Atzekoz aurrerako «Gattopardoa»
Italiako Errepublikako presidentea hautatzeko Legebiltzarrean bost egunez luzatutako eztabaida eta bozketen ostean, azkenean Sergio Mattarella orain arteko presidenteak jarraituko du Kirinal jauregian. Panorama politikoa nabarmen mugitzen ari da herrialdean.
Beti dago “Gattopardo” bat Italian: «Denak bere horretan jarraitzea nahi badugu, dena aldatzea beharrezkoa da». Hori da “Gattopardismoa”, Giuseppe Tomasi di Lampedusaren “Il Gattopardo” nobela ezagunean idatzita geratu zen moduan. Ikuspegi oso italiarra da, oraindik ere egoera askotara egokitu daitekeena, eta atzekoz aurrera ere irakur daiteke: «Ezer ez aldatzea, dena aldatzeko».
Pasa den larunbatean Italiako Legebiltzarrak Sergio Mattarella Errepublikako presidente karguan berretsi zuen. Aurreko bost egunak eztabaidan eman zituzten alderdiek, presidente berria zehaztu gabe. Mattarella berriz hautatzea izan zen irtenbide errazena azkenerako, Parlamentuan alderdiek ez baitzuten beraien arteko adostasunik lortu beste bide bat hartzeko. Hori horrela, iragan astea, beti bezala, “Belpaese” bat irudikatzeko adibide onena izan zen.
Antzerki lanetan bezala, protagonistak eta antagonistak izan ziren, une komikoak eta tragikoak; batzuek aurpegia eman (eta galdu) zuten, beste batzuk itzalean lanean aritu ziren. Ikusitakoak ikusita, azkenean Sergio Mattarella hautatuko zutela aurreikusteko modukoa zen. Antza, ez da ezer aldatu. Baina, egia esan, giro politikoa ez da orain dela bi astekoa.
Hildakoak eta gaixoak tartean
Lehenengo inflexio puntua bozketen aurretik gertatu zen, Silvio Berlusconi erretiratu zenean. Il Cavaliere, 85 urterekin, eskuindarren hautagai indartsuena zen, baina koalizioan guztiak ez zeuden ados: batik bat Liga Nordeko Matteo Salvini, eta Fratelli d'Italiako Giorgia Meloni. Beste bi liderrak, alegia.
Parlamentari baten heriotza ere izan zen albiste. Urtarrilaren 23an, lehen deialdiaren aurretik, Forza Italiako Vincenzo Fasano zendu zen, minbiziak jota. Ordezkatu egin zuten. Une berean, mezu hunkigarri baten bidez, Berlusconik presidente izateko lasterketa utzi zuen. Gero, Milaneko San Raffaelen, bere etxean, ospitaleratu zuten. Ez dago argi zer gertatu zitzaion, baina jakina da egoera nahiko larrian egon zela zenbait egunez.
San Raffaeletik egunero iristen ziren albisteak kontraesanez beteta zeuden, eta ez soilik Berlusconiren osasunari buruzkoak. Berlusconiren alderdiak, Forza Italiak, 135 boto zituen Legebiltzarrean, eta, beraz, erabakigarri xamarra zen. Noren alde agertuko zen? «Ondo dago. Monza eta futbolari buruz hitz egin dugu». Horixe besterik ez zuen aipatu Paolok, Silvio anaia bisitatu ostean. Monza, nola ez, Berlusconiren egungo futbol kluba da, behin Milan utzita.
«Queenmaker»
Osasun arazoak arazo, ohetik eta Erromarekin telefonoz konektatuta, 85 urteko liderrak koalizioaren buru izaten jarraitu nahi zuen. Salvini eta Meloni, aldiz, ez zeuden ados, eta bakoitzak hautagai bat zuen. Biak kingmaker izan nahi zuten, bozketen giltzarri. Akordiorik gabe, noski. Kingmaker edo, hobe esanda, queenmaker, lehen hautagaiak emakumeak izan ziren-eta. Eta zer-nolakoak! Maria Elisabetta Alberti Casellati, Senatuko presidentea eta Forza Italiako ordezkaria; Elisabetta Belloni, zerbitzu sekretuen arduradun ohia; eta Marta Cartabia, Justizia ministroa. Hiru andre sendo badira ere, hautatuak izango ziren itxaropenik gabe aurkeztu zituzten, egiari zor. Eskuindarren koalizioan tentsioa handia zen, eta, euliak kristalezko kutxa baten barruan moduan, paretaren aurka burukadaka ari ziren behin eta berriro.
Casellati gizajoak, beharbada, bazuen irabazteko esperantzarik, baina 120 boto falta izan zitzaizkion gehiengoa lortu eta hautatua izateko. Hori urtarrilaren 28an gertatu zen, egoera ez aurrera ez atzera zegoenean bost bozketa eta gero. Belloni eta Cartabia ere jokoz kanpo zeuden erabat; haien izenak trenean ikatza sutara botatzen den moduan bota zituzten, soil-soilik denbora irabazteko.
Alderdi Demokratikoak ere hautagai bat zuen: Pier Ferdinando Casini, garai batean Kristau Demokrazian egondako gizona, eta gerora Silvio Berlusconiren koalizioan. Legebiltzarreko presidentea ere izan zen. Bi aldiz ezkondu eta bi aldiz banandu da Casini, eta, ultrakatolikoa dela behin baino gehiagotan esan duenez, apur bat inkoherentea izatea egozten diote askok. «Hainbeste maite du familia... bi dauzkala!», esan ohi da Legebiltzarretik kanpo.
Hala ere, Alderdi Demokratikoak ez zuen indarrik Casini hautatzeko, eta, poliki-poliki, bere izena ezerezean geratzen hasi zen. PierFerdy-k ez zuen protestarik egin, ez zen kexatu. Azken finean, 1983tik dago Parlamentuan...
Txanda pasa... eta anarkia
Txanda pasak aurrera jarraitu zuen eta Bost Izar Mugimenduari tokatu zitzaion hautagaia aurkeztea. Beppe Grilloren alderdian, dena den, «egoera larria da, baina ez serioa», Ennio Flaiano idazle handiak bikainki definitu bezala. Beppe Grillo berak, Twitterren, Elisabetta Belloniren izena bultzatu nahi izan zuen. Asmo nahiko bitxia zen berez: sistemaren aurkako mugimendu populista bat zerbitzu sekretuetako zuzendaria babesten!
Legebiltzarrean, aldiz, Luigi Di Maio Atzerri ministroak bestelako asmoak zituen. Batetik, ez zuen parte hartu Ukrainaren eta Errusiaren arteko krisiko mahai diplomatikoetan, Errepublikako presidentea hautatzea askoz garrantzitsuagoa zela argudiatuta. Parlamentutik kanpo, Giuseppe Conte lehen ministro ohia, Bost Izar Mugimenduaren liderra, bere kabuz ari zen, Di Maio alderdikidearekin ezer kontsultatu barik.
Aldi berean, Legebiltzarrean, anabasa zen nagusi. Ordezkariak anarkian igerian ari ziren, alderdien izenean ia edozein hautagai aurkezteko prest: adibidez, Claudio Lotito Lazio futbol taldeko presidentea, Bruno Vespa telebista aurkezlea, Albano abeslaria (bai, Romina Powerren senarra), Dino Zoff Juventus taldeko eta Italiako selekzioko atezain ohia...
Pentsa, Rocco Siffrediren izena ere agertu zen, kasu horretan botoak baliorik izan ez bazuen ere. Arrazoia ere nahiko absurdoa izan zen: Italiako porno aktore famatuaren benetako izena Rocco Tano da. 505 boto lortu izan balitu, izena behar bezala jarrita, noski, Errepublikako presidentea litzateke jada, 50 urte baino gehiago baititu, italiarra baita eta inoiz ez baitute epaitu.
Mario Draghi irabazle
Mattarellaren izenak amaitu zuen azkenean anabasarekin, nahiz eta sare sozialetan politikari siziliarra mudantza prestatzen ari zela erakustera ere iritsi zen. Ostiral gauean presidente ohiak hainbat boto lortu zituen, baina ez oraindik hautatua izateko behar beste. Hurrengo egunean, txalo artean, garaipena lortu zuen. Beraz, datozen zazpi urteetan Sergio Mattarella berriro ere Kirinal jauregian egongo da, bai behintzat beste kanpo faktoreren bat agertzen ez bada.
Faktore horietako bat Mario Draghi izan daiteke. Italiako lehen ministroa hautagai zerrendan al zegoen? Bai, nahiz eta horrelako zerrendarik ez den existitzen, egia esan. Draghi anbizio handiko pertsona da, eta, batez ere, boteretsua: momentuz Europako indarrek ez dute aldaketarik nahi Italiako Gobernuan. Beraz, SuperMario egungo bere zereginekin konformatu da. Eta ezer egin gabe, nabarmen irabazi du: izan ere, bere izena ez da erre, besteak beste, Casellati edo Casinirekin gertatu den bezala.
Draghi bezala, ezkerra ere pozik dago. Alderdi Demokratikoaren idazkariak, Enrico Lettak, Liga Norte eta Fratelli d'Italiaren kartak agerian utzi ditu; beharbada hasieratik nahi zuen Mattarella berriz hautatzea, baina, badaezpada, beti itzalean jokatu du. Matteo Renzi ere nahiko lasai egon da. Gli ho fatto il cucchiai ("Panenka eran sartu diet gola"), ospatu zuen bere parlamentariekin. Beste ordezkari asko ere alai daude: ez da ezer aldatu, hauteskunde orokorrik ez da egongo 2023ra arte, eta, beraz... biziarteko soldata publikoa ziurtatu dute!
Koalizio eskuindarrean, aldiz, arazoak dituzte. Izan ere, ez dute lider garbirik. Oraintxe bertan boto gehien dituen alderdia Giorgia Meloniren Fratelli d'Italia ultraeskuindarra da, baina uneotan ez dago Draghiren Gobernuan. Matteo Salvinik koalizioaren buru izan nahi du. Dena den, agian jada ez da Liga Norderen liderra izango. Eta Berlusconi? Gaixorik, nekatuta eta ia jokoz kanpo dago. Hori bai, Mattarellaren hautaketa ona da bere interesentzat. Berlusconik sekulako aukera zuen, baina porrot egin du: Forza Italia, bere alderdia, “Forza Draghi” bat bihurtu da.
2023. urteari begira
Ez da ezer aldatu, antza, baina ikusitako zirkuak hausnarketa batzuk eragin ditu. Errepublikako presidentea hautatzeko modua agian aldatu egin beharko litzateke, baita Konstituzioa ere. Frantziako presidentzialismoa aspaldiko ametsa da Italian, baina ez da erraz gauzatuko.
Bien bitartean, datorren urteko hauteskunde orokorrak bereziki garrantzitsuak izango direla argi dute guztiek. Lehenik eta behin, aterako den Parlamentuan 600 ordezkari egongo direlako, gaur egun baino 315 gutxiago. Egungo joerak mantentzen badira, oso konposizio desberdina izango du Legebiltzarrak.
Mattarellaren aukeraketa aurreikustekoa zen. Alderdiek indarrak neurtu dituzte, baina ia txantxa moduan. «Kristau-demokratak beti berdin jokatzen dute», salatu zuen Pietrangelo Buttafuoco idazle siziliarrak: «esaten dutenaren kontrakoa egiten dute beti». Mattarella bera ere Kristau Demokraziatik dator, nahiz eta egun Alderdi Demokratikoan egon. 86 urte ditu Errepublikako presidenteak eta 93 urterekin utzi beharko luke kargua ondo bidean.
Errelebo bat ikusiko ote dugu, behin egungo emergentzia egoera amaitu ondoren? Momentuz, koronabirusa dela eta, Draghik lehen ministro postuan jarraitzea komeni da. Baina noiz arte? Auskalo. Mattarellak dimisioa eman dezake edozein unetan, baina, Giorgio Napolitano bezala, bigarren aldiz hautatu dute presidente gisa oraingoz.
Ziur aski Mario Montiren akatsa izan da alderdi bat sortu eta horrekin porrot egitea. Draghi oztopatu nahi izan du, baina, lehen ministro kargua utzi eta gero, bankari ohiaren etorkizuna Kirinal jauregian dago, behin hori ahalbidetzeko arauak aldatzen direnean.
Azken egunotan politikak galdu duela idatzi da. Egia esan, ez da ezer aldatu, Italiako laborategia berriro berpiztu bada ere. Sergio Mattarella izatez siziliarra da, Giuseppe Tomasi di Lampedusak asmatu zituen betiereko pertsonaiak bezala.