Covid ziurtagiriaren eskakizuna ostiral honetan indargabetuko du Lakuak
Auzitegi Nagusiak covid pasaportea luzatzeko aukerari emandako ezezkoaren aurrean, Lakuako Osasun sailburuak hura ezartzeko iragan azaroaren 17an emandako agindua bertan behera utziko duen beste testu bat argitaratuko du EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostiral honetan bertan, otsailaren 4an.
Ostiralean bertan indarrean jarriko den agindu berriaren bidez, 50 lagunetik gorako jatetxeetara eta gaueko aisiarekin lotutako establezimenduetara sartzeko covid ziurtagiriaren eskakizuna indargabetuko da.
Ohar bidez Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez, pandemiaren egungo bilakaera epidemiologikoa eta ospitaleetakoa ikusita, «baina batez ere Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman ondoren covid ziurtagiria eskatzeko guneak zabaltzeari buruzko Lehendakariaren abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuaren indarraldia amaituta, koherentea da aipatutako agindua indarrik gabe uztea».
Kutsatzeak ekiditeko pasaportearen «eraginkortasuna» nahikoa justifikatu ez zuelako hartu zuen epaitegiak erabaki hori, autoak zehazten zuenez.
«Norbanakoaren erantzukizuna»
Edonola ere, agindua bertan behera utzi arren, prebentzio eta autobabes neurrien zuhurtzia, segurtasun eta zorroztasun printzipioak betetzen jarraitzeko beharra berretsi du Osasun Sailak, eta herritarrei lankidetzarako deia egin die berriro, uste baitu «norbanakoaren erantzukizuna lehen mailako bermea» dela kutsatze kasuen hedapena geldiarazteko.
Modu honetan, ostiraletik aurrera ez da beharrezkoa izango covid ziurtagiria eskatzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako establezimenduetan sartzeko, baina indarrean jarraituko du Europako Batasunaren barruan zirkulazio askea eta bidaiak errazteko.