerusalemen. Aurretik HRW Human Rights Watchek egin zuen bezala, bertako sistema «apartheid» gisa izendatu zuen, lehenengo aldiz. Estatuak palestinarren aurka erabiltzen duen sistema gizateriaren aurkako krimena dela esan zuen AIk. Izan ere, palestinarrak «azpiko arraza talde» gisa tratatzen dituzte. Besteak beste, AIk Nazio Batuen Erakundeari arma-blokeoa ezartzeko eskatu zion.

Txostenak 182 orrialde ditu eta bertan sakon azaltzen da beren salaketaren funtsa: «Palestinako lurren eta jabegoen konfiskazio masiboak, legez kanpoko hilketak, nahitaezko lekualdatzeak, zirkulazioaren murrizketak eta Palestinako herritarrei herritartasuna ukatzea, nazioarteko zuzenbidearen arabera, apartheid-aren baliokide den sistema baten elementuak dira».

Agnes Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusia izan zen txostena aurkeztearen arduraduna. Callamardekin batera Ekialde Ertainerako eta Afrika Iparralderako ikerketa eta defentsa buru den Philip Luther eta Orly Noy aktibista izan ziren.

Philip Luther, Agnes Callamard eta Orly Noy, txostenaren aurkezpenean. (Ronaldo SCHEMIDT/AFP)

Ohi duen bezala, Israelgo Gobernuak bere aurkako salaketak errefusatu zituen eta Amnesty International erakundea «antisemita» dela azpimarratu zuen. Txostena gezurretan oinarritzen dela esan zuen.

Egunean bertan France Presse agentziak argitaratu zituen irudien zerrendak, ordea, «apartheid» horren aztarnak erakusten ditu. Israelek disimulurik gabe aldarrikatzen dituen ekintzen bitartez.

Iazko azaroan Israelgo Segurtasun Indarrek Hamaseko kide zen Fadi Abu Shkhaydam hil zuten, tiroketa baten ostean. Hamasek israeldar bat hil zuen ekintza hartan, eta lau zauritu utzi zituen. Hiltzeaz gain, Segurtasun Indar horiek astelehenean Shkhaydam familiaren etxea suntsitu zuten, mendeku gisa.

Hazem Baderrek AFPrentzat egindako argazki erreportajean ekintza honen segida ikus daiteke. Shufat errefuxiatu-esparruan, Jerusalemen bertan, Hamaseko kidea zenaren etxeraino gerturatzen dira. Ehundik gora militar dira, leporaino armatuak. Erakustaldi bat da, mendekuak «eredugarria» izan behar baitu.

Israelgo militarrak, Shkaydam-en familia-etxearen inguruan. (Hazem BADER/AFP)

Palestinarrei egiten dietena erakutsi nahi dute, horretan datzalako ekintzaren indarra, baina prentsa ez dute bereziki gogoko. Armekin herritarren aurka eta argazkilariaren aurka apuntatzen dute.

Segurtasun Indarretako agenteak, armekin argazkilaria destatzen. (Hazem BADER/AFP)

Abu Shkhaydam zenaren emaztea bere etxeko atearen aurrean azaltzen da. Arabiarrez «sartzea debekatuta dago» dioen pintada bat egin dute eta ateari zepoa jarri diote.

Abu Shkhaydam zenaren emaztea, zigilatutako atearen parean. (Hazem BADER/AFP)

Etxe barruan zer dagoen? Txikizioa, besterik ez. Irudian agertzen den bezala utzi duten Shkhaydam sendiaren etxea: suntsituta. Etxea txikitu eta familia kaleratu dute.

Shkhaydam-en familiaren etxean Israelgo soldaduek eragindako sarraskia. (Hazem BADER/AFP)

Auzunean istiluak ere egon ziren, jakina, baina indarren desoreka erakutsi besterik ez zuten egin. David eta Goliath-en kondaira, behin eta berriro errepikatuta.

Auzoko bi gazte, tiratxoekin armei erantzuten. (Hazem BADER/AFP)

Helburua lortu dute eta Shufat errefuxiatu-esparruan dagoen etxea kontrolpean dute Israeldar poliziek. Harrokeria osoz, dozena bat gizon armatu teilatuan daude, azpiko etxean txikizioa eragin ostean.

Etxearen goikaldetik so dira militarrak. (Hazem BADER/AFP)

Mundu osoan bezala, covidak gogor kolpatu du Palestina ere. Hasiera batean Israelgo Estatuak arabiar komunitatearen parte bat txertatzea baztertu zuen. Hori ere, apartheidaren adierazpen gisa uler daiteke. Honela salatu du, adibidez, Hegoafrikako Gobernuak, garapen bidean diren herrialdeek txertoak lortzeko jasan duten bazterkeria salatzerakoan.

Baten batek esango du ez dituela baztertzen arabiarrak izateagatik, baizik eta pobreak izateagatik. Gainontzeko herritarrak babesten dituen bitartean, ordea, palestinarrak etengabe baztertzen ditu Israelek. Atzo, otsailaren 1ean, Palestinako osasungintzako langileek birusaren ondorioz hildako pertsona baten gorpua jaso zuten Nablusen.

Covid-19aren ondorioz hildako pertsona baten gorpua anbulantziara sartzen ari dira hainbat lagun. (Jaafar ASHTIYEH/AFP)

Hau guztia gutxi balitz, Naftali Benet Israelgo lehen ministroak iragarri zuen laser sistema aurreratu bat erabiltzen hasiko dela Gazako eremuan misil eta droneak «gutxi gorabehera urtebetean» harrapatzeko. Helburua da «epe ertain eta luzera» Israel «laser horma batez inguratu» ahal izatea.

Israelgo lehen ministroa, Naftali Benet, urtarrilaren 4ko irudi batean. (Ohad ZWEIGENBERG/AFP)

Irudiei erreparatuz gero, egunero gertatzen ez den ezer ez zen gertatu asteartean Palestinan. Tira, zerbait bai. Behingoz, giza eskubideez arduratzen den nazioarteko erakunde batek han gertatzen denari bere benetako izenaz deitu ziola: apartheida.